1
Izurdeak, aurreko bizitza batean, pertsonak izan ziren. Horixe sinisten zuten behintzat antzinako euskaldunek. Eta gizaki horiek izurde bilakatu ziren laminen maitale izateagatik. Laminak maitatzeak hori zekarren, itxuraldatzea, bizitza goitik behera mudatzea, lehorrekoa utzi, egunerokoa, eta beste aldi bati hasiera ematea, gorputz berri batekin eta itsasoan. Bidaia baten hastapena zen. Nork daki odisea makur ala abentura onuragarri izango zen beraientzat, ezin da jakin zoriontsuago izango ziren edo gertukoen hutsunea nozituko zuten; baina behin urratsa eginda ez zuten atzera egiterik, ez zegoen norabidea aldatzerik.
Laminek, Norak kontatu zidanez, hizkera propioa zuten. Euskaraz bazekiten, jakina, baina tarteka hitzak asmatzen zituzten, laket zuten jolas hori. Bizkorregiak diren haurrek egin ohi duten bezala, beste inork esaten ez dituen ele berriak sortzen zituzten hutsetik, ordura arteko hiztegiak ez baitzituen jasotzen beren errealitatea azaltzeko nahikoa zehatz ziren berbak. Gauzak horrela, norbait beraiekin maitemintzeari, laminen hizkera berezkoan, esaten zitzaion izurdau, izurde bihurtu alegia. Izurdetzea zen gizon ala emakume bat beraien maitale bihurtzea, apetarik ezkutuenak elkarrekin betetzea. Madarikazioa ala bedeinkazioa, hori bakoitzaren arabera.
Izurdeei buruzko elezahar hau gogoan hartu badut, izan da esateko migrarioi ere bizitza aldatzen zaigula behin muga zeharkatzen dugunean. Gure ametsak, beharbada, lamina haiek bezain irrealak izan bide dira, zeharo alegiazkoak. Aurkitutakoa ez da aurretik pentsatutakoa izango, hobea ala okerragoa, baina beste zerbait.
Orobat, aldatu egiten da sorterria. Edo, hobeto esanda, migrariok hari buruz dugun pertzepzioa. Behin sorterriko bizitzatik kanpo, hango denboratik at zaudela, atzean utzitakoak beste itxura bat hartzen du, aldatzen doa, ezinbestean. Egunerokotasun izateari utzi eta irudi bihurtzen da, bilakatzen da zerbait ρabardurarik gabea, ilusio, fikzio azkenean. Migrariok ez dakigu zer dakarren geroak baina jakin badakigu iragana ez dela gehiago izango behin izan zena.
Ba al da hitzik hori azaltzeko?
Laminen hizkuntzan, agian.
Izotz zatietan saretua zetorren Danubio ibaiaren emaria 1920ko urtarrilean. Ibaiak zekartzan horma blokeak zatitu egiten ziren Budapesteko Kateen Zubiaren oinarrietan. Alban, goizak izotzaren zuria desestali aurretik, bapore txiker bat atera zen Budapestetik Vienara bidean, ibaian gora, horma zatiak saihestuz zabaltzen ziren bidezidor meharretan barrena.
Ontzian, bela batzuen azpian, emakume bat zihoan.
Txalupak ezkutuan zeraman bere garaiko pentsalari garrantzitsuenetako bat, munduan izan zen lehen emakume enbaxadoreetako bat, hizlari eta ekintzaile ezaguna, Rosika Schwimmer. Ilunpean zen intelektual hark emakumeen bozkaren alde hitz egin zuen gaztetan, oso gaztetan, Danubio ertzeko parlamentu dotorean, eta haren hankarik gabeko betaurrekoak ezagun egin ziren Austria-Hungariako Inperio osoko egunkarietan. Londresen izan zen Emakumeen Nazioarteko Liga zuzentzen, Lehen Mundu Gerra geldiarazteko mugimendua antolatu zuen eta, orain, emakume bizkor eta agian garaitu hura bela artean zihoan, gordean, erbestera bidean.
Hungariako Errepublikak bizitza laburra izan zuen. Schwimmer bost hilabetez baino ez zen izan Hungariako enbaxadore Suitzan. Bela Kunen komunistek hartu zuten boterea gero, eta ostean Horthy almirante eskuin muturrekoak. Terrore gorriari segida eman zion terrore zuriak. Eta bi-bientzat zen susmagarria Schwimmer, komunista dogmatikoentzat burgesa zen, eta faxista asaldatuentzat jazarri beharreko judua.
Ihes egin behar zuen, bai ala bai.
Vienatik Estatu Batuetarako bidea hartu zuen, Europa ezegonkorretik ihesi, Atlantikoaren beste aldean merezitako aintza eta berotasuna erdietsiko zuelakoan.
