Izurdeen aurreko bizitza
Izurdeen aurreko bizitza
2021, nobela
320 orrialde
978-84-17051-81-5
Azala: Unai Mateo
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
 

 

11

 

 

Ezkutukoa. Ikusten ez dena. Ezinegona eragiten digu horrek. Ez dakigu zer gertatzen den gure gorputzaren barruan. Nola mugitzen den odola, nola aldarazten diren gure barruko zelulak. Dena ongi dagoen, noiz sortzen diren gaitzak, ze momentutan hasten diren okertzen gauzak. Igarkizun dugu hori dena, ez dakigu ezer ezustean agertzen den arte. Berdin gertakizun historikoekin. Noiz da iraultzen lehen zuztarra, zergatik ez dugu susmatzen eskuin muturraren agerpena. Gizartearen barruan zerbait higitzen da gu konturatu gabe, eta begien aurrean eztanda egin arte ez gara ohartzen.

      Platano-arbolaren zuztarrei begira nago. Horiek ere gordean hasten dira. Behatzen dut nola ateratzen diren lurretik, arbolak oinez hasi nahiko balu bezala, askatu nahiko balu bezala lur jakin harekin duen betiereko loturatik. Igoarazi egiten dute lurrazala, zartatu galipota. Neure buruari galdetzen diot noraino iritsiko diren erroak, kalea zeharkatuko duten eta iritsiko diren epaitegiraino, eta eraikin hura ere altxatuko duten, arrakalatzeraino.

      1982ko martxoaren 16a. Hamaika urte ditut. Izekorekin batera joan naiz Bilbora, hamaika emakume epaitzen dituzte bertan. Hamaika Basauriko emakume. Delitua, abortatzea. Autobusez egin dugu bidaia, berbetan. Izekok kontatu dit emakume horiek pobreak direla eta ez dutela beste herrialde batera, demagun Ingalaterrara, abortatzera joateko aukerarik. Aberatsek Londresen abortatzen dute eta pobreak kartzelara doaz, edo odolusturik hiltzen dira.

      Isilik geratu naiz. Autobusaren leihoaren atzean pinudiak daude. Pinudien ilunaren gainean nire begien uraren dirdira nabari da.

      Albia lorategian gaude, Bilbon, epaitegiaren aurrean. Martxoa da baina bero handia egiten du. Ezustean, audientziako leihoak ireki dituzte. Kanpotik ikus daiteke barruan zer gertatzen ari den. Barrutik entzuten dituzte gure oihuak.

      Defentsa-abokatua emakume gazte bat da. Esaten du bera bizitzaren alde dagoela. Bera ere ama dela. Hain zuzen ere, gaur, bere alabaren urtebetetzea dela, bi urte betetzen dituela eta etxera itzuli nahi duela. Bizitza hori delako, maite duzunaren alboan egotea.

      Orduak aurrera doaz. Zuhaitzaren azala urratuz olgatzen naiz. Azal baten barruan bestea, marroia, berdea, sagar-berdea. Portuko uraren antza hartzen diot, hura bezala, poligonalak dira zatiak.

      Ezustean jendea korrika hasi da. Polizia da. Edo hori diote, Polizia datorrela. Egun osoan ibili dira manifestarien atzetik, kargak egiten. Saltaka oldea. Erro batekin estropezu egin dut, ala hankatik heldu dit?

      Lurrera erori naiz.

      Galduta nago.

      Ez dut izeko aurkitzen.

      Ez dakit zenbat denbora pasatzen dudan horrela.

 

 

Makroepaiketa hark mugimendu feministaren olatu etorkizuna baldintzatuko zuen. Ikusmin handia sortu zuen garaiko prentsan. Jende asko hurreratu zen Bilbora, toki desberdinetatik. Diktadura bukatu berri zen baina legeak nekez ari ziren aldatzen. Antisorgailuak, esate baterako, urte hartan bertan baimendu ziren. Eta epailetza barruan gehienak aurreko erregimenetik zeudenak ziren, Francori atxikiak.

      Mertxe Agundez zen abokatu gazte hura. Hark argudiatzen zuen demokrazia hasiberri batean geundela, ezin ziren emakumeak kartzelara sartu demokratikoak diren beste herrialde batzuetan librea den eskubide batengatik. Gainera, zergatik leporatu behar zaie ardura soilik emakumeei?

