Izurdeen aurreko bizitza
Izurdeen aurreko bizitza
2021, nobela
320 orrialde
978-84-17051-81-5
Azala: Unai Mateo
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
 

 

2

 

 

Bizkaiko golkoa ez da hego, ez da ipar. Bizkaiko golkoa ontzi erraldoi bat da non hemisferioetako urak biltzen diren, ur epelak eta ur hotzak. Kostatik hurre, milia gutxi batzuetara, hondoak behera egiten du sakon, eta hantxe aurkitzen, ilunpeko gordean, zetazeoak, txibia erraldoiak, izaki abisalak.

      Itziarko gainetik Debara doan errepideak behera egiten du bizkor, bira eta bira eginez, urduri, musker batek bezala, egunez, edo lehorrean itotzen ari den arrain batek bezala, gauez. Badirudi hara eta hona egiten duen tunel berde baten barruan zaudela, naturak betirako itxi nahi lukeen bidezidor batean. Baina bat-batean, azken bihurgunea eta gero, itsasertzera iristen zara, eta bista lehertu egiten da, argiz eta tamainaz, ozeanora zabaltzen denean.

      Hantxe kokatzen da begiratokia.

      Beharbada Bizkaiko golkoaren lehorreko punturik sakonena izango da hura. Bertatik zabaltzen ditu besoak infinitura. Eskuina Bretainia aldera luzatzen da, eta ezkerreko besoak Kantauriko lerroa marrazten du, erromatarrek Finis Terrae izendatu zuten mundu ezagunaren muturreraino.

      Donostiatik Ondarroara bueltan, Itziartik behera autoz nentorrela, mugikorrak jo zidan beso-euskarrian. Une batean zenbakiari begiratu nion eta Estatu Batuetakoa zela ikusi nuen. New Yorkeko 212 aurrizkia zuen. Ez nuen hartu. Deia ere ez nuen itzuli. Gidatzen jarraitu nuen begiratokiraino. Otsaila zen, 2018ko negua. Autotik atera eta itsasoari begira jarri nintzen. Han urrun, zerumugan, hodeiek euria zeramaten alde batetik bestera, urezko teloi bat itxiko balitz bezala.

      New Yorkeko deia. Banekien zer zen. New Yorkeko Liburutegi Publikoko idazketa-bekara aurkeztua nintzen. Rosika Schwimmerren ondarea aztertu eta nobela bat idazteko. Erabakia hartua zutela esan nahi zuen dei hark. Beldurra ematen zidan ezetzak, eta areago baietzak.

      Euri tantak nabaritu nituen aurpegian. Itsasoko teloia ia erabat itxia zen.

      Autoan sartu eta zain geratu nintzen. Euriaren taupada hotsak entzuten nituen, bizkortzen.

      Berriro deitu zuten.

      Beka eman zidaten.

 

 

New Yorkera bertara joan gabe bilatu behar genuen etxea. Irailaren hasieran hasten zen liburutegiko beka, eta baita umeen ikasturtea ere. Etxebizitzen alokairu merkatua ordea maiatzean mugitzen zen. Orduan hasten dira etxeak husten New Yorken. Eta berehalaxe betetzen dira. Ezin genuen egon zain udaren bukaerara. Udaberrian bertan alokatu behar genuen apartamentua, aurrez aurre ikusi gabe, saretik.

      Nondik hasi. Zoramena. Hurrengo ikasturterako bi gauza izan behar genituen oso kontuan, bi-biak ziren ezinbestekoak eta bata besteari lotuta zeuden. Alde batetik, etxea eta, bestetik, umeentzako eskola. New Yorkeko eskolak eremutan banatuak daude gehienak, eta beharrezkoa da etxea hartzea eskolari dagozkion kaleetan. Ez dira asko izaten, hamar, hamabost asko jota. Kale horietan alokatzea lortzen ez baduzu, ezin dituzu umeak matrikulatu. Baina etxea alokatzeko ziur jakin behar duzu eskolak plazak libre dituela. Esandakoa, zoramena.

      Badago atari bat, Sabbatical Homes deritzona, non unibertsitate irakasleek beraien etxea alokatzen duten urte sabatikoa hartzen duten aldiro. Etxea libre uzten dute urtebetez beste nonbaitera joateko eta hura alokatuz diru bat ateratzen dute. Ez zen aukera txarra. Azken finean, gure hasierako asmoa zen New Yorkera urtebeterako baino ez joatea.