Amerikara iritsi eta bederatzi urtera, 1929ko maiatzaren 24an hain zuzen, Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak emakume haren nazionalitate eskakizunari buruz erabaki behar zuen: “Schwimmer versus United States”. Kasua auzitegi desberdinetatik igaro zen goraino iritsi arte. Guztira, hamahiru epailek eman zuten hari buruzko iritzia, zazpi aurka agertu ziren eta sei alde.
— Benetan uste dut —jarraitu zuen aztertzaileak— herri honek ez dituela emakumeak borrokara bidaliko. Oraindik ez dugu amazonen erregimenturik.
— Espero dut sekula ez izatea —Rosika Schwimmerrek.
— Baina beharbada erizain gisa bidali beharko ditugu gure soldaduak jagoteko. Prest zaude gobernu honek horrelako misioetara bidal zaitzan?
— Prest nago emakume estatubatuar bati eskatzen zaion guztia egiteko, baina ez borrokatzeko.
— Tira, gure emakumeek ez dute borrokarik egiten. Ez dugu zugandik espero sorbaldan mosketea eramatea.
— Prest nago gobernu amerikarrak bere herritarrei ezartzen dizkien lege guztiak betetzeko.
— Gertu zaude emakume amerikar bati eskatzen zaion guztia egiteko? Herritar estatubatuar bati buruz ari naiz, herri honetako emazte bati buruz.
— Bai, hala nago, ez baitut uste nire eskariarekin kontrajarria denik hori. Esan nahi dut borrokaren kontuarekin bakarrik ez natorrela bat. Emakume amerikarrak behartuta egongo balira, nik ez nuke egingo.
— Bakezale amorratua zarela esan nahi duzu?
— Bai.
— Noraino iristen da hori? Zure buruaz ari zara soilik?
— Halaxe da.
— Ez dituzula ukabilak inoren aurka erabiliko?
— Hori.
— Edo gobernuaren borroka gaitzesten duzula?
— Esan nahi dut ez dudala onartzen gobernuak ni borrokara eraman nazan.
— Esan nahi duzu gorputzez borrokatu?
— Bai, fisikoki.
— Eta arma bat eramatea?
— Bai, hori.
— Edo haratago doa?
— Ez.
— Egia esan, gutako inork ez du gerra nahi, noski.
— Horixe ezetz.
— Baina gutako askok, gerra datorrenean eta gure herria arriskuan dagoenean, bizkarra hormaren aurka jartzen dugu.
— Bai.
— Eta murrua besterik geratzen ez den arte borrokatzen gara.
— Bai.
— Eta hori egiteko prest zaude?
— Uste dut, jauna, ez dudala galderaren zentzua ulertu. Sentitzen dut.
— Gure herria defendatzearren armarik inoiz ez duzula hartuko, hori esan nahi nuen.
— Hori da.
— Baina ez da inoiz iritsiko, ausartuko naiz esatera, Estatu Batuetako emakumeek armak hartuko dituzten eguna.
— Tira, nik soilik diot ez nagoela armak hartzeko prest. Gertu nago legea betetzeko eta legeak amerikar herritarrei agintzen dien guztiari jarraitzeko. Erabat prest nago. Horregatik diot leialtasunaren zina egin dezakedala, ezen, nire iritziz eta nire abokatuen arabera, ezin bainauzue behartu egin ezin dudan ezer egitera. Emakumeak gerrara joaten ez badira, inork ezin nau behartu armak hartzera.
— Zure abokatuak ezin du zure bihotz barruan begiratu. Zu zara galdera hauei erantzun diezaiekezun bakarra.
— Bihotza zabal-zabalik daukat, ez baitago ezer ezkutatzeko. Galderari lehen erantzun diodan bezala, emakumea izanik armarik hartu behar ez dudanez, ez dago arazorik estatubatuarra izateko.
— Orduan, armekin borrokatu nahi ez izatearen kontu hori erabat pertsonala da.
— Bai.
— Lehen pertsonan ari zara?
— Nitaz ari naiz.
— Berdin zaizu beste emakume batzuk borrokatzen badira?
— Ez zait axola, kontzientzia kontua iruditzen zaidalako. Emakumeek gerrara joan nahi badute beraien kontua da.
— Eta propaganda hau beste emakume batzuen artean zabaltzeko gertu zaude?
— Zer propaganda, galde badezaket.
— Bada hori, bakezalea zarela eta ez duzula sekula borrokatuko.
— Ez da ezkutatu nahi dudan zerbait.
— Zein da zure ogibidea?
— Idazlea eta hizlaria naiz.