      New Yorkeko adibidea jarri zuen. Han, kontrakoa gertatu zen. Emakumeek jarri zioten kereila bat Estatuari beraien intimitatea eta askatasuna bermatzen ez zituelako. Abortua ilegala izanik, Konstituzioak ezartzen duen askatasunaren aurka egiten zuen New Yorkeko Estatuak. Gainera, abortatuta hiltzen ziren emakumeen ardura ere estatuak zeukan. Nola hil daiteke pertsona bat berea den eskubidea erakundeek bermatzen ez dutelako?

      New Yorkeko epaiketan errabino batek hitz egin zuela esan zuen Agundezek. David M. Feldman emakumeen abortatzeko eskubideaz aritu zen erlijioaren ikuspegitik. Haren ustez, Biblian ez da agertzen abortatu duten emakumeen aipamenik orduko gizartean onartua zegoelako. Bibliak emakumearen alde egiten duela beti zioen. Jaio gabeko izaki bat baino jaiotakoa babestu behar zela. Balizkoaren aurretik badena.

      Errabinoari arimaz galdetu zioten. Noiztik daukagun arima. Galdetu zioten ea fetuak arima duen. Arima izpirituala da, erantzun zuen. Arima ez da hazten eta ez da desagertzen. Energia bezala, hortxe dago beti. Rabbiaren arabera, epaiketan arimak ez zuen zerikusirik. Gakoa zen erabakitzea abortua hilketa bat den eta, liburu sakratuei begiratuz, ez da hilketa.

      Agundez abokatuak jarraian aipatu zuen epaitutako hamaika emakumeetatik gehienak erlijiozaleak zirela, eta ez zutela beraien burua beren erlijiotik kanpo ikusten, baina ezin zituztela ume gehiago mantendu, ez zutelako dirurik.

      Gaineratu zuen, azkenik, emakume haien delitua “ezinezkoa” zela, hau da, nola frogatu ahal zen haurdun zeudela? Ezin bazen frogatu, orduan ez zuten deliturik egin.

      Fiskalak desadostasuna agertu zuen. Haren ustez, ezkonduta eta seme-alabak dituen emakume batek haurduntzeko prest egon behar du une oro. Protestak sortu zituen fiskalaren esanak.

      Epaiketa emakumeek irabazi zuten eta libre geratu ziren. Baina fiskalak errekurritu egin zuen sententzia eta Gorenak kondenatu egin zituen berriz, kartzela zigorrarekin. Alta, delitua Franco garaian izan zenez, eta diktadura bukatu zenean indultuak egon zirenez, haiei ere indultua eman zieten, kondenari eutsiz, hori bai.

      Goreneko epaile bakar bat agertu zen absoluzioaren alde, Francisco Tomas y Valiente, eta kontrako boto partikularra idatzi zuen. Esan zuen emakumeak beraien eskubidean zeudela.

      etak hilko zuen urte batzuk geroago.

 

 

Mugikorreko mezu batek itzularazi ninduen berriz ere mundura. Bulegoko leihotik behatzen nuen platano-arbola ahaztu eta begira jarri nintzaion mugikorrari. Marcos Grijalbaren mezua zen. Marcos eta Rebecca ziren New Yorkera joan baino lehen bertan genituen lagun bakanak. Beraiek kontatu zizkiguten, Zoom bidez, hiriko bizimoduaren gorabeherak, nondik hasi ere ez genekiela.

 

Baduzue planik ostiralerako?

 

Ez.

 

Nahi duzue etxean afaldu? Nire laborategia erakutsiko diet umeei eta gero paella bat jango dugu gurean. Ados?

 

Primeran.

 

Arratsaldeko 6etan geratuko gara campuseko atari nagusian. Metroko 1 linea hartu. Uptown, 116 geltokiraino. Hantxe egongo naiz zain, 116. kalea Broadwayrekin gurutzatzen den tokian.

Ongi da.

 

Laster arte!

 

      Espero bezala, Marcos zain geneukan Columbia Unibertsitatearen atarian. Bost minutu atzeratu ginen eta bertan zegoen dagoeneko. Columbiari buruz esan zigun aurreneko gauza, ikasleek klasikoak irakurri behar dituztela unibertsitatera sartzean: Homero, Herodoto, Aristoteles, Platon, Zizeron, Virgilio eta enparauak. Nahiz eta ingeniaritza ikasi, horiek irakurri behar dituzte.

      Izen horiek liburutegi nagusiko eraikinaren frontisean daude zizelkatuak. Haien azpian, pankarta handi bat zegoen, emakumezko idazleen izenekin, duela gutxi jarria: Angelou, Anzaldua, Chang, Hurston, Morrison, Revathi, Shange eta Silko.

