15
Bulegotik atera eta komunera joan nintzen. Bigarren solairuko harrinabarrezko hormetan liburutegiko zuzendarien koadroak daude jarriak, mihiseak zaharrenak eta argazkiak besteak. Liburutegiaren izaera libertario hori komunetan mantentzen da, non biltzen diren zuzendaria eta langileak, eta berba egiten duten eskuak garbitzen dituzten bitartean, ispiluari begira.
Eta hara non zegoen zuzendaria, Tony Marx.
— Zer moduz doa ikerketa? —galdetu zidan.
— Ondo. Baina beldur naiz.
— Zeren beldur?
— Bada, Rosika Schwimmerren egun zoriontsuenen berri irakurri dut. Fordekin batera bake-ontzia antolatu zuen, ematen zuen dena ondo joango zela, mundua bere oinetan zuela...
— Bai, nik ere izaten ditut horrelako egunak. Baina ez dira luzarorako izaten, tamalez.
— Horixe bera. Beldur naiz irakurtzen jarraitzeko.
— Kontakizun on batek behar ditu argia eta iluna. Bestela oso inozoa litzateke. Helduiozu eta hurrengoan kontatuko didazu.
— Hementxe, komunean?
— Non bestela?
Zuzendariak eskuak lehortu eta alde egin zuen komunetik.
Artxibategira igo eta 42. kutxa eskatu nuen. “Ford Expedition” izeneko kaiera zabaldu nuen. Hantxe zeuden Edith Wynnerren paper mekanografiatuak.
Rosikaren alegrantzia gainbehera bilakatu zen. Apurka-apurka, prentsaren erasoak handituz joan ziren. Probokaziotzat hartzen zuten, broma txartzat. Zer egiten du Fordek halako zirku batean? Ematen zuen kazetari guztiak ados jarri zirela hari eraso egiteko. Nahiz eta The New York Times-eko zuzendariarekin hitz egin eta gauzak bideratu, oldarra ez zen geratzen. Ez zegoen hura geratzerik. Zulo bat estaltzen bazuen beste nonbaitetik aterako zen zikinkeria. Zaila izaten da horrelakoei aurre egitea, giroa erabat norbere kontra dagoenean, denek ikusiko dute aitzakiaren bat eraso egiteko, denak sentituko dira gehiago direla, mintzeko eta zapaltzeko eskubidea dutela eta, orobat, zigorgabetasuna.
Egoera gaizto eta gero eta jasanezinago hari aurre egiteko, lagunak behar zituzten alboan, aliatuak bilatu. Hartara, izenak behar zituzten bake-ontzirako, izen ezagunak. Eta horregatik, Jane Addams aktibista feminista joateari berebiziko irizten zioten. Aspalditik ezagutzen zuen Rosikak Addams, Hagako kongresuan ere elkarrekin izan ziren eta estutu zuten harremana. Baina Schwimmer eta Addams bi-biak ziren nortasun handikoak. “Utzi niri Addams”, esan zion goxo Lolak Rosikari. “Nik konbentzituko dut”. Lolak Chicagotik ezagutzen zuen Addams, urte askotako adiskidetasuna zuten. Bazekien Addams beraiekin zegoela, baina presio handia jasaten ari zela bake-ontzian ez joateko. “Suizidio politikoa” zela esaten zioten bere inguruko emakume zenbaitek. Addams, era berean, mesfidati zen Fordez. Bakearen aldeko aktibismoan protagonismo handiegia zuela uste zuen, hasiberria izateko.
Lolak seme-alabei esan zien gutun bat idazteko marrazkiekin. Irudietan agertuko ziren Lola, umeak eta Addams bera, ontzi baten barruan. “Zatoz gurekin” zioen banderatxo bat zuen mastan. “Pasaportea aterako dut eta neguko arropak begiratzen hasiko naiz” izan zen Addamsen erantzuna.
Haatik, telegrama bat jaso zuen Lolak handik gutxira. Odoljario bat izan zuen Addamsek. “Medikuak ez dit uzten halako bidaia bat egiten”, izan zen aspaldiko lagunari esan ziona. Historialarien aburuz, Addams zorteko izan zen odoljario harekin. Ez zuen bake-ontzia hartu eta haren izen ona ez zen kaltetu. Baina, azken unera arte, joatekotan egon zen.