— Eta zure idazkietan eta hitzaldietan gerraren eta bakezaletasunaren gaia jorratzen duzu?
— Eskatzen badidate...
— Badakizu Estatu Batuek asko dutela zuri eskaintzeko.
— Badakit, bai.
— Herritartasuna beste herrialde batzuetatik etorritako banakoei ematen diegunean asko ematen diegu...
— Hala uste dut.
— Horregatik espero dugu herritar berri horiek baldintza beretan geureganatzea, besteekiko begiruneagatik diot. Izan ere, ez nago jendeak nahi duena idaztearen aurka. Egun, Estatu Batuetako herritar batzuk ari dira salatzen beste gerra batek eztanda egin dezakeela. Gerraren kontra daude. Bakezale asko ditugu herri honetan, baina unea iristen denean, eta engaiatzera deitzen zaienean, beren iritziak, idatzitako eleak, alde batera uzten dituzte, eta beren lurraldea defendatzen hasten dira. Ezin zara herri honetara sartu hanka batekin bakarrik. Ondorio guztiekin sartu behar zara, hementxe biziko zarelako, eta bandera honen pean egingo duzulako bizimodua. Eskubidea izango duzu hemen bizitzeko, baina betebeharrak ere bai.
— Ulertzen dut, jauna. Arestian esandakoa errepikatu besterik ez dut egiten: prest nago emakume estatubatuarrei eskatzen zaien guztia egiteko, eta gaur da eguna ez zaiela agintzen borrokatzea.
Epaileak hartu zuen hitza.
— Emakumeek gizonek baino hobeto egiten duten lan baterako deituko balizute, esan dezagun erizain gisa, eta gerra baten erdian balitz, espero dezagun inoiz ez gertatzea, eta norbait ikusiko bazenu kasernara hurbiltzen, edozein dela ere, pistola bat eskuan duela, gure herrialdeko soldadu bati tiro egiteko asmoz, eta zuk arma bat eskura bazenu, hilko zenuke?
— Ez, ez nuke hilko.
— Eskaera ukatu egiten da.
Rosika Schwimmerren kasuari buruzko informazioa 68 zenbakia duen kutxan sartu eta bueltan eman nion artxibozainari, hura zabaltzeko utzi zizkidan eskularru zuriekin eta arkatzarekin batera. Boligrafoak debekatuta daude Eskuizkribuak eta Artxiboak (eta Liburu Arraroak) izeneko atalean. Handik atera eta Rose Main Reading Room-era sartu nintzen. Zutaberik gabeko gela eskerga da, idazmahaiak daude erdian, errenkadan, eta, ezker-eskuin hormetan, apalategiak, eta haien gainean beirate handiak. Zeru zelaiak ikusten dira handik, eta New Yorkeko eraikin luzeen muturrak. Goiko leihateetatik sartzen den argiak gela osoa edertzen du, katedral laikoa nonahi bada. Dekorazioa haitzurdinezkoa da eta iztukuzko sabaiak ditu. Bitxiena da marmol hori guztia, kulturaren jauregi hori, azpian dituen Carnegie altzairuzko sei pisuko apalategiekin eusten dela. Gela erraldoi haren azpian ez dago zutaberik, liburuen apalek eusten diote harrinabarraren solemnitateari.
Marmol zuriko eskaileretan behera egin eta liburutegiaren atzealdean dagoen Bryant Parkerantz abiatu nintzen. Hantxe geratua nengoen Norarekin, Gertrude Steinen irudiaren altzora dauden mahaietako batean. Udazkenaren bihotzean, epel oraindik, zuhaitzetako hosto laruek keinu egiten zuten haizearekin, itzali nahi ez duten argizariak bailiran. Bikoteak xakean zebiltzan bazterretan, nagusiak petankan.
Dena egiten zitzaidan irreala, artean nire gogoaren zati handi bat Schwimmerren paperetan utzia nuela. Pentsakor, zorura begira egin nuen ibilbidea.
Jende gutxik daki Bryant Parkeko zuhaitzen eta belarraren azpian hiru milioi liburu gordetzen direla. Han dago liburutegiko gordailu nagusia. Udaberrian, loreak sortzen dira liburuen gainean.
Schwimmerren abokatuak, Olive H. Rabe andreak, erregua egin zuen.
— Utzidazu, mesedez, Schwimmer anderearen erantzuna azaltzen. Jakina da berak ez zuela Estatu Batuetako soldadu baten hilketaren larritasuna ukatu nahi, berak soilik esan nahi zuen edonor hiltzearen aurkako dela.
— Halaxe da —Schwimmerrek.
