5
Umeei gustatzen zaie beraien burua gordetzea, lur azpian ezkutatzen dira edo, bestela, zuhaitzetara igota gozatzen dute. Baina ez dute hemen egon nahi, gure munduan, mundu errealean. Nahiago dituzte irudimenezkoak, maite dute desberdintasuna. Denborarekin tasun horiek guztiak galduz joaten gara, bihurtzen gara lurrari lotuago, estatikoago, aspergarriago. Eta alegiazko munduekin amets egiteko dohain hori galtzen denean, orduan, esango nuke hiltzen hasten garela. Nire haurtzaroan, Etxe Urdina zen umeon ametsen antzeztokirik preziatuena. Denek ezagutzen zuten herrian. Ibaiaren gainean eraikita zegoen, bazirudien ez zela herriko parte. Gerra aurretik eraiki zuten antzinako arrain kofradia. Etxe esekia zen, eta haurrak etxabeen artean jolasten ginen. Hura zen gure gordelekua. Leku ilun eta zikin bat, ezkutaleku guztiak bezalakoa.
Itsasbehera zenean bakarrik sar gintezkeen gordelekura. Urak jaisten zirenean, esploratu gabeko lekuak agertzen ziren, kontinenterik ederrena sortzen zen, bere altxor eta animaliekin. Eskailera batzuetatik sartzen zen bertara. Egia esan, eskailerak arrantzaleak bateletara sartzeko eginak ziren, alde banatan. Baina guretzat jauregi handi bateko harmaila ziren. Gure jauregi partikularrak lokatzezkoa zuen zorua, kolore eta egitura ezberdineko harribitxiz egina zen, halako mosaiko inprobisatu bat. Ibai-harriak izaten ziren gehienak, baina itsasoak biribildutako kristalak esmeraldak ziren, eta errubiak adreilu gorri pusketak, eta perlak portzelanazko baldosen hondarrak.
Jakina, animalien bizilekua zen hura, haiekin partekatzen genuen jauregia. Mota guztietako intsektuak eta ugaztunak bizi ziren han, baita uretako hegaztiak ere. Ur-kakalardoak oso enigmatikoak ziren, harrizko hormetan gora zetozen beraien armadura erromatarrekin. Eta, nola ez, arratoiak zeuden, baina beldurtu egiten ziren gurekin. Umeak anfibioak ginen, uraren ertzean beti. Marea igotzen zenean, dena desagertzen zen ur azpian, altxorraren kutxa itxiko balitz bezala. Eta ordu horietan dena garbitzen zen, eta hurrengo egunerako zerbait berria uzten zigun opari, objektu berriren bat, beti.
Hala ere, leku horrek bazuen alde ilun bat. Behin, marea behean zela, gizon bat jaitsi omen zen eskaileretan behera maleta handi batekin. Esan zuten ume bat sartu zuela maleta barruan eta bahitu nahi izan zuela.
Norak, erosketak egitera etxetik atera eta Amsterdam etorbidean zehar 77. kalean eskolako patio ondotik igaro zenean, azaroaren hasieran, bakarrik ikusi zuen Unai. Banku batean zegoen, bere buruarekin hizketan.
Burdinazko hesiaren beste aldetik deitu zion.
— Ondo al zaude?
Umea negarrez hasi zen.
— Zer duzu, Unai?
— Ezer ez, ama. Buruko min pixka bat. Beti bezala. Baina erizainak esan dit ez dela ezer.
Jolasten ari ziren umeei begiratu zien une batez Norak. Eta pentsatu zuen buruko mina baino bihotzekoa zuela, areago.
— Ez zara lagunekin jolasten?
— Ez dute nahi.
Zaindari bat hurreratu zitzaien eta elkarrizketa moztu zien.
— Ezin duzu umearekin hitz egin, debekatua dago.
— Baina bere ama naiz.
— Eta nik nola jakingo dut nor zaren —zaindaria serio jarri zen—. Dena dela, eskolako umeekin ezin da hitz egin.
— Ama izanda ere ez?
— Eskola orduetan, hobeto ez.
Unai Norari begira geratu zen.
— Ama, joan zait mina, zoaz lasai.
35. kutxak, non Rosikaren haurtzaroaz hitz egiten duen Edith Wynnerrek, nire arreta guztia hartu zuen liburutegian igaro nituen hasierako asteetan, erakargarria baitzen oso idazlearen estilo literarioa, eta, batez ere, jakitea nola igaro zituen nerabetasunetik gaztarorako urte haiek Rosikak, hain garrantzitsuak edozeinen bizitzan. Umezaroa bukatuz zihoan, zoriona eta xalotasuna desagertuz, eta bizitzaren lehen ziztadak agertzen. Timisoarako mundua, zaldiena, enbaxadore turkiarrena, fruta-arbolak zaindu eta loratzen ikustearena, garai hori dena, goizetik gauera marguldu zen.
