Izurdeen aurreko bizitza
Izurdeen aurreko bizitza
2021, nobela
320 orrialde
978-84-17051-81-5
Azala: Unai Mateo
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
 

 

7

 

 

The Washington Post egunkariak titular hau atera zuen presidentearekin izandako bilera eta gero: “Emakumeek Schwimmer bidali dute Wilson presidentearen esku hartzea eskatzera”. Berrian, Rosikak esandako adierazpenak ere jasotzen ziren, inarrosi nindutenak, eta horrexegatik azpimarratu nituen markatzaile hori batekin, fotokopia batean. “Gizonezkoen diplomaziak huts egin du. Bakezale profesionalek kale egin dute. Gizonezkoen arteko elkarrizketak ez dira bide onetik joan eta nazioak elkarren aurka daude borrokan horren ondorioz. Beharbada, emakumeek esku hartzeko garaia iritsi da”.

      Zeresana eman zuen Rosikak prentsari esandakoak. Nonbait aditzera eman zuen presidentea prest zegoela esku hartzeko. Haatik, Etxe Zuriak hitza hartu zuen berandu baino lehen, itxaropenak baretze aldera, eta argi utziz Wilson ez zela mugituko, momentuz: “Presidenteak halako eskariak begirune handiz hartzen ditu. Baina ez du pausorik emango arrakastarako aukerarik ikusten ez badu behintzat. Komeni da gatazka honetan zentzuz jokatzea. Ez dezagun guk egoera okertu”.

      Hala ere, nahiz eta jendaurrean ez onartu, Wilsonek egin zuen gordean ahalegina bitartekaritza lanetan aritzeko. Alabaina, aliatuei egoki begitandu arren, Alemaniak eta Austriak ez zuten begi onez ikusten haren esku hartzea. Gainera, kabinetean bertan ezezko asko jaso zituen Wilsonek. Ezin zen presidentea bitartekaritza horretan saiatu barregarri geratu gabe. Aholkulariek behin eta berriz gauza bera esaten zioten: hobe da albo batera geratzea.

      Zaplazteko handia izan zen hura Rosikarentzat. Etxe Zuriak ez zuen urratsik egingo. Hala ere, ez zuen etsi. Goitik lortu ez bazuen, behetik eragingo zuen, gerra geratzeko. Egunerokoan idatzi zuenez, “Wilsonek onartzen ez badu, kanpaina bat abiaraziko dut sufragioa indartsu dagoen estatuetan, eta emakumeok bultzatuko dugu Wilson erabakia hartzera”.

 

 

Lola Maverick Lloyd izena sartu nuen ordenagailu eramangarriko bilatzailean. Wikipediako sarrerak hauxe dio:

 

      “Lola Maverick Lloyd (1875-1944). Estatubatuar bakezale, sufragista, munduko federalista eta feminista izan zen. Texasen jaio zen Maverick familia aberatsean, eta William Bross Lloydekin ezkondu zen, Henry Demarest Lloyd kazetariaren semearekin. Elkarrekin, bi familien eragina eta aberastasuna erabili zituzten, Garai Aurrerakoiko (1896-1920) kausen alde egiteko. Dibortzio publiko eta gatazkatsu baten ondoren, Lola Maverick Lloydek bakezaletasunaren aldeko borrokari eskaini zion bizitza. 1915ean Bakearen Aldeko Emakumeen Nazioarteko Liga sortu zuen. 1937an, Munduko Errepublika Federala eratzeko kanpainari hasiera eman zion, lagun mina zuen Rosika Schwimmerrekin batera”.

 

      Hantxe zegoen gure Rosika Schwimmer ere. Irribarre egin nuen haren izena sarreran aurkitzean. Koadernoan idatzi nuen, “lagun mina”, eta arkatzarekin egindako biribil batekin bildu nuen hitza. Eta gero, azpian izkiriatu nuen: “Munduko Errepublika Federala”. Ideia ero bezain maitagarria. Hori ere biribil batekin.