      Sartu ginen orrira eta iragarkia jarri. Familia euskaldun bat datorren ikasturterako etxe bila. Handik egun batzuetara hasi ziren ailegatzen eskaintzak.

      Lehena, Montclair-en bizi zen familia batena. Argazkiei erreparatuz gero, etxea atsegina ikusten zen, oholez egina, xx. mendearen hasieran eraikia. Lorategi bat ere bazuen eta zuhaitzean txabola. Eskola onak zeuden New Jerseyko bazter hartan. Montclair, orduan jakin genuen, idazle eta kazetari batzuen bizilekua zen. Hiritik ihesi joandakoak nonbait. Hala ere, bazuen kontrako alderik. Egunero hartu beharko nuke trena New Jerseytik New Yorkera joateko, ordubeteko bidea. Norak nahiago zuen hiriko bizimodua, New Yorkera urtebeterako joanda, esaten zuen hobe zela Manhattaneko zirimolan bete-betean sartzea.

      Bigarrena, Brooklynen bizi zen filosofo batena. Prospect Parken ertz batean bizi zen, xix. mendeko townhouse batean. Etxea ikusgarria zen, liburuz betea. Eta umeen gela koloretsua ere bazuen. Brooklyneko eskoletara hasi ginen idazten. Egunak aurrera eta ez zuten erantzuten. Egunero sartzen ginen etxe hartako argazkiak ikustera. Sarean aurkitu genuen liburu-denda batzuk ere hurre zituela. Hauxe da gure lekua. Baiezkoa eman genion. Baina bueltan idatzi zigun esanez baldintzak aldatu zituela. Filosofoak maiatzetik aurrera kobratu nahi zigun alokairua, irailean hasi beharrean.

      Hirugarrena, 14. kalean bizi zen zientzialari bat. Eskolen bila hasi ginen. East Village Community School. Aurrerakoia. Argazkian, zuzendaria gitarra joaz ikasleei. Umeak pankartekin. Itxura ona. Baina badu eragozpen bat. Hiri osoko umeei zabalik dago. Ez dute tokirik izango.

      Idatzi, zain egon, ustekabea. Onartuko dituzte umeak. Idatzi etxejabeari. Ba, nahi dugu etxea, prestatu mesedez kontratua. Etxejabearen erantzuna. “Nahiago dut estatubatuar batzuei alokatu, auzokoekin arazorik ez izateko”. Estatubatuarrak nahiago, oso zientifikoa.

      Hutsean geunden berriz. Eta ekainaren erdian.

      Entzuna genuen nonbait, “New Yorken denborarekin dena ateratzen da”. Zalantzak, ordea, gero eta haziagoak ziren. Sabbatical Homes atariko aukerak xahutu ziren. Higiezinen agentzietara jotzeko ordua zen. Brooklyn eta Villageko atsekabeak eta gero, Upper West Side aldean hasi ginen bila.

      PS 87 William Sherman izeneko eskolan gaztelania eta ingelesezko hezkuntza elebiduna eskaintzen zuten, eta umeek aukera zuten onartuak izateko. Gureek gaztelaniaz bazekitenez, lagungarri izan ahal ziren gainontzeko umeen hizkuntza trebakuntzan. Gure umeen gaztelania ez zen oso jasoa, baina, euskara beraien ama hizkuntza izanik. Tira, ezer ez baino hobe.

      Eskolak baietz, onartuko zituztela, 72. eta 86. kaleen bitartean alokatuko bagenu etxea. Hasi ginen higiezinen agentzietako orrietan begira eta eskean. Ez ziguten erantzun ere egiten. Upper West Side auzoan zaila da tokia egitea.

      Goiz batean Rocco izeneko gizon baten mezua aurkitu zuen Norak postan. Harrigarria zen. Erantzun ez ezik apartamentu bat ere eskaini nahi zigun. 79. kalean, ikastetxetik kale bakar batera, bi gelako etxe bat. Zirt edo zart egin behar genuen. Erantzuna egun batetik bestera izan behar zen. Prezioa altua zen baina eskola publikoan ez zen deus ordaindu behar, gosaria eta bazkaria ere doan ematen zieten umeei. Bai edo ez, baina orain. Horrela, emozio-zurrunbilo betean eta ia konturatu gabe, alokairu-kontratua sinatu genuen eta zati eder bat ordaindu, gure etorkizuneko etxea ikusi ere egin gabe.