Rosikak hamabi urte zituela, aita haserretu egin zen bere anaiekin eta Timisoarako etxaldea utzi behar izan zuen. Subotika aldera joan ziren bizitzera, errepidez 160 kilometrora zegoen hirira, lanerako aukera berrien bila. Hala Timisoara nola Subotika bi-biak ziren garai hartan Hungariako parte, nahiz eta gaur egun bata Errumanian dagoen eta bestea Serbian, Lehen Mundu Gerraren osteko mugen aldaketaren ondorioz. Europa erdialdea nabarra zen garai hartan hizkuntzei dagokienez, hiri berean hiruzpalau hiztun komunitate zeuden eta, gaur egunean ere, bi lekuotan hungarieraz hitz egiten jarraitzen da, iraganaren hondarrak baiki, hizkuntzek ez dakite mugen berri, igaro egiten dituzte gainetik, txoriak edo hodeiak bailiran.
Behin Subotikan, neba-arrebek ikasketekin jarraitu zuten. Bi neskek pianoa estudiatu, eta kontzertuak ematen hasi ziren lau eskutara. Edithek gorde zuen esku-paper batean iragartzen da nola bi ahizpek Verdiren Rigoletto-ren pasarteak joko dituzten. Itxura guztien arabera, Rosika ez zen ikasle ona izan. Interesatzen zitzaizkion gaietan bikaina zen zalantzarik gabe, baina beste gauzetan ez zuen arretarik jartzen. Irakasleak, larrituta, esan zion amari alabak jarrera aldatu behar zuela nahi eta nahi ez. Amak zergatia galdetu zionean, irakasleak desatsegin azaldu zion Historiako azterketan erantzun guztietan “ez dakit” jarri zuela, lotsagabe. Amak kontuak eskatu zizkion Rosikari etxean. Hark argitu zion berak ezin zituela errege-erreginen izenak eta datak gogoan hartu.
Amaren kezka handitu baino ez zen egin, jakin bazekien eta, orduan, xix. mendearen azken hamarkadan, neska batentzat unibertsitate ikasketak izateko aukera bakarra Magisteritza estudiatzea zela, gainontzeko karrerak mutilentzat baitziren. Eta amak nahi zuen seme-alabek unibertsitate ikasketak izatea, alabek batez ere, ez izatea etxekoandre soilik, bera zen bezala. Baina Rosika Historia gainditzeko gai ez bazen, nola bideratuko zuen alaba maistra izateko estudiatzera.
Etxean bertan aurkitu zuen irtenbidea, sarritan gertatzen den legez. Rosikak bazuen izeba gazte bat, amaren ahizpa, emakume bizkorra, ekimen handikoa eta ezaguna Timisoara osoan. Bere kabuz bizi zen, panpinak egiten zituen eta haientzako soinekoak, eta saldu egiten zituen. Izeba etxera bisitan joatea sekulako gertakaria izaten zen Rosika eta Franciskarentzat, haren zain egoten ziren, emozioz beteta, bazetorrela jakiten zuten bakoitzean. Izan ere, panpinak ekartzen zizkien opari, nahiz eta amari txepelkeria iruditu, umeak helduen gisa tratatu behar zirela uste baitzuen. Baina izebak ilobei panpinak erregalatzen jarraitzen zuen, eta maiz jolasten ere bai, ahizparen iritziei jaramon egin gabe, ezkutuan. Horregatik zuten hain maitea.
Eta izeba gazte horrek, ikusita Rosika ez zihoala bide onetik ikasketetan, ideia bat izan zuen, asmazio zoro eta ausarta, eskola komertzialean matrikulatzea iloba. Zenbakiekin trebea bazen, zergatik ez ahalegindu.
Izeba ez zen erraz amore ematen duten horietakoa eta, ahizpa nagusia konbentzitu ostean, gauza bera egitea otu zitzaion eskola komertzialeko zuzendariarekin, zeina ezaguna baitzuen, jolas-dendako bezero gisa.
— Ez zaizu damutuko, nire iloba ikasle bikaina da.
— Benetan estimatzen zaitudalako zaude bulego honetan. Baina eskatzen didazuna gehiegizkoa da.
— Tira, egin ezazu salbuespen bat. Garaiak aldatuz doaz.
Zuzendaria pentsakor jarri zen.
