Izurdeen aurreko bizitza
Izurdeen aurreko bizitza
2021, nobela
320 orrialde
978-84-17051-81-5
Azala: Unai Mateo
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
 

 

18

 

 

Thomasek “zurea daukat” idatzi zidan posta elektronikoz. “Nirea?”, ez nion ulertzen. “Bideoa, Edithen bideoa, ailegatu da, ikusi nahi duzu? Zatoz bihar 10etan, biok batera behatuko dugu”.

      — Ikaragarria da. Ez duzu sinetsiko. Bere memorialaren bideoa da. Hil eta gero omenaldia egin zioten liburutegian eta hura ezagutu zutenek hitz egiten dute berari buruz, bakoitzak bere ikuspegitik.

      Ze ona, pentsatu nuen, hileta bat. William Faulknerren eleberriaz gogoratu nintzen, non hamabost lagunek zerraldoari buruz berba egiten duten, bakoitzak bere bizipenak emanez.

      Telebista zahar baten aurrean eseri ginen.

      — Eta traste hau, ba al dabil?

      — Ez egin bromarik. Artxibategi batean tresna guztiak izan behar dituzu. Berrienak, eta zaharrak ere bai, zer gerta ere.

      vhs zintaren estalkian, “Edith Wynner’s memorial, 08-13-2003” irakur zitekeen.

      — Artxiboak gutxika ari dira digitalizatzen —argitu zidan Thomasek—. Zorionez, telebista zahar hau daukagu, bideo-aparatu batekin. Nola funtzionatzen duen gogoratzea espero dut... —eta botoiei ematen hasi zen—. Elkarrekin ikusiko dugu, bestela ez duzu jakingo nor den nor.

      Udako egun bero eta heze batean, liburutegi publikoko The Sue and Edgar Wachenheim iii Trustees Room izeneko aretoan bildu ziren Edith Wynnerren lagunak. Luxuzko gela bat da, marmolez, egur ilunez eta tapizez apaindua, eskultura klasikoekin bukatutako tximinia dotore batekin. Neure buruari galdetu nion zer pentsatuko ote zuen Edithek, arranditsuegia irudituko zitzaion hileta han egitea, zarata handiegia beti oharkabean pasatzen saiatu zen emakume batentzat.

      Thomasek kontatzen zidanaren arabera, ekitaldia Lloyd familiak antolatu zuen. Hartara, bideoan hitza hartzen lehena Lloyd familiako kide bat izan zen, Robin Lloyd, Lola Maverick Lloyden iloba, hain zuzen, emakume heldua baina liraina oraindik, ile zuriz eta begi urdin biziz, Edithen omenera zetozen guztiei ongi etorria ematen ziena.

      Irudietan, bertaratutako bakoitzak bere izena esaten du eta Edith nola ezagutu zuen azaltzen. Emakume heldu bat da hitza hartzen lehena, adats eta begi ilunekoa, Carol Teitelbaum, Thomasen arabera.

      “Adoptatutako ume bat nintzen, eta, hil baino lehentxeago, amak opari bat egin zidan. Nire ama biologikoa nor zen argitu zidan. Hauxe esan zidana: zure ama nor izan zen jakin nahi baduzu, Edith Wynner izeneko emakume batekin hitz egin behar duzu. Hura da zure familia biologikoari buruz gehien dakien pertsona. New Yorken bizi da”.

      Carolek New Yorkeko telefono zerrendan bilatu zituen Wynnerren izenean zeuden zenbakiak. E. Wynner izeneko batena aurkitu zuen. Deitu zuen, baina ez zuten erantzun. Berriro deitu zuen. Deus ez. Arratsalde batean, ia gauez, norbaitek telefonoa hartu zion azkenean. Edith zen. “A! Carol zara, ez zaitut ikusi mantuko umea zinenetik. Gustura hitz egingo dut zurekin”. Horixe esan zion, horrenbeste urte eta gero.

      — Baina zer da hau? —esan nion Thomasi hunkiturik—. Nobela baterako hasiera perfektua. Edozein idazlek nahiko luke horrelako hasiera bat izan.