Addamsen ezezkoak beste hainbat eta hainbat ezezko ekarri zituen. Esanguratsuena William Bryan estatu idazkariarena izan zen. Azken momentuan esan zion Fordi ontzia agurtzera joango zela baina berak ez zuela Europara bidaiatzeko asmorik. Bi absentzia horiekin, bake-ontziaren ametsak heriotza zauria jaso zuen.
Barkua atera, atera zen uste bezala, 1915eko abenduaren 6an Hobokenetik. Etorkizun handirik gabe, baina. Prentsak ez zuen amore eman espedizio haren prestigioa hondoratu zuen arte. Egun batzuk lehenago berri onak ziren denak, orain negargarri bilakatu ziren. Erresuma Batuko Gobernuak zoli egin zien eraso Ford eta Schwimmerri. Gerran hain parte garrantzitsua zen potentzia batek horrela mespretxatu bazuen espedizioa, zer zentzu zuen aurrera eramateak?
Fordi ere aholkatu zioten hura dena gerarazteko. Garaiz zegoela oraindik. Alta, beranduegi zen. Konfiantza handia zuen Rosikarengan. Hark esaten zion herrialde neutraletako agintariak zain zituztela, bazituela poltsan hori frogatzen zuten agiriak. Fordek eskatu ere ez zizkion egin paperok. Itsumustuan, aurrera egitea erabaki zuen. “Goazen bada Europara, Eskandinavia aldean emango digute babesa. Eta ametsa handituz joango da”.
Edith Wynnerren paper mekanografiatuetan azkena da “Ford Expedition” atala. Ez zuen kapitulu gehiagorik idatzi. Notak bai badaude, agiriak, kartak, argazkiak, baina atal idatzirik ez da gehiago. Wynnerrek kapitulua burutzen du Hobokeneko itsasoratze egun haietako giro jasanezinarekin. Ez du kontatzen nola iritsi zen barkua Europara, zer gertatu zen bake-ontziarekin, konferentzia neutralik egon bazen ere. Deus ez. Arnastu ezin zen giro hori azalduz amaitzen du kontakizuna. Rosikari Boston Post egunkarian egindako kritika gogor bat da Edithen liburuko azken esaldia. “Ez dakit espia alemana den Rosika Schwimmer, eta argi dago ‘idealista’ hitzeko ‘I’ hori arras handia duela —hitz jokoa egiten dute hemen, I ingelesez ni izenordea baita—. Baina esan beharra dago ere bai hungariarra oso emakume bizkorra dela, intentsitate emozional handikoa, eta asko dakiela Europako politikaz”.
1976ko urriaren 5ean utzi zion idazteari Edithek. Orduan idatzi zuen Rosika Schwimmerren biografia bukatugabe hartako azken orria. Urriaren 5ean, nire urtebetetze egunean, hain zuzen.
Hoboken alboan, Hudson ibaian zertxobait barrurago, badago itsasargi gorri ezagun bat, The Little Red Lighthouse. Itsasargiak bere lana egiten zuen zamaontzi handiak Hudson ibaian gora eta behera zebiltzan urteetan. Baina ontzien harantz-honantza amaitu zenean baliogabetu egin zen. 30eko hamarkadan Washington zubi erraldoia eraiki zioten gainean eta gaur egun itsasargi gorria han bizi da, zubipean, etxerik gabeko pertsonen gisa.
Nire bakezaletasunari lotua, badago beste itsasargi bat ere, hasieran gris izan zena, gero arrosa eta, azkenik, horia. Herriko liburu-dendaren abaroan, non nerabeoi liburuak zorretan erosten uzten zigun dendariak barazkiak balira bezala, gazte batzuk biltzen ziren. Tertuliak izaten ziren han, literatura, komikia eta kultura maite zituztenen artean. Bada gazte haiei otu zitzaien portuko itsasargia arrosaz margotzea, aurretik grisa zena aldatzea, adierazteko gure egunerokotasunak ere behar zuela kolore pixka bat. Arrosak badu beste zentzu bat ere, identitate aukera libreari lotua. Eta larunbat goiz batean, portuko itsasargia arrosaz agertu zen.