— Gaueko txandan etorriko balitz agian...
— Ideia bikaina!
— Baina gauza bakar bat eskatu nahi dizut: ez egin berri bat honekin guztiarekin. Ez dut nahi nire eskolak egunkarietan irteterik.
Nahiz eta egunkarietan ez atera, berria handia zen berez. Timisoarako eskola komertzialean emakume ikasle bat onartu zuten lehen aldiz. Merkataritza ikasketen diploma jaso eta berehala lortu zuen lana. Dendari batzuek norbait behar zuten kontuak eramateko. Rosikaren aldartea nolakoa zen azaltzen duen pasarte bat idatzi zuen Edithek. Goiz batean, kontu-liburuak nola daramatzan galdetu dio Rosikari nagusiak. “Ez dut kexarik. Baina badut zalantza bat”. Kontu-liburu bat erdi-erditik zabaldu eta nagusiari erakutsi dio. “Uste duzu liburu hauek irakurriz eleberrigile bihurtuko naizela? Irudimena falta zaidala uste dut?”. Nagusia barrez lehertzen hasi zen, ezen zenbakiak baino ez zeuden liburuan.
Rosika izan zen garai hartan familiaren sostengu ekonomiko nagusia, harik eta Franciska, ahizpa, kontserbatorioko ikasketak amaitu eta piano kontzertuak ematen hasi zen arte. Ez ziren bi ahizpak izan lanean aritu ziren bakarrak, amak pertsona adinduak zaintzen zituen aldiro, eta hortik ere ateratzen zuten zerbait baina, hau kontuan hartzekoa da, inork ez zuen ogibide finkorik.
Aitak ez zuen gehiago lanik egin. Budapesten hil zen, urte batzuk geroago. Zaldirik gabe, eta hiri handi baten erdian, ez zuen bere burua aurkitzen. Goizero ur hotzetan bainatzeko ohitura zuen. Esaten zuen ona zela bere ezinegona lasaitzeko. Nahiz eta Budapesteko negu gorrian ur hotzetan bainatzeak ez zirudien ideiarik onena.
Hotzeriak jota hil zen.
Rosikaren haurtzaroaren kontakizuna azken xehetasun batekin osatu nahian edo, Edithek atal hari insert edo txerto bat gehitu zion zinta itsasgarriz, haren ideia antimilitaristak nondik zetozen ulertzeko ezinbesteko oharra, txikitan jasotzen ditugun eraginek markatzen baitute nolakoak izango garen etorkizunean. Rosikak bazuen osaba berezi bat, xarma handikoa, erabat ez konbentzionala. Hungariako Elkarte Bakezalea sortu zuen gaztetan lagun batzuekin batera eta ilobekin ere partekatzen zituen kezka horiek, hura ikusten zuten aldi bakanetan. Nolanahi ere, ilobekin gutxitan egon arren, bazuen harreman estua, eskutitzen bitartez sendotzen ahalegintzen zena. Osaba bidaiaria zen oso, munduan zehar ibiltzen zen, eta zegoen tokitik idazten zien ilobei.
Londresen bizi zen garaian, xix. mendeko 80ko hamarkadan, ehunka postal bidali zizkien Timisoarako etxera. Postala jasotzea jai baten antzekoa zen umeentzat, irrikaz egoten ziren osabak nondik idatziko, haren letrek zer kontatuko. Baina irakurriarekin soilik ez ziren lanak bukatzen, osabak nahi izaten zuen Timisoarako bizimoduaren berri jakin ere, eta agintzen zien zegoen lekura bueltan idazteko. Ariketa aproposa zen hura umeentzat. Ohitura finkoak zituen gizona izaki, osabak apuntatu egiten zuen zenbat postal bidaltzen zituen berak eta zenbat jaso, eta aurpegiratzen zien berak diru gehiago gastatu zuela postalak igortzen, familiak baino. Guztiarekin ere, ez zituen postalak soilik bidaltzen, artile ingelesezko jertseak ere igortzen zituen, ilusio guztiarekin. Baina Rosikak gorroto zituen. Eskertu bai baina ez zituen sekula janzten, azkura ematen ziotelako.
Postalak bidaltzeko zaletasun hori ez zen familiara mugatzen. Osabak bazuen lagun min bat, baronesa bat, bere maitasun platonikoa bizi osoan, antimilitarista sutsua hura ere. Beti zeuden elkarrekin, baina sekula ez ziren bikote izan. Baronesa hark Rosikaren osabak bidalitako postalen errekorra du. Milatik gora.
Ez dakigu zenbat jaso zituen berak.
