Izurdeen aurreko bizitza
Izurdeen aurreko bizitza
2021, nobela
320 orrialde
978-84-17051-81-5
Azala: Unai Mateo
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
 

 

20

 

 

2019ko ekainaren 28an genuen itzulera hegaldia. Etxera deitu eta izeko lasai zegoela esaten ziguten. Manolita, haren lagun handia, egunero joaten zitzaiola eta gustura egoten zirela elkarrekin, hizketan haurtzaroaz, gaztaroko borrokez, bidaiez... Hitz egiteari utzi zionean lagunak bakarrik egiten omen zion berba, eta berak entzun.

      Hegaldia hartu aurreko bezperan, Nora eta umeekin joan ginen Riverside parkera. Han badago muinotxo bat, autobidearen alboan. Automobilen abarrotsa entzuten zen atzean, baina miragarriki, zelaitxo erabat hiritar hartan, ipurtargiak ikusi genituen, hainbat eta hainbat ipurtargi. Umeek eskuetan hartzen zituzten eta argi egiten zuten haien esku-ahur txikietan. Euskal Herrian ia ezinezkoa zen hura bizitzea. Ez dira ikusten ipurtargiak. Eta han, New Yorken, milioika biztanle dituen hirian, autobidearen alboan, hantxe zeuden, beraien argizko sinfoniak interpretatzen.

      Bikote nagusi bat gehitu zitzaigun. Gizonak esan zigun italieraz “lucciola” deitzen direla. Eta kantari hasi zen italieraz umeentzako lo-kanta bat.

 

            Lucciola lucciola vien da me:

            che ti darς il pan del re,

            pan del re e della regina.

            Lucciola, lucciola, vien vicina.

 

      Eta orduan, gizon haren ahots fina kantari entzutean eta umeak ipurtargiak eskuetan pozarren zeudela, orduan, barruan zerbaitek esan zidan izeko Bego hil egin zela.