Bada gazte horiek, edo ingurumari hartan behintzat, antolatu zuten Espainia naton sartzearen aurkako kanpaina ere, eta guk, nerabeak ginela, militarrez jantzi, aurpegian bakearen ikurra kolorez margotu eta lehorreratze bat antzeztu genuen herrian, soldaduak bagina bezala, baina bakearen eta kolorearen soldaduak. Ekintza hura izan zen, esango dut, nire bataio politikoa. Gure gurasoen belaunaldia gerra handietan zebilen, iraultza handiekin pentsatzen zuen. Gure iraultzak bestelakoak ziren, egunerokotasunari lotutako iraultza txikiak. Ezen utopia handiek ez zuten zentzurik pertsonaren bihotza barrutik hobetzen ez bazen. Gure iraultzak barrura begira zeuden gehiago.
natoren aurkako kanpaina eta gero bestelako aldarrikapenei lotu nintzaien. Gaztetxearen sorrera, esate baterako, ia aldi berean; soldadutzarako adinera iritsi ginenean, intsumisioarena. Mugimendu erabat herrikoia izan zen hura, zeharkakoa, alderdietatik kanpo, gazteriak gazteriatik sortu zuena, Francori hain lotua zegoen armada matxista, homofobo eta eskuin muturrekoa arbuiatzetik eratua. Ez genuen bat egiten balore horiekin inola ere eta, ondorioz, derrigorrezko soldadutzara ez joatea erabaki genuen, 90eko hamarkadaren lehen erdialdean. Itsasargi arrosa, intsumisook horiz margotu genuen, antimilitarismoaren kolorea huraxe baitzen.
Intsumisioaren mugimenduak erakutsi zuen bazegoela beste era bat bidegabekeriari aurre egiteko, indarkeriarik gabe, desobedientzia zibila erabiliz. Ekintzek oihartzuna bilatzen zuten, eta ahalik eta jende gehien sentsibilizatzea, nahiz alde batekoa izan edo bestekoa. Ondarroako Guardia Zibilaren kuartelean kateatu ginen, 1975ean herritar gazte bat parrandan zihoala barrura sartu eta tirokatu zuten leku berean, torturen hotsa entzuten zen ilunpean, edo 1982an guardia zibil bat tiro bat jaso eta zuhaitza besarkatuz hil zen parajean. Hantxe kateatu ginen, militarismoa salatuz. Eta hantxe atxilotu gintuzten eta eraman gintuzten kartzelara, kondena betetzera, soldadutzara ez joateagatik.
Intsumisioaren mugimendua amaitu egin zen derrigorrezko soldadutza desagertu zenean. Milaka gaztek osatzen zuten mugimendua, zeinetatik ehunka kartzelan egon ziren, desegin egin zen, lausotu, urtu. Behin hurbileko helburua atxikita, derrigorrezko soldadutza esan nahi baita, urrunagoko helburuak lortzeari zailago irizten genion, ezinezko ez esatearren. Bakegintzan aritzea, mundu mailako militarismoa salatzea, gutariko gutxi batzuen arduran geratu zen. Hala ere, intsumisioak balio izan zuen, asko gainera. Lehena, gazteek ez dutelako urtebeteko amesgaizto militarista hartan bizi behar gehiago, eta bigarrena, garai bat markatu zuelako. Betirako geratu delako keinu hura: desobedientzia zibilaz, indarkeria albo batera utzita, lor daiteke mundu hobeago bat. Beharbada, hori izanik bide bakarra.
2018ko Gabonen ostean izan zen, urtarrilean, edo otsailean seguruago, lehen aldiz ikusi genuenean. Umeek proiektore bat eskatu zioten Olentzerori, telebistarik ez genuenez filmak horma zurian ikusteko. Afalostean, film bat ikusten ari ginen egongelan, Tim Burtonen Beetlejuice hain zuzen, eta hara non ezustean ikusi genuen agertzen berogailuaren azpitik. Sagu bat zen, egongelaren erdialdera ere ailegatu zena, alfonbra gainetik, tipi-tapa lotsabako, gu han egotearen ardurarik izan gabe. Ikusiak genituen aurretik arroz garauen antzeko pinporta beltzak, sagu kaka ematen zutenak, baina ez genien jaramonik egin, sinistu ere ez genuen egin nahi, benetan animalia ikusi genuen arte. Umeak ikaratu egin ziren. Norak telefonoz deitu zion superintendenteari.