— Edozein gerratan gerta litekeen egoera bat azaldu diot eta galdetu zer egingo zukeen Estatu Batuetako militar baten bizitza salbatzeko, jenerala izan edo soldadu berdin zait, ea erasotzailea hiltzeko aukera balu akabatuko ote zukeen, eta berak erantzun du ezetz.
— Itaundu ahal dezaket Schwimmer anderea?
— Aurrera.
— Egoera berari buruz ari garela, abisatuko al zenuke soldadua?
— Klaro.
— Bere burua defenda dezan.
— Ez hori bakarrik. Erasotzaileari pistola kentzen saiatuko nintzateke.
— Haren gainera joanda?
— Bai, egingo nuke.
— Zure bizitza arriskuan jarriz?
— Nire bizitza arriskuan jarriz.
— Bada nire lehengo galdera horri buruz zen. Defendatuko zenuke soldadu amerikar baten bizitza? —epaileak.
— Bai.
— Eta arma bat eskuan bazenu...
— Zer.
— Tiro egingo zenioke?
— Ez.
— Orduan nire iritzia ez da aldatu.
Abokatuak zuzen begiratu zion Schwimmerri.
— Eta erasotzailea pistola batekin zu apuntatzen egonez gero, tiro egingo zenioke?
— Ez. Ez nuke tiro egingo. Inola ere ez.
— Emakumea —gehitu zuen epaileak—, beharbada nazioaz dugun ikuspegiarekin ez zara ados egongo, baina gure lana da legea den bezala interpretatzea. Ez dago ezer pertsonalik honetan.
— Kontua da, jauna —argudiatu zuen Olive H. Rabe abokatuak—, ez dugula ulertzen zergatik behartu behar zaion nire bezeroari Estatu Batuen defentsan armak hartzera, nahiz eta eskatzailea ez den armak hartzeko gai sexu eta adinagatik. Erlijio kontuengatik badira pertsona batzuk armak hartzeari muzin egiten diotenak, Irlandatik datozen kuakeroak, esate baterako. Eta horiekin ez da izaten arazorik herritartasuna lor dezaten, baina bakezale batekin, itxura batean, bai. Beste era batera esanda, hemen erabaki behar dena zera da, ea berrogeita hamar urte bete dituen emakumezko bati herritartasuna ukatzen zaion bakegintzari buruz dituen iritziengatik, horregatik bakarrik.
Ezustean, epaileak bukatutzat eman zuen saioa.
— Azkenean ez zuen nazionalitatea lortu? —galdetu zidan Norak. Beti jakin nahi izaten zuen zer berri ikasi nuen egunean.
— Ez, ez zioten eman. Lehen Mundu Gerra osteko garaia, 20ko hamarkada, oso nazionalista izan zen Estatu Batuetan, atzerakoia erabat, paranoikoa. Schwimmerren antzeko pertsonak ez ziren begi onez ikusten, komunistatzat hartzen zuten.
— Hara, komunistek hil egin nahi zuten Hungarian eta. Batzuentzat ez zen nahikoa eta besteentzat larregi.
— Halaxe da. Eromena zen. Dena den, Gorenaren epaian aurkako boto partikular bat egon zen, Holmes epailearena. Haren ustez, ez zegoen Schwimmerren eskakizuna ez onartzeko arrazoirik. Ederra da Holmes epailearen arrazoibidea. Esaten du herritartasuna ukatzen zaiola benetan merezi duen pertsona bati, balio estatubatuarrak hezur-haragitzen dituen emakume bati, “ohikoa baino adimentsuago den pertsona bati, intelektual aske eta baikor bati”, bere hitzetan.
— Agian horrexegatik ez zioten eman. Diozun bezala, feminista, bakezalea, judua bazen, gainera ez zitzaion senarrik edo senargairik ezagutzen... Malo.
— Hala ere, Estatu Batuetan bizitzen utzi zioten. Paperik gabe, hori bai. Baina herritartasuna ez lortze horrek bere bizitza baldintzatuko zuen handik urte gutxi barru.
— Ondo.
— Nola, ondo? —galdetu nion harrituta.
Norak beste nonbait zuen arreta.
— Konturatu zara? —esan zidan.
— Konturatu zertaz?
— Alboko mahaian, neska gazte bat ordenagailu eramangarrian ari zen idazten. Kafea amaitu, jaiki eta mutil gazte batek hartu du bere lekua. Eseri bezain laster, mutikoak gutun-azal bat aurkitu du, badirudi neskak ahaztu duela. Korrika atera da haren atzetik. Hizketan egon dira une batez biak. Gazteak eskua luzatzen dio gutun-azalarekin, hartzeko, baina neskak ezetz egiten du eskuarekin, ez duela nahi. Mutila gorritu egin da. Pauso bat atzera eman eta agur esan diote elkarri. