6
Rosika Schwimmerren bizitza publikoa, nolabait esan, xix. mendearen azken hamarkadan hasi zen, familia osoa Budapestera bizitzera joan zenean, non Rosikak lana aurkitu zuen, Subotikan eta Timisoaran bezala, zenbait enpresatako kontu-liburuak eramaten. Baina ez hori bakarrik, hogei urteko neskato hura hazi egin zen pertsona bezala eta, xix. mendearen eta xx. mendearen bihurgune hartan, aktibista ezagun bilakatu zen gero eta indar handiagoa hartzen ari ziren eskubide zibilen defentsan. Emakume eta langile, bi-biak izatearen kontzientzia sendoa hartu zuen eta, ondorioz, bera lakoen eskubideen aldarrian engaiatu zen. Eta halaxe agertzen da Rosika Schwimmerren izena garai hartako elkarte eta alderdi anitzen sorreran: Hungariako Emakume Langileen Elkartea, Hungariako Emakumeen Kontseilua eta, bidenabar, Hungariako Elkarte Feminista. Bidezkoa zela uste zuenaren aldeko jarrera suharra zuen, eta horri gehitu behar zaio lidertzarako berezko dohaina. Tasun horiek ez ziren oharkabean pasatu bere kideen artean, eta laster bihurtu zen gidarietako bat, ez bakarrik Hungarian, Europa mailan ere bai.
Bere bizitzaren norabidea aldatuko zuen Emakumeen Sufragioaren Nazioarteko Aliantzaren urteroko bilera Budapesten izateak. Rosikari berari bururatu zitzaion bere hirian antolatzea tamaina horretako bilkura, ikusirik emakumeen mugimenduak Hungarian zuen antolakuntza ahalmena. Arrakasta handia izan zuen bilera hark. Mundu osoko sufragistak egin zituen lagun bertan eta, bide batez, Rosikaren itzala handitu egin zen erakundean. Izena hartu zuen lider gisa, hainbestekoa, ezen erakunde horretako idazkari hautatu zuten. Ardura handia zen emakumeen bozka xede zuen nazioarteko elkarte baten gidaritzan saiatzea, eta hori gutxi balitz, Aliantzaren egoitza Londresen zegoenez hara joan zen bizitzera, 1914 hasieran, familia Hungarian utzita.
Londresen harrapatu zuen Lehen Mundu Gerraren eztandak, hirira bildu eta handik gutxira. Aberatsen arteko gerra bat zen baina pobreek galtzen zuten bizia lubakietan. Fronteetatik zetozen berriek erabat aztoratzen zuten emakumea: gerra hura ez zen ordura artekoak bezalakoa, erabat ankerra izaten ari zen, milaka eta milaka gazte ari ziren bizia galtzen, labezomorroen antzera, gasak itota, edo bonbekin.
Berezkoa zuen borrokarako izaera horrek bultzatu zuen, Aliantzako gainontzeko kideekin batera, gerraren aurkako kanpaina bat abiatzera. Hala ere, bere egoera pertsonala gero eta estuagoa zen, Londresen bizi zen hungariarra izanik, Erresuma Batuaren aurka gerran zegoen herrialde bateko herritarra. Ingalaterrako hiriburuan bizitzea gero eta zailago egiten ari zitzaion. Gobernu britainiarra ez zen etsaien aldean jaiotako intelektual batez fidatzen eta, batez ere, ez zituen gustuko haren ideia bakezaleak. Egoeraren zailtasunaz ohartuta, nazioarteko sufragisten bileretan ezagutu zuen adiskide batek, Carrie Chapman Catt estatubatuarrak, irtenbide bat proposatu zion. Zergatik ez Amerikan denboraldi bat igaro? Estatu Batuek jarrera neutrala zuten orduan, eta sufragioaren aldeko hitzaldi batzuk emanez, urrundu egingo zen Europatik eta hango estuasunetatik.
“Joango naiz, gerraren aurka hitz egiten uzteko baldintzarekin”, idatzi zion Catti. “Nahi duzun bezala, baina zatoz”.
1914ko abuztuaren hasieran iritsi zen Estatu Batuetara, Bostoneko portuan barrena, eta, bertan egun gutxi batzuk igaro eta gero, New Yorkera ailegatu zen, non McAlpin hotel ospetsuko gela ñimiño batean hartu zuen ostatu. “Gaua 2,5 dolar ordainduta, gela ezin da txikiagoa izan, pospolo kaxa bat”, idatzi zion bere ahizpa Franciskari.
Ameriketara ez zen oharkabean iritsi, kazetariak berehala jabetu ziren New Yorken zegoela, eta hura elkarrizketatzen saiatu ziren. Bazekiten berriemaileek bakezalea zela eta gerra geldiarazi nahi zuela. Iritsi berri, abuztuaren 12an, alemanez argitaratzen den Staats-Zeitung egunkariari eman zion Rosikak lehen elkarrizketa.