— Oso berandu da orain deitzeko. Zer duzue?
— Bada sagu bat ikusi dugula.
— Hori da dena? Bihar joango gara miatzera.
— Nola bihar? Eta harekin batera egin behar al dugu lo? Mesedez, zatozte eta harrapa ezazue.
— Baina, zer dela eta hainbeste zalaparta. Ez al duzue sagurik Europan?
— Bada ez, sekula ere ez dugu izan. Faborez eskatzen dizut. Umeak ikaratuta daude eta alokairua ederto ordaintzen dugu etxean biztanle bat gehiago izateko.
— Ados. Oraintxe goaz.
Superra bera eta haren seme Johnny etorri ziren. Aita oso serioa da. Jose izena izan arren sekula ez digu gaztelaniaz egiten. Jakin bagenekien hitz egiten zuela, izan ere, mezulariei, margolariei, harginei gaztelaniaz egiten zien, baina guri sekula ere ez. Behin, artean umeek ingeles gutxi zekitela, igogailuan aurkitu eta gaztelaniaz agurtu zuten gizona. “Niri ingelesez egin”, esan zien bekokia zimurtuz. Semea, aitzitik, oso atsegina da gurekin, nahiz eta harekin ere ez dugun lortzen gaztelaniaz egitea. Etxeko ugazaben aginduren bat izango ote den, baliteke.
Xurgagailu handi batekin agertu ziren aita-semeak. Eta han ibili ziren berogailuaren atzealdeko bazter guztiak xurgatzen. Neure bostean esaten nuen, ez nuke nahi sagu izaterik orain. Horren ostean, paperezko xafla itsaskor batzuk bazterretan jarri eta alde egin zuten. Xaflei begira jarri nintzen. Ez zen gozoa izango han harrapatuta geratzea. Ezta gure umeren batek deskuiduan ortozik zapalduko balitu ere. Kendu egin nituen.
Neguko egun horietan ematen zuen sagua etxean ez ezik gure gogoan ere bizi zela. Gure barruak mugiarazten zizkigula. Urduri genbiltzan, hurrengo urtean zer egingo genuen ez jakiteak ezinegona eta tentsioa sorrarazten zizkigun.
Gelara sartu eta ordenagailuaren aurrean eserita aurkitu nuen Nora. Ez zegoen idazten, adatsa eskuetan hartu eta puntei begira zebilen.
— Datorren urtekoagatik zaude horrela, ezta?
— Nik ere geratu nahi dut. Zerbaitek esaten dit geratu behar dugula, laztana. Eta hori baditugula bueltatzeko arrazoi asko, familia batez ere. Baina eman nahi nioke aukera bat gure bizitzari, umeei. Urte hau laburregia izan da. Baina nola egingo dugu? —adatsa atzera bota eta buelta eman zuen aulkian—. Nik ezin dut lanik egin hemen. Ez dut baimenik.
— Ba, ahaleginduko gara lortzen.
— Baina dudan bisarekin ezin da, ezin da.
— Galdetuko dugu.
— Ezin dela esan ziguten, ondo dakizu. Eta zuk ere ez duzu lanik, ezta bisarik ere.
— Agian unibertsitateren batek emango dit bisa, eta lana...
— Agian. Dena da agian zurekin. Zergatik ez zara errealistagoa? Ezin denean ezin da. Oztopo gehiegi daude, ez duzu ikusten?
— Ez dakit, bihozkada dut lor genezakeela...
— Bihozkada? Zer da hori? Ai, ama, mesedez.
— Azkenean erabakia hartzea da, Nora. Erabakitzen badugu geratzea, bada joango gara oztopoak gainditzen.
— Ez, kontrakoa da. Oztopoak gainditzen baditugu erabakiko dugu geratzea. Esan duzu bisa lortuko duzula, eta lana. Hasi hortik. Etxea lurretik hasten da. Eta gero hitz egingo dugu.
