Izurdeen aurreko bizitza
Izurdeen aurreko bizitza
2021, nobela
320 orrialde
978-84-17051-81-5
Azala: Unai Mateo
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
 

 

10

 

 

Liburutegiko bulegoko leihotik ikusten nuen paisaia aldatuz joan zen egunen joanarekin, behin berde egon ziren zuhaitzak orain biluzgorri zeuden, eta elurra ere agertu zen, lotsati baina, eskaileretan etzanik zegoen lehoiaren harrizko irudia zurituz. Bryant Parken postuak jarri zituzten artisauek, izotz gainean patinatzeko pista ere bai, liburuen gordailuaren gainean dagoen zelaian. Liburutegiko hallean zuhaitz handi bat atondu zuten, eta Gabonetako argiak. Kristautasunaren irudiekin batera, judu eta musulmanenak ere bazeuden.

      Goizeko 9etatik arratsaldeko 5etara joan ohi nintzen liburutegira New Yorkeko bulegoetako ordutegia jarraituz. Umeak eskolan utzi eta liburutegirantz. Unairi oker egiten zitzaion eskolako sarrera, azkena izaten zen sartzen, behar izaten zuen norbaitek eskutik heldu eta barrura eramatea, zela irakasleren batek zela Ayala izeneko guardiak. Ayalak nabari zuen Unairen ezintasuna, eta haurra ondo hartzen saiatzen zen, gaztelaniaz hitz eginez, eta gelara ere laguntzen zuen askotan. Atsegina da emakumea. Inork ez daki zenbat urte dituen, ematen du hor egon dela betidanik, baina esango nuke umeek eskolan bera dutela maiteena. Gu ez geunden ohituak eskolan polizia bat ikustera, eta hasieran ikaratu ere egin ginen zertxobait, baina berehala hartu genion tonua, ikusi genuen bihotz alimalekoa duela.

      Unaik betidanik izan ditu zailtasunak hezkuntza arautuarekin. Haur hezkuntzan egunero joaten zen negarrez eskolara, hilabete luzeetan, egunero negarrez. Norak eta biok galdetzen genion geure buruari zer zegoen oker, umea, gu ala hezkuntza sistema.

      Umea ez behintzat.

      Norak borondatezko lanak egiten jarraitzen zuen ikas komunitatean. Astean bitan joaten zen eskolako liburutegira, seme-alabei harako bisita tokatzen zitzaien egunetan, hain zuzen. Bilduma duina dauka PS 87 eskolak, milaka ale ikasleen eskura. Liburuzaina ere badago, zeinek astero ipuin bat irakurtzen dien liburutegiko zoruan jesarrita adi entzuten dauden ikasleei. Irakurri ondoren, hausnarketa eta galdeketa datoz, eta azken ordu laurdena ikasle bakoitzak gustuko dituen bi edo hiru ale aukeratzeko tartea izaten da. Eta astero, aurreko bisitan eramandako liburuak bueltatzen dituzte ikasleek. Pentsa, 900 ikasle inguru dituen eskola batean ume bakoitzak astean bizpahiru liburu bueltatzen ditu liburutegira, eta ale horiek apaletan jarri behar dira berriro eskuragarri izateko. Lan hori gurasoek egiten dute, borondatez. Norak uste zuen Estatu Batuetako bizimodua ulertzeko ondo zetorkiola horrelako zereginetan murgiltzea.

      Ez zegoen ohituta Nora lanik egin gabe egotera. Ikasketak bukatu zituenetik, lehenago ere bai, lanean egon zen. Lehen aldia zen urte sabatikoa hartzen zuela. Horrek ezinegona sortzen zion, nahiz eta urte hori pentsatzeko hartuko zuela bere buruari esan, aurrerantzean zer egingo zuen erabakitzeko, deseroso ikusten nuen. Ahaleginduko zen umeak ahalik eta hobekien molda zitezen hiri eta bizimodu berrira, baina amatasuna bizitzaren erdigunea izatea ez zen ordura arte bere asmoetako bat izan.

      Gertrude Steinen irudiaren abaroan geratzen ginen astean egun batzuetan, hamaikak aldera, elkarrekin kafe bat hartzeko. Baina egun horretan hotz egiten zuenez, Strand liburu-dendak parkean zeukan postuan geratu ginen.

      Liburutegitik atera eta nire oinatzak elurretan ikustean gogoan hartu nuen Antiguako Ama Birjina bahitu zutenekoa, 80ko hamarkadan. Goizero-goizero, ohitura zuen serorak ermitako atea zabaldu eta Ama Birjina janzteko. Urte sasoiaren arabera, jantzi bat eramango zuen: egun seinalatuetan, kapa luzea janzten zioten, bilordea eta gainean koroa, belarritakoak ileordetik zintzilikatuak, ez baitzeukan belarririk, eta kaparen gainetik lepokoak. Bitxi horiek denak, eta jantziak, herriko jendeak emanak izaten ziren. Debozio handia zitzaion orduan Antiguako Amari, arrantzale herria izanik, itsasgizonek uste zuten itsasoa zakar zenean Ama Birjinaren babesa izaten zutela. Serorak, egunsentian, aldare atzeko atea zabaldu eta handik atontzen zuen irudia, haur jaioberri bat bainatzen eta txukuntzen den sentikortasun berarekin.