      Haren laborategirako bidean, Lorca bizi izan zen erresidentzia erakutsi zigun, eta Jose Antonio Agirrek non eman zituen eskolak. Orobat, Bigarren Mundu Gerran Manhattan izeneko egitasmoa non gauzatu zen. “Hemen jarri zuten abian bonba nuklearra, Columbian. Gero, espioi asko zeudela konturatu eta Los Alamosera eraman zuten dena”.

      Laborategian bertan, garunak nola funtzionatzen duen azaldu zigun, gure umeek ulertzeko moduko sinpletasunarekin. “Neuronak piztu eta itzali egiten dira, Gabonetako arbola baten moduan. Batzuetan batzuk besteetan besteak. Bizian zehar batzuk betiko itzaltzen dira”.

      Ondoren, nola argitzen diren erakutsi zigun. Taldeka kantetako noten antzeko zerbait sortzen dute, beti-beti mugimendu berak eragiten dituztelako. “Cortical songs deitzen diegu, kantu kortikalak”.

      — Eta mugimendu horiek finituak dira? —galdetu nion—. Izan liteke, literaturan Vladimir Proppek esaten zuen bezala, beti errepikatzen diren hogeita hamaika elementu egotea?

      — Ez dakigu oraindik finituak diren —erantzun zuen Grijalbak—. Dakiguna da eskizofrenia dutenek ez dituztela gure era berean sortzen kanta horiek. Argitxo gutxiago pizten zaizkiela garunean.

      Esan zigunaren arabera, deskubrimendu handi baten atarian gaude garunari dagokionez, dnaren antzeko deskubrimendu handi bat. Dena argituko duen teoria bat. “Neurona guztiak daude elkarrekin lotuta, denak denekin. Eta harreman hori erabat konplexua bada ere, beste alde batetik oso erraza izan behar du azaltzen”.

      — Nola da zure idazketa prozesua? —galdetu zidan—. Uste duzu dena aldez aurretik pentsatua izaten duzula?

      — Tira. Batzuetan uste dut nobela berez idazten dela.

      — Hori zen nire susmoa —jarraitu zuen—, idazleak jakin gabe egiten dituela loturak maiz. Horrexegatik irizten dio nobelak berez bukatzen direla. Demagun, oinez egitea. Oinez egitea erabateko prozesu konplexua da. Gaur egun ezagutzen ditugun robotek oso baldar egiten dute oinez. Gehienek gurpilak dituzte. Bada gu pentsatu gabe ibiltzen gara oinez. Azkenean intuizioz jokatzen duzue sortzaileok, nahiz eta planifikazio bat egin, ez dakizue nola bukatuko den dena. Ezta zientzialari batek ere. Aurrerapen handiak egiten ari gara garunaren funtzionamenduari buruz, azken urte hauetan historia osoan bezainbat aurreratu da, teknologia berriei esker, batez ere.

      — Eta arima aurkitzerik izan al duzue? —galdetu zion Norak olgetan-benetan.

      — Ez, arimarik ez dugu aurkitu. Ezpada zerbait ederragoa.

      Marcos burmuinaren edertasunaz ari zen, zenbat gauza ditugun ikasteko, zenbat aldiz harrituko gaituen. Arima ez zuten kausitu, eta ametsak? Nola irudikatzen ditugu gauzak? Burmuinak ere beldurra ematen du, ez jakiteak. Gaixotasunek ikara handia sortzen digute. Marcosek esan zigunaren arabera, gehiago jakinda, buruko gaitzik okerrenak sendatzeko eran egongo gara. Baina laguna ere izan daiteke burmuina. Adiskiderik ez badugu, berak sortzen dizkigu. Lagun alegiazkoak: anaiak bazuen bat, berarekin jolasten zen. Harekin pozik zegoen, zertarako hezur-haragizko bat? Hark ez zion minik emango, ez zuen bakarrik utziko, ez zion, besteen aurrean, burlarik egingo. Anaiak beti izan du beste mundu bat, han, burmuinean. Hitzak ere asmatzen ditu, edozein gauzarentzat, hitz berri bat, erakutsi dizkiotenek balio ez balute bezala, berak eta bere lagun alegiazkoak soilik hitz egiten duten hizkuntza ezkutuan.

 

 

Etxean sartu bezain laster, beste aitorpen txiki bat egin zigun Marcosek.

      — Ondarroako margo bat dugu sukaldean.

