16
Umezaroan, aita itsasotik etortzen zenean, konturatzen zen kalean jendeak agurra kendu ziola. Berak ez zekien zergatik zeuden haserre berarekin. Ez zuen ezer egin eta. Itsasoan lan egin, besterik ez. “Emaztea eta haren ahizpak sartu dira orain ere liskar politikoren batean”, pentsatzen zuen bere kolkorako. Eta kalean jarraitzen zuen, txikiteoan, oraindik agurrari eusten ziotenekin.
80ko hamarkada hasieran, Bilbon abortistak epaitzen zituzten garai bertsuan, eta (pm) erakundeak gutun bat bidali zuen etxera. Ezin dut data zehatzik esan amak gutuna amorruz desegin zuelako. Dirua eskatzen zuten, bestela familiako edozeini zer gerta ziezaiokeen ez zuten erantzuten. Bahiketa aipatzen zuten. Gurasoek ezin zuten ulertu. Egia da aitak eta bere belaunaldiko arrantzaleek aurrerapen ekonomiko handia egin zutela 70eko hamarkadan. Gerraostean gosea pasatu eta gero baldintza on batzuk izatera iritsi zirela. Baina ez zuten hainbeste diru. Eta egia zen, baita ere, hogei metroko olatu artean egiten zuela lan, Ipar itsasoan bere bizitza arriskuan jarriz. Ez al zekiten gutuna bidali zuten haiek, galdetzen zion gure amak bere buruari, Gerra Zibileko galtzaileak ginela, ez al zekiten ikastola sortzen eta bultzatzen ibili ginela, ez al zekiten amaren ahizpak sindikatuan egiten zuela lan kontserbetako langileen eskubideen alde? Ez, horrek guztiak ez zuen garrantzirik. Dirua behar zuten eta kito, hori zen dena, beste guztia huskeriak ziren.
Hondartzara daraman oinezko zubiaren erdian jarri, inor ez zetorrela begiratu eta hantxe zabaldu zuen gutuna amak. Ez zuen etxean irakurri nahi, ez zuen inor bueltan nahi. Bakar-bakarrik egon nahi zuen hura irekitzean.
Nire neba-arreba nagusiei kontatu zien. Niri ez. Txikiena nintzenez, laugarren senidea, nahiago zuen ezer jakiten ez banuen. Bi nagusiei esan zien eta gero erdiko anaiari. Hamahiru urte izango zituen. Mutil zintzoa zen, ikaslea, lasaia. Musikazalea zen, gai zen gela barruan sartu eta orduak igarotzeko bera bakarrik gurasoen diskoak entzuten. Ez dut sekula harekin inolako liskarrik izan, sekula ez nau jo. Ezta ahotsik altxatu ere. Bada amak, mendi buelta egitera joan eta gertatutakoa kontatu zion. Mutikoak esan zion gauza bakarra izan zen, “gorroto dut politika, sekula ez dut bozkatuko”. Amak agindu zion kontuz ibiltzeko eta ez berandutzeko etxeratzean.
Larunbat batez, erdiko anaia ez zen agertzen etxean. Amari beldur guztiak piztu zitzaizkion bihotzean eta buruan. Karta madarikatu hartaz gogoratu zen. Nor izango al ziren nerabe bati zerbait egiteko? Kartan argi eta garbi jartzen zuen, “zuek eta zuen familiak”. Neba-arreba nagusiekin hitz egin zuen. “Ez esan inori, zoazte kalera eta hasi bila, baina disimuluz”.
Ez zuten aurkitu. Baina bat edo batek esan zion beharbada lagun batekin joan zela haren etxera, bi mutil lirain ikusi omen zituzten atarian sartzen. “Mutil lirain”, pentsatu zuen amak, haren hamahiru urteko umea liraina izango ote zen pentsatu zuen, bera izango zen?
Lagunaren etxera deitu eta hantxe zegoela esan zion haren amak, gelan zeudela lo. A zelako lasaitua hartu zuen amak. Hasieran lasaitua eta gero amorrua. “Itzartzea nahi duzu?”, itaundu zion lagunaren amak. Gure amak pentsatu zuen lehenengo gauza izan zen baietz, esnarazteko eta bidaltzeko etxera, haserre zegoela eta kontuak eskatu behar zizkiola. Haatik, bigarrenean pentsatuz, bururatu zitzaion horrek susmoak piztuko zituela, azken finean, zer dela eta ez utzi mutikoari adiskidearen etxean lo egiten. “Ez, utzi. Lotan badaude, utzi”, esan zion amak. “Esaiozu bihar goizean lasai gosaldu eta etortzeko etxera”.
Amak anaiari sorbaldetatik gogor eutsi eta esan zion:
— Ez al nizun kontatu kartarena? Ez al nizun esan kontuz ibiltzeko? Ba al dakizu ze gaizki pasatu dugun etxean? Ez genekien bahituta zeunden ere!
— Ama. Badakit. Baina aspaldian ez nau inork gonbidatu bere etxean gaua pasatzera.
Anaiak bere bizitza egin nahi zuen, eromen hartatik kanpo.