      — Bada, orain badakizu nola hasi liburua.

      — Nola sentituko ote zen Carol? Zure ama hiltzera doa eta bat-batean bizitza batetik beste batera egiten duzu jauzi. Ama bat izatetik beste bat izatera. Unibertso paralelo batera igaroko bazina bezala. Egun batetik bestera jakin zuen Rosika Schwimmerren ilobaren alaba zela. Zenbat galdera sortuko zitzaion, nor izango zen Rosika Schwimmer hura, zergatik ezin izan ninduten hazi beraiekin...

      — Jarraituko dugu ikusten —eta play botoiari eman zion berriz.

      Carol izeneko emakume haren alaba Helenek hartu zuen hitza gero. Helenentzat, Edith izeba-amona moduko bat izan zen. Central Parkeko bere apartamentu txikian bisitatzea gustatzen zitzaion, eta iraganari buruz hitz egiten zuen berarekin. Helenek gehiago jakin nahi zuen beti. Jakin-minak Europan zehar bidaiatzera eraman zuen, eta bere begiekin ikusi zituen Rosika eta Edithen sorterriak. Budapest, Timisoara eta Subotikan egon zen. Hasieran, Edithekin zituen elkarrizketak schwimmertarrei buruzkoak ziren. Edithek ez zuen gogoko bere buruaz hitz egitea. Baina, Helenek bideoan kontatzen duenez, “bizitzaren amaieran bere haurtzaroaz hitz egiten hasi zen, oso haurtzaro gogorra betiere. Horrexegatik ez zuen aurretik hitz egin nahi izan”.

      Eta ez bakarrik haurtzaroa. Geroago etorri zena ere ez zen batere erraza izan. Bigarren Mundu Gerran, Edithek Europan zuen familia ia osoa hil zuten naziek. Lehengusu batek bakarrik iraun zuen bizirik. Edithen ama ere gerran hil zen, mojen egoitza batean. Haietako batek, naziak herrira hurbiltzen ari zirela ikustean, zianuro dosi bat eman zion zaintzen zuen agure bakoitzari.

      Edithek ama bisitatu zuen gerra aurretik. Aitarekin Ameriketara joan zenetik ez zuen ikusten. Ez zen oso emakume maitagarria izango. Ikusi zuenean, urte askoren ondoren, honela esan zion alabari: “Ez zait zure soinekoa gustatzen. Moris berdea dirudizu”. Besterik ez. Ez egunonik, ez agurrik, ezer ere ez, iruzkin hori bakarrik.

      Zinta gelditu nuen.

      — Zer da “moris” berde hori? —galdetu nion Thomasi—. “Moris”, “morise” edo “morish”, nola idazten dela uste duzu?

      Birbobinatu eta lauzpabost aldiz entzun genuen pasartea. Hitzari buruz galdetu nion berriro. Kopeta zimurtu zuen.

      — Moorish-a izan al daiteke? —galdetu nion Thomasi—. Badakit horrelako azuleju mota bat dagoela.

      — Ez dut uste —erantzun zidan.

      — Zatoz nirekin, goazen beheko solairura. Hebrear ikasketen sailean sartuko gara.

      Oso arretatsua zen neska gazte batek artatu gintuen han. Baina “moris” hitza ez zitzaion ezaguna egiten. “Ez da hitz bat hebreeraz eta ezta yiddishez ere. Itxaron. Hungariar hiztegian begiratuko dut”, esan zigun. Baina ez. Ez genuen zorterik izan. Ez zen hungarierazko hitz bat ere.

      — Sentitzen dut —esan zidan Thomasek—, lanera itzuli behar dut. Bihar jarraituko dugu?

      Bideo-zintan ikusitakoaz apunteak ordenatzen jarri nintzen artxibategiko mahaietako batean. Handik gutxira, Thomasek bere bulegora hurbiltzeko keinua egin eta ordenagailuaren aurrean esertzeko agindu zidan. “Idatzi Morris bilatzailean, erre bikoitzarekin, eta ea zer ateratzen den”. Halaxe egin nuen. Auto baten irudia atera zen.