Rosikaren osabaren postalak begiratzen ari nintzela, esku bat sentitu nuen sorbaldan. Atzera behatu eta gizon bat ikusi nuen, alkandora zuria, gorbata gorria zintzilik, albo batera orraztutako kopeta-ile luzea: Thomas. Bere bulegora gonbidatu ninduen.
— Zer moduz doa ikerketa? —galdetu zidan bere burua egurrezko aulki mugikorrean boteaz.
— Primeran. Egia esan, harrapatu egin nau Edithen kontakizunak, oso idazle ona zen.
— Halaxe zen, bai. Baina... gauza bat argi izan behar duzu.
— Esan.
— Rosika Schwimmerren bizitzaren bi bertsio daude. Bat Edithek idatzi zuena, eta bestea benetakoa.
— Zer esan nahi duzu horrekin?
— Bada, motel, Edithek bere egia kontatzen duela. Saltsa honetan guztian, hiru izen hartu behar dituzu kontuan, eta hirurak emakumeak dira. Lehena, idazlea, Edith Wynner. Hori ari zara ezagutzen. Bigarrena, jakina, kontakizun honetako protagonista, Rosika Schwimmer. Eta, hirugarrena, eta hau berria da, Lola Maverick Lloyd. Lloyd gabe ez zen ezer pasatuko. Alegia, Lloyd familiak jarri zuen Edith liburutegian lanean, beraiek eman zioten lana eta etxea. Eta Lola izan zen bizian Rosikaren sostengurik handiena. Lola Maverick Lloyd. Ez ahaztu. Istorioaren bertsio osoa nahi baduzu jakin, benetan zer gertatu zen, Lloyd familiari entzun. Berebizikoa da.
Eta papertxo bat eman zidan, eta barruan idatzia: Lola Maverick Lloyd.
— Beste gauza bat: jakin ezazu Melaniek aipatu zizun bideoa eskatu dudala. Datorren astean jasoko dut.
Thomasen bulegotik atera nintzen telesail bateko kapitulu horietako baten amaieran geratzen zaizun sentsazioarekin, galderak airean geratzen direnean, erantzunik gabe. Nor zen Lola Maverick Lloyd? Eta nola zekien Thomasek Melaniek bideo bati buruz hitz egin zidala?
Diner batean gosaltzea erabaki genuen hurrengo asteburuan. Aluminiozko fatxada duten diner tipiko horietako batean, Broadway etorbidean. Umeek opilak ziroparekin probatu nahi zituzten.
Zerbitzariak segituan asmatu zuen kanpotarrak ginela.
— Euskaldunak. Ni Perukoa naiz. Zer moduz moldatzen dira umeak?
— Hala-hola... —Norak.
— Haurrak hona egokitzeko gurasoek egin behar dute lana. Lagunak egin behar dituzue.
— Nahiko nuke.
— Eskolako ekintzetan parte hartzea da onena, borondatez. Gurasoen lagunak egiten bazarete umeak ere elkarren adiskide egingo dira. Lanean zaude? —galdetu zion zuzenean Norari.
— Ez. Eszedentzia hartu dut hona etortzeko. Gainera ezingo nuke lanik egin, ez didate horretarako baimenik eman. Nire bisarekin ezin dut.
— Bada, aprobetxatu. Eman izena eskolan ahal duzun eta ekintza gehienetan. Umeentzat onena horixe da. Nik halaxe egin nuen Perutik etorri nintzenean.
— Eta opilak? —galdetu zion Anek.
— Oraintxe datoz.
Norak jaramon egin zion dinerreko zerbitzariari. Eta izena eman zuen umeei galtzetorratzarekin josten erakusteko, eta liburutegian liburuak ordenatzen laguntzeko, eta gaztelaniaz mintza-praktika egiteko horren beharra zuten haurrekin.
Goiz euritsu batean, handik egun batzuetara, borondatezko lanak bukatu eta etxerantz bakarrik zihoala, Amsterdam etorbideko zebra-bide batean geratu zen. Halako batean, agure bat sartu zitzaion aterki barrura. Laurogeitik gora urte izango zituen.
— Inporta zaizu? Bustitzen ari naiz.
Begi urdin-urdinak zituen.
Eta argia zuri jarri zenean biek batera zeharkatu zuten zebra-bidea, geldiro. Norak entzun egiten zituen bere pauso leunak zoru bustian.
— Mila esker —esan zion espaloira iritsi bezain laster.
— Ez horregatik.
Eta agurea desagertu egin zen, etorri zen moduan, oharkabean. Norak sentitu zuen New Yorken turista izateari momentu horretan bertan utzi ziola.