      Goizean, oholezko atea ireki eta Ama Birjina bere tokian ez zegoela konturatu zen serora. Argi guztiak piztu zituen. Ez zegoen. Azkar, aldare aldera hurreratu zen, erori ote zen ikusteko, beharbada bezperan jantzi zuenean ez zuen toki egokian utzi. Baina ez, ez zegoen. Apaizari kontatu zionean lasai egoteko agindu zion hark, goiz edo berandu agertuko zela. Handik gutxira, gutun bat jaso zuten sakristian. Antiguako Ama bahitua izan zen eta erreskatea eskatzen zuten trukean. Berria agudo zabaldu zen herrian, arrantzaleek edozer diru kopuru ordaintzeko prest zeudela jakinarazi zuten, ezin baitzuten bizi Antiguako Amarik gabe. Apaiza kristau komunitateko lagunekin bildu zen eta zer egingo zuten galdetu zuen. Gehienak ordaintzeko prest agertu ziren, Gabonak zetozen eta zelako Gabonak izango ziren haiek Ama Birjina falta bazen. Artega zegoen aldartea eta, ezustean, “ez dugu ordainduko, agertuko da” erabaki zuen irmo apaizak.

      Gutxitan zuritzen ditu elurrak gure itsas bazterrak, klima epelegia da horretarako. Baina urte hartan elurra egin zuen. Apaiza egunetan zebilen pista baten bila, han nonbait egon behar zen Ama Birjina, seinale bat baino ez zuen behar. Elurra egin zuen egunean, ermita aldean dagoen etxola batera bideratzen ziren oinatzak nabari ziren. Intuizioak, edo goi-hatsak, eraginda, apaiza etxola hartara joan zen. Atea zabaldu zuen eta hantxe zegoen Antiguako Ama, hosto batzuekin estalita. Ez zuen ukitu, zegoen bezala utzi zuen.

      Goiz batean, handik egun batzuetara, ikusi zuen gazte bat gerturatzen ermita aldera. Baina elizara sartu ordez, etxolarantz egin zuen. Buruarekin ere egin zion diosala gazteak apaizari. “Zer edo zer duzu niri esateko?”, galdetu zion apaizak. Aho bete hortz geratu zen gaztea. “Emango dizuet bueltan, baina ez salatu, faborez, diru premian nabil”. “Ados. Nire barkamena daukazu”, ihardetsi zion apaizak. “Hori bai, zerura edo nora joango zaren, hori, Ama Birjinak berak erabaki dezala”.

      Irudia ez zegoen egoerarik onenean. Serorak maitasunez garbitu zuen, tentuz, eta beren-beregi jositako kapa berria jantzi zion. Gazteak herritik alde egin zuen. Bilbo aldean ikusi omen dute, noiz edo noiz, lehorreko ekaitzei aurre eginez.

      — Ez nuen entzuna bahiketarena. Kar kar —esan zidan Norak—. Badirudi Ama Birjinak berak esan ziola apaizari non zegoen, elurraren bitartez.

      — Ematen du baietz.

      — Miguel Torgaren ipuin bat gogorarazten dit, han ere Ama Birjina bahitzen dute —pentsatzen geratu zen—. Maiderrek ere egin zuen horrelako zerbait umeak ginenean. Udalak zumardian jartzen zuen jaiotza handitik ume Jesus lapurtu zuen. Ume Jesus erraldoi bat, benetako ume baten tamainakoa. Aguazilak joan zitzaizkion etxera bila. Badakizu zertarako lapurtu zuen?

      — Opariak izateko.

      — Etxean ez zuten jaiotzarik. Aita itsasoan eta ama dendan, nahikoa lan izaten zuten. Ezkertiarrak ziren gainera, ez ziren elizkoiak. Amonarenean izaten zuten jaiotza txiki bat baina etxean ez. Berak pentsatu zuen ume Jesusik ez dagoen etxeetara ez dela oparirik iristen.

      Nora pentsakor geratu zen.

      — Faltan botatzen duzu Maider? —galdetu nion.

      Ez zidan erantzun.

      Strandeko postuko liburuak miatzen hasi zen.

      — Nik baino denbora gehiago pasatzen duzu liburuak begiratzen. Eta hori idazlea naizela —esan nion, beharbada nire galderak min egingo ziola pentsatuz eta gaiz aldatzeko.

      — Hori esan ba, Uri, zu idazlea zara. Ni irakurlea.