      Txanpon bat airera botatzea bezala izan zen, Leon edo kastillo, huts edo bete.

      Eta dena iruzurra balitz?

 

 

Kutxak zabaltzea, hori egiten zitzaidan bekako egitasmoan, beharbada, erakargarriena. Bizitza oso bat deskubritzen joan, ezari-ezarian Rosika Schwimmerren zati hautsiak lotzen ahalegindu, zentzu bat eman haren ibilbideari eta, bide batez, neureari ere bai. Ezen banekien kutxa horiek zabaltzeak nire barruko beste kutxa batzuk zabaltzea ekarriko zuela. Kutxetan gordetzen baitira oroitzapenak ere, gure burmuinean. Estimulu batek zabaltzen dituen arte.

      Alzheimer gaitza dutenei gertatzen zaie kutxa horiek ixteko gai ez direla, estalkirik gabeko kutxak dira haienak. Eta oroitzapenek ihes egiten dute kutxetatik. Iraganeko kutxak bai, horiek itxita dituzte, eta gai dira duela urte askotako bizipenez oroitzeko. Aitzitik, atzo goizean gertatutakoari eusteko nor ez dira, beraien burmuina etxe abandonatu bat da non leihoak eta oholak haizearen mende ari diren dantzan.

      Orduan ez nekien nora eramango ninduen kutxa horiek zabaltzeak, ze lurralde argituko zen nire barruan. 1949ko urtarrilean, aurreko urtean hil ziren pertsona esanguratsuenen artean aipatu zuen The New York Times egunkariak Rosika Schwimmer, Mahatma Gandhiren tamainako beste izen handi batzuekin batera. Nahiz eta, gaur egun, ahanzturan eroria dagoen Schwimmer.

      Edith Wynner artxibozainak ezin zuen ahanztura hori jasan, ezta onartu ere. Schwimmerren paper eta agiri guztiak bildu eta artxibo handi bat antolatu zuen. Wynnerrek ongi ezagutzen zuen Schwimmer. Bere idazkari pertsonala izan zen hogei urtez, elkar ezagutu zuten egunetik bertatik Schwimmer zendu zen egunera arte.

      Baina hori ez da dena. Liburu bat ere badago tartean, bukatu gabeko liburu bat.

      Edith Wynner berrogeita hamar urtez egon zen bere nagusi eta adiskidearen biografia idazten. Eta inoiz ez zuen amaitu. Jorge Luis Borgesek aipatzen zuen mapa bat, hain perfektua ezen munduaren tamaina bera zuen. Wynnerren liburua ere bide beretik zihoan. Schwimmerren bizitza osoaren tamaina hartzen ari zen: argazkiak, gutunak, dokumentuak, xehetasun txikiena ere sartu nahi zuen haren biografian. Proiektu itzela zen, milaka orrialde hartzen zituena. Ez zuen inoiz bukatutzat ematen. Ez zuen egundo asebetetzen.

      Liburu perfektuegia zen argitaratua izateko.

      Edith Wynnerrek New Yorkeko Liburutegi Publikoan egin zuen lan Rosika Schwimmer hil zenez geroztik. Bere lan egiteko modua oso zehatza zen. Egunero ordu berean joaten zen artxibategira, goizean goiz, eta egun osoa igarotzen zuen bertan. Ez zuen beste bizitzarik. Lan eta lan, besterik ez.

      Editoreekin hitz egin zuen, kontratuak sinatu zituen, baina ez zuen inoiz originala entregatzen. Behin eta berriz atzeratzen zen.

      Kutxetan begiratuta, ohartu nintzen liburu beraren bertsio ugari idatzi zituela. Kapitulu berbera aurkitu dut behin eta berriz idatzia. 40, 50, 60 eta 70eko hamarkadetan idatzitako zirriborroak daude. Atal beraren bost zirriborro.