      — Nola ba hori? —Norak.

      — Aitak oparitu zidan, Amerikara bizitzera etorri nintzenean. Kartel bat da, jaietakoa, eta “Boga-boga” du lema gisa.

      Boga-boga kanta zaharra bezala?

      — Bai, aitak kontatu zidan kantarena. Nola Amerikara doazen marinel batzuen istorioa den.

      — Etorkinei buruzko kanta da. Zuk esan arte ez naiz konturatu. Jendeak lotzen du herriaren gorespenarekin, arrantzaleekin, baina ez migrariekin.

      — Horregatik eman zidan kartela. Kantan esaten du, “ez det nik ikusiko zure plai ederra, agur Ondarroako itsaso bazterra”. Eta begira, ondarroar batzuekin nabil hizketan orain.

      Marcosek paella prestatzen zuen bitartean, Rebeccak bere lanaren berri eman zigun. Gerra Zibileko errepublikazale fusilatuen hilobiak husten igaroko zuen uda. Historiagilea da, judu jatorrikoa. Ostiraletan sabbata ospatzeko afaria izaten dute. Eta sabbateko afarian, ohitura da gonbidatuak ekartzea.

      Hanukkah garaian umeei oparitzen zaien jostailu bat erakutsi zien Rebeccak Ane eta Unairi. Dreidel bat. Dreidela lau alde dituen ziba antzeko bat da. Alde bakoitzean hitz bat dago. Puntan duen kirtentxoari atzamarrarekin eragin eta bueltaka jartzen da.

      — Egin aproba —esan zien Rebeccak umeei.

      Ane ausartu zen. Zibota erori zenean Hei hitza utzi zuen agerian.

      Hei, hebreeraz bizitza da —esan zion Rebeccak.

      — Jai, euskaraz, besta —Anek.

      Ezin hobeto zetorkion jai hitza Aneri, bizitza, besta, biak. Haurdunaldi zaila izan zen berea. Hilabeteetan egon zen Nora ohean mugitu ezinik. Odol-galera izan zuen umetokian eta umeak bizitzeko bi aukeratik bakarra zuela esan ziguten. Eta Norak eutsi zion. Eta seinak ere bai, han barruan. Hankatxoak mugitzen ikusten genuen, odola kanpora bultzatuko balu bezala. Eta, azkenean, jaio egin zen.

      Jai, bizitza, besta. Izaera alaia, sekula arazorik izan ez duen haurra izan da, liskarren bat badago badaki hari nola aurre egin, txikitandik, inteligentzia emozional handia izan du. Heldua izango balitz bezala ume-umetatik, badaki zer den garrantzitsua eta zer ez, eta ez da sartzen debalde ur handietan.

      Irakurketa klubeko lagunek ondo hartu zuten hasieratik, nahiz eta han ezagutzen ez dugun behaztopa izan duen. Lagunik onenaren kontua. New Yorken haur guztiek dute lagunik onena, bat bakarra, eta bikoteak egiten dira lagun artean ere. Orduan, bere ikaskide guztiek zuten kidea, berak izan ezik. Gurasoen irtenbidea izan zen hiruko taldeak osatzea. Hiru ume geratzen ziren jolasteko, gaua beste baten etxean pasatzeko, hiru lagun, eta horrelaxe lortu zuen Anek parte izatea.

      Irakurle taldeko gainontzeko kideek bezala, eguneroko bat idaztera animatu zuen Norak. Noizean behin begiratua ematen genion. Hasieran, Ondarroakoak ziren gomuta guztiak. Uda, lagunak, aitona-amonak. Gero New York agertu zen. Eraikin luzeak, munstroak, itzalak. Eta azkenik marrazkia, lagunekin eskutik helduta, hiru lagun, bera erdian.

      Egunerokoarekin hartzen du lo Anek. Ohe barruan denetatik izaten du, panpinak, galtzetinak eta liburuak. Maindire artean, itsasora doazen ontzi kolorezkoak ematen dute liburuek.

 

 

Marcos eta Rebeccarenean egon eta biharamunean, larunbat goizez, umeak jostari entzuten genituen gelatik. Egongelan zeuden, haien barreak eta algarak aditzen genituen. Gelatik atera ginenean ezustekoa hartu genuen. Gabonetako arbolatik argiak, bolak eta zintak kendu zituzten eta egongelako hormaren luzean itsatsi, zinta itsasgarriarekin. “Etorri, etorri” esan ziguten.

      — Eta zer da hau?

      — Marcosen laborategia.