 

 

Edithen kontakizunari esker jakin nuen Chicagon ezagutu zutela elkar Lolak eta Rosikak, 1914ko udazken hartan. Rosikak bakearen aldeko hitzaldi bat eman zuen hirian emakume sufragisten artean. Jendez gainezka zegoen aretoa. Eta lehen lerroetako batean, Lola Maverick Lloyd.

      Rosikak ziurtasun handiz hitz egiten zien emakumeei, ohi bezala, inolako paperik gabe eta bakoitzari begietara begiratuz. Erabat kementsua zen Europatik etorritako emakume hura.

      “Soldaduak beraien aberria defendatzen ari direla esaten digute. Hori da politikariek esaten dutena. Gizonak beraien emazte eta umeak defendatzera joaten direla gerrara. Baina pentsatu une batez... Hungariako gizonak Belgikan daude, frantziarrak Polonian, alemanak Belgikan, Frantzian eta Errusian. Errusiarrak Alemanian eta Serbian, eta Ingalaterrakoak Frantzian. Beraien emazteak eta umeak ari dira defendatzen ala beste gizon batzuen emazteen etxeak ari dira suntsitzen?”.

      Atrila bi eskuekin hartu eta makurtu egin zen zertxobait entzuleengana hurreratzeko keinua eginez.

      “Ez dago loriarik, abertzaletasunik, maitasunik, nobletasunik odol isurketan, hilketan eta bortxaketan. Gerra hori da. Badakizue zer gertatzen den kontzentrazio esparruetara derrigorrez eramaten diren emakumeekin? Jakingo zenuten zer bortxa jasan duten Belgikako emakumeek, baina ez dakizuena da gauza bera gertatzen dela fronte guztietan, bost eta laurogeita bost urte bitarteko emakumeak bortxatuak dira etengabe. Emakumeok, zeren zain gaude gerra hau geldiarazteko?”.

      Oihuka hasi ziren. “Hori da”, “egia da”.

      “Ez dugu bozkatzeko eskubiderik. Ezin ditugu gure gobernuak aukeratu. Eta soilik gizonezkoek hautatutako agintari hauek eraman gaituzte gerrara. Eta ez dira gai geratzeko. Emakumeok, bil gaitezen eta gera dezagun gizonezkoek abiarazi duten gerra anker hau. Beraiek ez badira gauza, gu nor izango gara”.

      Publikoa zutik jarri zen, txalo zaparrada batean.

      “Badakit hor zehar esaten dutela Austria-Hungariako Inperioaren aldekoa naizela. Ez pentsa hungariarra izanagatik hango gobernuaren alde nagoenik. Ez da horrela. Ni ez nago inorekin. Ni sufritzen dutenekin nago. Ni gerra gelditzearen alde nago. Besterik ez”.

      Rosikak hatsa hartu zuen eta begiak itxi, azken esaldia bota aurretik.

      “Herririk gabeko emakumea naiz ni, munduko herritarra, eta nazio guztien alde egiten dut”.

      Segundo batzuetako isilaldi luze batek hartu zuen gela. Ostean, ordura arte aditu gabeko txaloak entzun zituen Rosikak, zenbait minutuz. Hitzaldia bukatu bezain laster, atrilaren inguruan geratu zen antolatzaileen eta entzuleen zorionak jasotzen. Emakume aldraren artetik tokia eginez aurrez aurre jarri zitzaion Lola.

      — Lola Maverick Lloyd naiz. Eta munduaren azkeneraino joango naiz zurekin.

      Rosikari, Lolari begira, lurrera erori zitzaion eskuetan zuen poltsa txikia.

 

 

Adiskidetasun urte luzeak izan ziren ondorengoak; batzuetan gertuago, besteetan aldenduago, hil arte eutsi zioten elkarren lagun izateari. Gogoratzen dute familiakoek Rosikak sarritan bisitatzen zuela Lola haren Winnetkako etxean. Elkarrekin paseatzen ziren lorategitik, berbaldi etengabeak eginez, edo pianoaren aulkian esertzen ziren elkarrekin, umeek azpian gereziak jaten zituzten bitartean.

      1914 eta 1915 bitarteko neguan Rosika Schwimmerrek Estatu Batuetan emandako hitzaldi ugarietako bat izan zen Chicagokoa. Irailetik abendura estatu ugaritako hirurogei hiritan hitz egin zuen, bakarrik Chicagon hogeita hamabi aldiz.

      Lantegietan hitz egiten zuen, antzokietan, esaten zioten tokietan. Europako etorkin ugari zuten guneetan, hitzaldi bat alemanez has zezakeen, hungarieraz jarraitu eta ingelesez bukatu. Kazetariek hitzaldiaren zatiak eskatzen zizkiotenean esaten zuen, “ezinezkoa ari zarete eskatzen, nik ere ez dakit zer esango dudan, ezin naiz kontzentratu ikusi gabe nolakoa den audientzia, orduan hasten naiz hizketan”. Toki batetik bestera ibili zen, arnasa hartzeko ia asti barik.

      Prentsak jaso zuen haren hitzaldien ubera.

 

      “Emakumeen mundu horretan oso egoki sentitzen ez ziren gizon batzuek hitzaldia entzun eta dolar batzuk eman zizkioten eskura”.

Urriak 2, 1914, Ohio Eve Telegraph.

 

      “Inoiz ikusi dudan emakumerik kementsuena”.

Urriak 5, Ohio Vindicator.

 

      “Apala eta atsegina. Bere ingelesa onena izan ez arren, mezua helarazi eta entzuleria hunkitzeko gai zen”.

Urriak 6, Ohio Shield.

 

      “Rosika Schwimmer: gerra hau geratzen ez badugu beste bat hasiko da gutxi geroago”

Otsailak 19, Washington Times.

 

      “Sekula ahaztuko ez dudan hizlaria da Schwimmer. Esperientzia sakon eta zoragarria izan da hura entzutea. Haren hitzak aditu eta gero gizon eta emakume hobeak garela uste dut”.

Otsailak 28, 1915, Montana Missoulian.

 

      Hirurogei hiri pasatu eta gero, Rosika erabat ahituta zegoen, indarge. Gainera oso zaila egiten zitzaion jakitea zer ari zen gertatzen Budapesten. “Ez daukat etorkizunerako planik. Dirurik gabe nago. Ez dakit nola dagoen nire familia eta nola ateratzen duten bizimodua. Ez dut pentsatzen etorriko denean. Soilik aurrera noa, egunez egun, etorkizun urrunean pentsatu gabe”, idatzi zuen egunerokoan.

      Gainera, desengainu asko izan zituen sufragisten artean. Bere su antimilitarista ez zuten partekatzen gehienek. Franciskari eskutitz batean esan zion legez, pertsona bakar batean zuen fedea Estatu Batuetan, Lola Maverick Lloydengan.

 

 

1915eko negu hartan Rosikak 37 urte baino ez zituen, eta kosta egiten zait imajinatzea sasoirik ederrenean. Neure buruari esaten diot, orobat, ez garela jakitun, batzuetan, gure inguruan ditugun pertsona nagusiak noizbait gazteak izan zirela. Gomutan dut, 2017an, Bilbon irakurraldi bat eta gero, emakume bat hurreratu zitzaidala liburua sinatzeko eskatuz. “Ez nauzu gogoratzen? Zure amaren eta izebaren laguna nintzen. Txikia zinen orduan, normala da”. Eta gurasoei buruz hasi zitzaidan hizketan, 70eko hamarkada hasierari buruz, diktaduraren azken urteez. Nola afaltzen zuten elkarrekin etxean. Garai hartan, bera Bilbon zelarik, Ondarroara joatea liberazio moduko bat zen. Hiriko bizimodua hertsiegia zen moralki, ezin zenuen nahi bezala agertu. “Baina zuen herrian askatasun handiagoa zegoen, Bilbon egiten ez ziren gauzak egiten genituen han. Gero, 80ko hamarkadan dena okertu zen, baina garai hartan askatasun handia zegoen”.