      Xehetasun batez oroitzen bazen, aurrez idatzitako orriari beste berri bat itsasten zion zinta itsasgarriz. Erantsitako testu haiei “txertoak” deitzen zien. Nola gereziondoak eztitzen diren anpolai gozoak sor ditzaten, halaxe egiten zuen bere liburuarekin ere, detaileak sartuz, anekdotak, zaporea ematen zion testuari.

      17A izeneko txertoari argazki bat atera nion mugikorrarekin.

      Honela zioen:

 

      “Subotikako egonaldietan, eta Rosika oraindik haurra zenean, schwimmertarrak igandero joaten ziren tren geltokira. Orient Expresseko bidaiariak trenetik nola jaisten ziren ikusten ematen zuten arratsaldea. Garai hartako trenik luxuzkoena zen. Banku batean eserita, schwimmertarrak bidaiari haien jantzi estreinatu berriei begira egoten ziren, hitz egiteko eta jarduteko zuten modu bitxiari begira, beren ohituretatik hain urrun. Film bat ikusten ari zirela zirudien, beren zinema izarrekin”.

 

      Beren ohituretatik hain urrun, tren geltokiko banku batean.

 

 

Higiezinen agentziako Roccok idatzia zigun, “atarira iristen zaretenean, jo txirrina atezainaren etxean, esan zuek zaretela, eta igo apartamentura. Atea zabalik egongo da. Giltzak barruan dituzue”. Horrelaxe egin genuen. Ez zen iruzurrik. Etxea existitzen zen, atea zabalik zegoen. Baiki, New Yorken bihotzean, apartamentuko atea zabalik utzi ziguten, beldurrik gabe. Gomutan hartu nuen haurtzaroko jostun bat. Emakumea josteko makinan egoten zen lanean eta ez zuen astirik izaten atea zabaltzen ibiltzeko. Horregatik, atean lokarri bat izaten zuen eta hari tira eginez sartzen zinen bere etxera. Eta lokarriari tiratzen zaion erraztasun berarekin joan ginen ezagutzen auzoa, oinez, uztaia gero eta gehiago zabalduz.

      Upper West Side, Central Parken mendebaldera geratzen den eremua. Riverside parkearekin egiten du muga beste aldean, eta Hudson ibaiarekin. Hantxe daude Historia Naturaleko Museoa, Beacon antzokia edo Dakota eraikina. Kaletik zoazela dena ikusten da gortinarik gabeko leihoetan barrena. Antzeman egiten da kulturarako zaletasun hori. Liburuak, liburuak etxe guztietan, horma bete, gela bete liburu. Esaten da labean ere liburuak dituztela auzotarrek, janaria eginda erosten dutela liburuei sukaldean lekua egiteko. Bista goratu eta banderak nonahi, aldarrikapena. Ostadarraren bandera, eta Black Lives Matter-enak ere bai.

      Abuztuaren bukaera zenez, bero zen oraindik, sargori euria egin berri, euri-erauntsia beti hemen, eta ondorioz kaleek fruta mailatuaren usaina zuten. Usain berriak hasi ginen ikasten. Zabar’s janari dendara sartu, non musika klasikoaren doinuez mugitzen den jendea gurditxoekin, eta gazta eta kafe usaina. Barney Greengrass jatetxeak arrain lehorraren aroma zekarren, Dublin garagardotegi zaharrak zerbeza sikuarena, eta Momoya ostatu asiarrak jengibrearena.

      79. kaletik etxera bueltatzean, Banksyren grafiti bat ezagutu zuen Norak, suhiltzaileen ur-hargune baten gainean margotua. Mutiko bat mailu handi batekin hargunea puskatzeko keinua egiten.

      — Banksyk berak ere beroa pasatu zuen hemen itxura batean —atera zitzaion Norari.

      Rosika Schwimmerren paperak behatzen, aurkitu nuen Edith Wynner eta biak gure kale berean bizi izan zirela garai batean, 79.ean bertan, etxe alokatu batean haiek ere, baina aurreko espaloian. Beraien leihotik gure apartamentua ikusiko zuten, pentsatu nuen.

      Behatuko balute, ikusiko lukete etxe huts bat lurrean koltxoneta puzgarri batekin.

      Hantxe egin genuen estreinakoz lo Norak, umeek eta laurok, bata bestearen gainean.