— Beraz, gerraren aurka zaudela diozu.
— Halaxe da, bakezalea naiz.
— Baina emakumea zara.
— Eta?
— Bada hori, ezin duzula ezer egin.
— Ez nago bakarrik. Hogeita hamar herrialdetako emakumeak ordezkatzen ditut. Bake plan hau denon artean egin dugu.
— Emakumeek ezin dute ezer egin gerra bat geldiarazteko.
— Hau bakarrik egin nezakeela uste izan banu, ez nintzen zurekin elkartuko. Bakeak guztion beharra du.
Esan beharrik ez dago, Rosika oso nahigabetuta atera zen lehen elkarrizketa hartatik. Behin eta berriz etortzen zitzaizkion gogora elkarrizketatzailearen hitzak, destaina keinu hura. “Ezin duzu ezer egin, emakumeek ezin dute ezer egin”. Edonola ere, errealitateak beste zerbait adierazten zuen. Borroka sufragista egoki antolatuta zegoen Estatu Batuetan. Jende asko mugitzeko gai zen. 1913an, esate baterako, Wilson presidentearen kargu hartzean, milaka emakumek inguratu zuten Etxe Zuria emakumeentzako boza eskatuz. Wilson ez zen pausoa ematera ausartzen, herabeti zebilen kontu honetan, emakumeen botoaren aurkako oposizio handia baitzegoen, hau ere oso antolatua. Beste zazpi urte beharko ziren Estatu Batuetako Konstituzioak 19. eranskina onartu zuen arte, Wilson bera presidente zela.
Carrie Chapman Cattek berak eman zizkion Rosikari Estatu Batuetako sufragioaren egoerari buruzko argibideak, Central Parketik paseatzen zeudela, Catten etxetik gertu, 86. kaleko mendebaldeko hirugarren zenbakian bizi baitzen.
— Bi alderdiak berdinak dira sufragioari dagokionez —argitu zion amerikarrak—, Alderdi Errepublikanoa alemaniarrek menderatzen dute, eta sufragioaren aurka daude emakumeek alkoholaren inguruan duten iritziagatik. Alderdi Demokratan irlandarrak dira nagusi, eta arrazoi beragatik daude kontra. Beldur dira bi alderdiak emakumeak bozkatzera iritsiko bagina, alkoholari buruzko lege murriztaileren bat sustatuko ote genukeen.
— Hori ez nautelako ezagutzen izango da —barrez.
— Egia da, ez zinen makala Budapesteko gauean.
Rosikak pausoa geratu zuen eta begietara begiratu zion Catti.
— Wilsonekin bildu nahi dut.
— Wilsonekin? Zertarako? Gizon horrekin tirabira asko izan ditugu sufragioa dela eta. Ez zaitu hartuko.
— Baina ez zen sufragioari buruz hitz egiteko izango, gerrari buruz baino. Bitartekari izatea nahi dut.
— Ez dakit. Nik uste dut pausoak gehiegi neurtzen dituen gizon horietakoa dela.
— Baina badakizu zenbat jende hiltzen ari den gerran? Emakumeak eta umeak ere bai. Ez da beste gerren modukoa. Berarekin hitz egin behar dugu kosta ahala kosta.
— Ados. Estatu idazkariari idatziko diot.
Rosikak besotik heldu zuen Catt eta paseatzen jarraitu zuten. Katamixar bat hurreratu zitzaien lotsagabe.
— Eta hauek, ez al dira sekula kikiltzen? Europakoak oso beldurtiak dira.
— Kar, kar, ondo tratatzen ditugulako izango da.
Cattek hitza bete zuen eta behin baino gehiagotan idatzi zion estatu idazkariari; zenbatetan idatzi, hainbatetan jasotzen zuen erantzun bera: “Presidentea lanpetuta dago”. Azkenean, Cattek argitu zion ez zutela berarekin hitz egin nahi emakumeen botoari buruz, gerrari buruz baino: “Segundo batzuk besterik ez ditugu nahi, eta bakeari buruz hitz egiteko izango da”.
Hainbatetan saiatu ondoren, estatu idazkariarekin elkartzea lortu zuten halako batean. Harekin egindako hitzordua, betiere Edith Wynnerren paperen arabera, 14 minutukoa izan zen, 09:55etik 10:09ra hain zuzen ere eta gainera tarte horretan hiru telefono deik eten zuten haien solasa. Gerra geratzeko Wilson lehendakariaren balizko bitartekaritzaz hitz egin zuten baina idazkaria ez zen oso aldeko agertu.
— Aita santua bitartekaritza egiten saiatu zen eta porrot egin zuen —argudiatu zuen.