      Konturatu nintzen ez nituela gurasoak gazte gogoratzen. Sekula ez nuen pentsatu zer egingo zuten haiek gaztetan. Gurasoak hor ikusten ditugu, egin beharrekoa irakasten dizute, hesiaren beste aldean daude, seriotasunaren aldean, autoritatearen aldean. Baina beraiek ere gazte izan ziren. Emakume hark maitasunez eta miresmenez hitz egiten zidan garai hari buruz, bere bizitzako garairik onena beharbada, gazte sasoia. Baina nik hura ume bezala ezagutu nuen, ez nuen gomutan hartu bere aurpegia ere.

      “Zure herriko emakumeak oso aurrerazaleak ziren”. Pentsatu nuen amak kontatu zidala bi denbora zeudela orduan, gizonezkoena eta emakumezkoena. Gizonezkoak itsasoan egoten ziren eta beraien pentsamendua ez zen aurreratzen. Emakumezkoak lehorrean zeuden, parte hartzen zuten bilera klandestinoetan, paperak irakurtzen zituzten, hitz egiten zuten beraien artean. Aldiz, gizonezkoen bizitza berdintsua zen. Hogei egun itsasoan, hiru egun herrian eta berriro itsasora. Ez zegoen ez bilerarik, ez irakurketarik, ez solasaldirik. Askoz geldoago zihoan haien denbora.

 

 

Ellis Islandera egin genuen ostera umeekin urriko azken igandean. Ezagutu genuen nola iristen ziren migrariak Estatu Batuerara, mundu osotik, nola pasatzen zituzten osasun kontrolak, nola egon behar zuten irla hartan, behin betiko baiezkoa lortu arte. Argazkiak zeuden, duela mende bat etorritako migrari haienak, familia osoak, kasu batzuetan.

      Bazter batean, ordenagailuen gela bat dago. Dolar batzuk ordainduta, ordubete izaten duzu migrarien izenak sartu eta Estatu Batuetara noiz iritsi ziren jakiteko. Agiriak daude ordenagailuan eta inprimatu ere egin daitezke. Jakin ahal da ailegatu ziren itsasontzien izena ere.

      Norak bere birraitonen izenak sartu zituen. Biak egon ziren artzain Idahon. Herri berekoak izan arren, bertan egin ziren lagun. Batak bestea aurkitu zuen tiro batek jota lurrean, soro batean. Eta zauria eten eta eraman egin zuen herrira, mediku batek ebakuntza egin ziezaion. Bizitza salbatu zion. Gero Euskal Herrira bueltatu ziren, seme-alabak izan zituzten, bataren bi seme bestearen bi alabekin ezkondu ziren. Hantxe zeuden euren izenak, nola iritsi ziren Euskal Herritik, xx. mendearen hasieran, lanera.

      Bi aitonak aurkitu eta gero, oraindik ere denbora xahutu gabe zuen Norak.

      — Ze izen sartuko dut? —galdetu zidan.

      — Bada, ez dakit, Federico Garcia Lorca.

      Baina ez zetorren ezer.

      — Probatu Jose Antonio Agirrerekin.

      Sarritan agertzen zen Jose Antonio Agirreren izena. 1940an iritsi zen lehen aldiz, Europatik ihes egin eta gero Bigarren Mundu Gerraren erdian, Columbia Unibertsitatean eskolak ematera.

      Herritartasunari dagokion atalean “espainiarra” zuen jarria Estatu Batuetara lehen aldiz iritsi zenean egin zioten agirian. Beste batean hutsik utzi zuen herritartasunarena, eta azkenengo bidaian “euskalduna” jarri zuen. Euskal herritartasuna zuela alegia. Nahiz eta estatus legalik ez izan, horrelaxe bete zuen papera eta horrelaxe onartu zion mugako ofizialak. 1945ekoan izan zen hori. Orduan, Parisko exilioa utzi eta Nazio Batuen Erakundearen hastapenean San Frantziskon egin zen bilkuran gonbidatua zelako etorri zen. “Euskalduna” jarri eta sartzen utzi zioten.

      Bilaketa bukatu zenean, eraikinetik atera eta New Yorkera itzultzeko ontziaren zain egon ginen moila ondoan. Etxean egindako janaria eraman genuen tuperretan eta horixe hasi ginen jaten. Legatza pla-pla eginda.

      Unaik esan zidan. “Sukaldari ona zara, aita. Jatetxe bat jarri beharko genuke”.