Lanarena, bisarena, zidor estu eta neketsua zen, malkartsua oso. Uste banuen nire liburuek, sariek zer edo zertarako balio zutela Estatu Batuetan, oker nenbilen. Haientzat ezer gutxi ziren. Lotsati, ziurgabetasunez, unibertsitateetara idazten hasi nintzen, departamentuetako zuzendariei, neure burua aurkeztuz. Doktoregoa bukatu gabe nengoen, egia da, baina poema-liburu bat eta hiru nobela eta gero, banuen zer eskainia. Horixe zen behintzat nik uste nuena. Nire umiltasunaz jabetzeko egunak izan ziren haiek. “Hona mundu osoko idazleak datoz. Aukera gutxi daude lekua egiteko. Asko eta asko saiatzen dira, baina gero bueltatu beharrean egoten dira”, hori esaten zidaten. Urrutiko intxaurrak, hamalau ez, bat, eta bera ustela. E-mailak idatzi eta erantzunik ez nuen jasotzen. Halakoa zen nire etsipena ezen, noizean behin, neure buruari idazten bainizkion mezuak, egiaztatzeko e-maila ondo nuela eta mezuak jaso, jaso ahal nituela. Eta hala, neure buruari izkiriatutako mezuak iristen ziren, ez ordea unibertsitateetakoak. Ondo ikasia zuten haiek lan bila dabilenari nola ezetz esan.
ezezkoaren artea
E-mailik ez erantzun.
E-maila erantzun
eta aurrekonturik ez dagoela esan.
E-maila erantzun
eta bi urteko plangintza eginda dagoela esan.
E-maila erantzun, kafe bat hartzeko geratu
eta 2. eta 3. puntuko aitzakiak jarri ezezkorako.
E-mailik ez erantzun.
E-mailik ez erantzun.
Ez erantzun.
Kanpoaldean hotz egiten zuenez, neguko arratsalde hotzak museoan igarotzen genituen umeekin. Historia Naturalekoan badago areto bat, Discovery Room deritzona, non umeek gertutik ikus ditzaketen animaliak. Esperimentu txikiak egiten dituzte eta olgetan ibili ere bai, monitoreen laguntzarekin. Baobab handi bat dago gelan bertan eta haurrak hantxe ibiltzen dira zuhaitzaren barruan, lau hankatan, zulo batetik sartu eta bestetik atera. Goiko solairuan terrarioak daude. Horietako batean dragoi antzeko arrabio arrosa bat zegoen, axolotea, Ambystoma mexicanum. Aneri ikaragarri gustatu zitzaion, marraztu ere egin zuen. Ondoan, arrainontzi batean, Hudson ibaiko arrain arrunt batzuk zeuden. Suertatu zitzaigun langile bat etortzea arrainei jaten ematera. Harrigarria izan zen nola ezagutu zuten gizona arrainek, hura zetorren aldera joan ziren denak batera, aldran. Bitxia zen, ezen gu hurbildu ginenean ez zuten keinurik egin. Ordea, langilea agertu zenean txipli-txapla hasi ziren uretan, pozik baleude bezala. Argi zegoen, Hudson ibaiko arraintxo haiek oroimena zuten.
Eta orduan, arraintxo haiei begira gogoan hartu nuen Marcos Grijalbak esandakoa, nola neurona batek pizten duen ondokoa, kitzika egokia bada. Eta otu zitzaidan, zergatik ez nobelari ere egitura hori eman, dentritikoa, non kontakizun batek beste baten argia pizten duen. Hori da, nobelaren egitura neuronala izango zen, zuhaitz baten adar bat bestearen adarrari lotua, edo erroa ondokoaren zuztarrari.
— Aita, konturatu zara? —esnarazi ninduen Unaik nire burutazioetatik. Columbus etorbidea zeharkatzen ari ginen—. Ikusi duzu? Saffron saldu egin dute. Zergatik ez zenuen deitu? Esan nizun deitzeko beste batzuk ez aurreratzeko. Non jarriko dugu orain jatetxea? Sekula ez didazu jaramonik egiten.
Muturturik joan ginen etxera.