— Aita santua, zalantzarik gabe, erreferente espirituala da herrialde katolikoetan, baina ez hainbeste herrialde protestanteetan edo fede ortodoxoa dutenetan, Errusian edo Grezian adibidez —zehaztu zion Rosikak.
— Ez nuen inoiz horrela pentsatu —esan zuen estatu idazkariak, kokotsa laztanduz.
Handik egun batzuetara, mezu bat jaso zuten Etxe Zuritik. Wilson presidentea prest zegoen bi emakumeekin hitz egiteko. Irailaren 18an jasoko zituen, 02:15ean. Halaz ere, Rosikaren pozak ez zuen gehiegi iraun. Cattek, ezustean, muzin egin baitzion Wilsonekin elkartzeari.
— Sentitzen dut azken orduko desertzio hau, Rosika, baina ezin dut aurrera egin honekin...
— Baina zergatik? Ez dut ulertzen. Orain hain eskura dugula?
— Clevelandera joan beharra daukat, lehenbailehen.
Rosikari bururatu zitzaion galdetzea ba al zen zerbait garrantzitsuagoa presidentearekin biltzea baino, baina isildu egin zen. Nonbait barneratu egin zuen Cattek ez zuela Etxe Zurira joan nahi eta, gainera, ez zela iritziz aldatuko.
— Gera al naiteke egun bat gehiago New Yorken? Ala zurekin joan behar dut Clevelandera?
— Jakina, ez zara nire inudea. Baina ez etorri gero muturtuta ezer ez duzulako lortu. Ezagutzen dut Wilson, ez du behatz bat ere mugituko.
Catten ezetzaren atzean borroka feministaren lehentasunei buruzko desadostasuna zegoen. Ez zuen sinesten bilera horretan. Azken buruan, Estatu Batuak ez zeuden gerran eta ez zuen gatazka bere azalean bizi. Urrun zegoen Europa, urrun. Gainera, ez zitzaion interesatzen bere burua eta, hedaduraz, mugimendu sufragista, beste fronte batean sartzerik. Gehiegitan egin zuen talka presidentearekin emakumeen botoa zela eta ez zela, orain beste liskar batean sartzeko. Rosikarentzat, aldiz, boza lortzea bigarren mailako bilakatu zen gerra lehertu zenez geroztik, ezin zuen jasan gerra sorrarazten ari zen hondamena. Eta ez zuen Budapesteko bilkuran ezagutu zuen emakume estatubatuar alai hura aurkitu New Yorken, Catt beste pertsona bat zen, etsitua zegoen, oso ezkor.
Rosikak ez zekien zer egin. Azken pausoa baino ez zitzaion falta. Baina bere ingelesa ez zen oso ona, nor izango ote zen bere ideiak presidenteari azaltzeko? Zalantza asko eta gero, hartu zuen erabakia.
Bera bakarrik joango zen hitzordura.
Irailaren 17an, bileraren bezperan, Washingtonera ailegatu zen. Willard izeneko hotel batean hartu zuen ostatu.
Nekez hartu zuen loak gau hartan. Ohetik behatzen zuen sabai zaharkituan lubakietako gas hodeiak ikusten zituen.
Biharamunean, goizean goiz deitu zioten. Elkarrizketa bi orduz aurreratuko zen. Eguerdian ikusiko zuten elkar.
Oso urduri jarri zen Rosika. Ez zekien zer jantzi. Arropak miatzen hasi zen, armairuko ispiluaren aurrean bere burua ikusten. Soineko gorria probatu nahi izan zuen, baina konturatu zen ez zela barruan sartzen. Amorruz kendu zuen soinetik, hankekin zapalduz. Maletan ez zegoen gauza handirik. Gona beltz bat eta blusa zuri bat baino ez. Estatuburu bat ikusteko egokia izango al da? Orain ez daukat erremediorik.
Hitzartutako orduan, zalgurdi batek jaso zuen Rosika hotelean. Atzealdean eseri bezain laster, gidariari galdetu zion ea nola hitz egin behar zion presidenteari.
— “Wilson jauna” edo “Presidente jauna” dei diezaiokezu, nahi duzun bezala. Lasai egon. Ez zoaz sari emate batera. Lanera zoaz.
Rosikak gogo onez hartu zuen “Presidente jauna” horren soiltasuna. Austria-Hungariako Inperioko edo Erresuma Batuko agintariekin tratuan ohikoa zen ponperia eta pedantekeriarekin ez zuen zerikusirik.
Etxe Zurira behin sartuta, Rosika ez zen luzaroan zain egon. Ordua iritsi zenean, Wilson presidentea bulego obaletik atera zen eta sartzeko gonbita egin zion besoa luzatuz.
— Pozten nau zu ikusteak —horixe izan zen esan ziona.