      — Zer da hau?

      — Auto bat, Morris markakoa —esan zidan Thomasek—. 30eko hamarkadan oso ezaguna zen auto mota bat.

      Autoa berde oliba zen eta oso forma biribila zuen, eta lohi-babesak oso irtenak.

      — Bere amak lodi zegoela esan nahi zion —esan zidan Thomasek, bekainak jasoaz.

      Ez zen egia Edith lodia zenik. Garaiko argazkietan bikain ikusten da, oso ederra zen. Zergatik hartu zuen horrela hainbeste urteren ondoren? Amaren esan hark oso gaizki sentiaraziko zuen. Neure buruari galdetzen diot zertaz hitz egingo zuten arratsalde hartan, nola jarraitu zuen lehen topaketa hark, bideratu ahal izan bazuten. Amak nolabait aurpegiratzen zion Eslovakiako bazter galdu hartan bakarrik utzi izana. Bazekien ez zela alabaren errua, bazekien alde egin behar izan zuela Chicagora, aitak hala eskatu ziolako, baina ezin zuen jasan. Alabarengandik urrun egotea oso gogorra egingo zitzaion, eta bere ezintasunean komentario itsusi hori egin zion. Hogei urteko alaba auto batekin konparatzea. Amak, funtsean, besarkatu egin nahi zuen, haren ondoan negar egin, esan oso eder zegoela, faltan botatzen zuela, biziki maite zuela, hura izatea izan zela, zalantzarik gabe, bizitzan gertatu zitzaion gauzarik onena. Baina ez zuen egin. Bere lehen erreakzioa min ematea izan zen, alabari, bere alaba maitagarri bakarrari: mespretxua.

      Ez. Ez dakit zertaz hitz egingo zuten lehen enkontru hura eta gero. Irudikatzen dut Edithek kontatu nahi izango ziola New Yorkeko bizimoduaz, Rosikarekin batera ikasitako guztiaz. Eta ez dakit ere agur esateko unean berriro elkar ikusiko ez zutela susmatzen ote zuten.

      Chicagon, neskato bat zenean eta gurasoei buruz galdetzen ziotenean, Edithek erantzuten zuen: “Ez dut gurasorik. Trafiko istripu batean hil ziren biak”. Gurasoak istripu tragiko batean hil zirela asmatu zuen, eta anaia ere orduan hil zela, gurasoekin batera. Denak zeuden hilda. “Eta zure bila datorren gizona, nor da?” galdetzen ziotenean eskolan, erantzuten zuen osaba bat zela.

      Aitak sekula ez zuen pentsatuko alabak ikaskideei esaten ziela ez zuela gurasorik, hilda zegoela. Pentsatuko zuen kontrakoa. Harro zegoela berataz. Eskertua Estatu Batuetara eraman zuelako eta hasi ahal izan zuelako bizimodu berri bat Chicagon, Europa ero hartatik urrun.

      Pentsatu nuen, neure bostean, ze desberdinak izan ziren Rosikaren eta Edithen haurtzaroak. Rosikak umezaro zoriontsua izan zuen, Edithek ez. Edo agian, liburua idazten ari zenean, berak izan ez zuen haurtzaroa ari zen irudikatzen Edith, ikusten zuen soilik alde baikorra. Menturaz zuzen zebilen Thomas esaten zuenean Edithek bere erara kontatzen zuela Rosikaren bizitza, hura edertuz, zuloak eta arrangurak estaliz.

 

 

Hurrengo egunean, zinta ikusten jarraitu genuen Thomasek eta biok.

      Irudietan Robin Lloyd agertu zen berriz. “Entzun dezagun Edithek berak zer kontatzen digun”. Robinek zinta bat jarri zuen Edithen ahotsarekin. Estonagarria zen, Edith bere buruaren hiletara joan zela zirudien. Bere arima leku hartatik hegan ariko balitz bezala, bertaratutakoek esaten zutena ikuskatuz. Zintan bizitasuna azaltzen du Edithek, ahots indartsuarekin eta umore handiz ageri da. Eta, jakina, bere lagun Rosikaz hitz egiten du: “Hiru gauza esango nituzke berari buruz. Lehenik eta behin, oso baikorra zela. Ezagutu dudan pertsonarik baikorrena. Bigarrenik, dohain bat zuela. Berari interesatzen zitzaizkion gauzekin besteak zaletzeko dohaina, berdintasunarekin edo bakearekin. Oso ona zen horretan. Eta hirugarrenik, bizitzan den-dena interesatzen zitzaion. Edozerk deitzen zion atentzioa. Gai guztiei buruz jakin nahi zuen gehiago”. Abisu bat emanez bukatu zuen bere grabazioa Edithek: “Ez ukitu Rosika”.

      Hunkituta ikusten ziren hurreratutakoak. Robinek hartu zuen hitza berriz.

      — Ez ukitu Rosika. Zenbat maite zuen...

      — Halaxe da —iruzkindu zuen Carolek—, ez zuen Rosikaren aurkako kritika txikiena ere onartzen. Oso fidela zen.

      Liburutegiko lankide ohi batek hartu zuen hitza gero.

      — Hau Richard Salvato da —argitu zidan Thomasek—. Oso liburuzain fina. Sozialista zen eta liburutegiak eman zion babesa eta lana. Oso pertsona ona zen.

      — Edithek lan egiteko ikaragarrizko gaitasuna zuen. Datuak, gutunak, hori dena antolatzea ez zen erraza izan. Arreta handiz zaintzen zuen bilduma, ez zuen inork ukitzerik nahi, estalinista erabatekoa zen horretan.

      Barre egin zuten denek.

      — Bildumaren ideia —jarraitu zuen Robinek— gure amonak eta Rosikak izan zuten, azken hau hil baino gutxi lehenago. Lola eta Rosika lagun minak izan ziren elkar ezagutu zutenetik. Lola izan zen Rosikaren sostengurik handiena urterik zailenetan. 20ko hamarkadan erabat baztertua egon zen Rosika eta Lola beti egon zen haren alboan. Dena esan behar badut, haserretu ere egin ziren. Eskerrak 1947an, Rosika hil baino urtebete lehenago, adiskidetu ziren.

      — Zenbat gauza bizi izan zituzten elkarrekin —Richardek.

      — Tira, badaude X agiriak ere —gehitu zuen Robinek—. Bake-ontziari buruzkoak. Horiek noizbait jakingo dira, baina oraingoz isilduko ditut...

      Gizon batek hartu zuen hitza gero.

      — Garry Davis bakezalearen semea da hori —Thomasek.

      — Aitak esaten zidan —azaldu zuen gizonak—, Rosika eta Lola benetan handiak izan zirela. Gauza bat argi izan behar dugu: emakumeak ziren hemen bakezaleak. Militarismoaren abolizioa eskatzen zutenak emakumeak ziren. Berdintasuna bakezaletasunarekin lotzen zutenak emakumeak ziren. Nik ezagutu nuenean oroimena galtzen hasia zen Edith dagoeneko, gauzak errepikatzen zituen. Einsteini buruz hitz egin zidan askotan, Rosikak harekin zuen adiskidetasunari buruz. Ikaragarria zen Edith, memoria handikoa. Alzheimerra iritsi zitzaionean argazkiak ateratzen hasi zen, gauzez gogoratzeko.

      — Gauza guztien kopia ateratzen zuen —atera zitzaion Caroli.

      — Halaxe da —argitu zuen Robinek—, gauza guztien kopia. Orain grabatzen ari garen bideo-zinta ere nahiko zuen gorde, seguru —barre egin zuten denek.

      Eta horrela eman zuen bukatutzat hitzordua Robinek, irribarrea ahoan, hurbildu zirenei eskerrak emanda.

      Edith Wynnerren memoriala 2003ko abuztuaren 13an izan zen. Biharamunean, berrogeita hamar milioi pertsona argirik gabe geratu ziren New Yorken eta ekialdeko kostalde osoan. Inoizko itzalaldirik handiena izan zen.

      — Bi eguneko iluntasunak jarraitu zion Edithen heriotzari —esan zidan Thomasek.