 

 

Bazkaltzera eseri zirenean, Dearborneko Fair Lane izeneko etxean, Clara Fordek ideia bat atera zuen mahaira.

      — Eskerrak Emateko Eguna laster izango da. Gutunak bidaltzeko ohitura dago. Eta Wilsoni telegramak bidaltzen badizkiogu? Milaka telegrama bakea eskatuz?

      Henryk berehala babestu zuen emaztearen proposamena, esanez behar zen dirua jarriko zuela horretarako. Rosikak begi onez ikusi zuen.

      Esan eta egin.

      1915eko Eskerrak Emateko Egunean 20.000 telegrama jaso zituen Wilsonek Etxe Zurian. Hainbeste ezen Etxe Zuritik idatzi zuten Emakumeen Nazioarteko Alderdira esanez mesedez ez bidaltzeko telegrama gehiago.

      Edith Wynnerrek telegrama horietako batzuk jaso zituen bere paperetan. New York Crippled Children΄s House elkarteko presidenteak idatzi zuena azpimarratu nuen.

      “Guk bere buruaren jabe izaten laguntzen diegu ume ezinduei. Eta eskatzen dugu gerra geratzea, Europako hainbat gazte ezinduta uzten ari den gerra. Ezin al da aurkitu bide bat hau gelditzeko?”.

      Telegramena ez zen izan bazkari hartan hitzartu zuten gauza bakarra. Clarak Carnegie Halleko hitzaldira joateko gogoa azaldu zuen. Hark lagunduko zion New Yorkera trenez. Izan ere, zita garrantzitsua zen Carnegie Hall bezalako areto prestigiotsu batean hitz egitea, itzal handia emango zion Rosikari. Desobedientzia zibila hartu zuen gai nagusitzat. Inbasio kasuetan, erresistentzia pasiboaren aldeko agertu zen. Hungariako historian bazegoen horretarako tradiziorik.

      “Errusiarrak Hungariara zetozenean eta haien kontra egiten genuenean, herrialde osoa hondatzen zuten. Gerra egiten genuen bakoitzean hondamendia izaten zen. Behin, gure agintariek pentsatu zuten hobe zela sartzen uztea, hildakorik gabe, etxerik erre gabe. Sartzen utzi eta gero erresistentzia pasiboa egin. Gurekin aspertu arte”.

      Rosikaren adierazpenak esanguratsuak izan ziren, munduko potentzien desarmatze osoaren ideia bota zuen. Ideia erabat utopikoa, baina orduan egingarri begitantzen zitzaiena. Ideia handiak bota zituen, aitzitik, ez zuten merezitako arreta jaso prentsan; nonbait, prentsa beste alde batera begira baitzegoen, beste norbait zuten jomugan, Henry Ford.

      Hitzaldiaren ostean, antolatzaileek hizlariaren omenezko afari bat moldatu zuten Astor hotelean. Mahai biribiletan, New Yorkeko goi-burgesia zegoen. Bazkari hartara joateko ordaindu beharra zegoen, eta dirua bakearen aldeko kanpainan erabiliko zen. Dotore agertu ziren New Yorkeko handikiak, airos. Mahaiak lorez apainduta zeuden eta ontziteria luxuzkoa zen.

      Antolatzaileek brindis bat eskatu zuten Rosikaren alde. Topa egin zuten eta gonbidatu zuten hizlaria ele batzuk esatera. Eseri egin ziren denak eta Rosika geratu zen zutunik.

      “Eskertzen dut zuen harrera. Eskertzen dut afari honetara etorri izana. Eman duzuen dirua, zin degizuet, zuhurtziaz erabiliko da. Nire ardura izango da hau dena ondo bideratzea. Baina badut beste ardura bat ere bai. Beharbada, handiagoa. Eta da egia esatea. Honekin ez da nahikoa. Ederki afaldu eta etxera joango zarete zuen kontzientziak lasai utzita. Baina jendeak hiltzen jarraitzen du han. Gazteak, emakumeak, umeak ere bai. Gehiago egin behar da. Eta gu, emakumeok, ez gara iristen. Esan behar dut: aberatsok ez duzue nahiko egin bakearen alde, askoz gehiago egin dezakezue”.

      Rosikaren gogoetak ez ziren ondo hartuak izan bertaratutakoen artean. Bolo-bolo hasi ziren, gaitzespen keinuak eginez.

      Rosika eseri egin zen, eta berehala ohartu zen Lolaren eskua bere eskua estutzen ari zela, “ongi egina, Rosika, ongi egina”, xuxurlatzen zion bitartean. Lola ez zen larritu haren hitzekin; alderantziz, egiaren alde egin zuela sentitzen zuen, eta, gainera, biek zekiten ikusleen artean zegoen pertsona garrantzitsuenaren babesa zeukatela, boteretsuen artean boteretsuena zena: Clara Ford.

      Harro, pentsatu zuten aurrerantzean ezin zela ezer gaizki atera.