— Barkatu nire ingelesagatik —desenkusatu zen Rosika—. Beste norbaitek hobeto azalduko zizun plana, baina azkenean bakarrik etorri naiz.
— Ez dut pentsatu nahi zein gaizki pasatuko nukeen nirea ez den hizkuntza batean hitz eginez. Ez horregatik barkamena eskatu.
Rosika berehala ohartu zen xehetasun batez. Lehendakariak zinta beltz bat zeraman besoan. Une batez, bururatu zitzaion agian gerragatik izango zuela soinean, baina ez, duela gutxi alargundu zelako zen.
Rosika harira joan zen.
— Uste dugu aparteko bitartekaria izan zaitezkeela gerra gelditzeko. Bakezalea zara. Mexikon esku hartzeari uko egin zenion, eta zure administrazioak keinu asko egin ditu Gerra Handian bitartekari lanak egiteko.
— Ez pentsa, ezinegon handia sortzen didate Europatik datozen berriek baina... —Wilson isilik geratu zen segundo batzuez—. Baina, agian, hobe da ezer ez egitea zuzen ez jokatzea baino.
— Eta gertatzen ari diren ankerkeriak, zer? —atera zitzaion Rosikari—. Milaka pertsona ari dira hiltzen, eta ez bakarrik soldaduak...
— Gauza da alde bakoitzak kontrakoak egiten dituen ankerkeriak ikusten dituela, baina ez bereak.
— Horregatik, bi aldeetako emakumeak elkartu gara bakearen alde elkarrekin lan egiteko eta zure bitartekaritza eskatzeko.
— Utzidazu esaten ni saiatu nintzela bitartekari lanetan, gerra hasi zenean, eta inork ez zidala jaramonik egin. Inork ez ditu Estatu Batuak entzuten. Europarrentzat gu ez gara botere handi bat. Haientzat boterea soldadu eta gerra-ontziekin zenbatzen da, eta guk ez ditugu hainbeste. Ez dute kontuan hartzen botere morala.
— Baina Estatu Batuak ez lirateke bakarrik egongo. Bitartekari lanak egingo lituzkeen herrialde neutral talde batean pentsatu beharko litzateke. Badakit iparraldeko herriak ere prest egongo liratekeela pauso bat aurrera emateko, Estatu Batuak parte badira, jakina.
— Ez dakit, emakumea...
Wilson mahaitik altxatu zen eta ateraino lagundu zuen Rosika.
— Emadazu, gutxienez, gure plana irakurriko duzun hitza —esan zion Rosikak aterako bidean.
— Ongi da. Irakurriko dut. Hitza ematen dizut.
— Wilson jauna, gorrotoak dena suntsituko du. Gainera, iraultzak gerta daitezke.
— Ez dut uste iraultzarik gertatuko denik —erantzun zion presidenteak gaitzespen keinu batez, Errusian soilik hiru urteren buruan gertatuko zena susmatu gabe.
Wilsonek ateko kirtenari eragin zion.
— Azken gauza bat. Hitz egin al nezake prentsarekin gure enkontruaz?
— Jakina. Hitz egiten ez baduzu, beraiek berdin-berdin idatziko dute eta dena asmatuko dute. Beraz, hobe haiekin berba egitea.
Wilsonekin izandako elkarrizketa 16 minutukoa izan zen, ez gehiago ez gutxiago. Baina Rosika gustura geratu zen. Egunerokoan idatzi zuenez, Wilsonek begirunez hartu zuen, ez zion “nork bidali zaitu hona?” edo “nor dago zure atzean?” bezalako galderarik egin eta adi-adi entzun zion. Oso pertsona zentzuduna iruditu zitzaion.
Irteeran prentsa zuen zain, espero bezala. Wilsonekin hitz egindakoari buruz baikortasun eta adeitasunez erantzun zien kazetariei.
— Wilsonek onartu egin ditu emakumeon aholkuak.
Etxe Zuritik hotelera zalgurdian bueltan zihoala, eta iraileko argi laruari begiratuz, pentsatu zuen bakarrik joatea, Catt gabe, hobe izan zela azkenean. Nahiz eta hasieran bakarti eta urduri sentitu, gero ondo moldatu zen. Egoerari bakarrik aurre egiteak lagundu zion jakiten zein zen bere benetako neurria. Bere buruaz konfiantza hartzen lagundu zion. Eta kemen horretaz baliatuz, saiatuko zen gerra krudel hura geldiarazten.
Hoteletik bertatik telegrama bat idatzi zien Londresko Emakumeen Aliantzako kideei.
“Presidenteak audientzia luze batean jaso gaitu. Stop. Onartuak gure manifestuaren aholkuak ekarpen baliagarri gisa. Stop. Gure eskariak pisu handia izango du haren etorkizuneko erabakietan. Stop”.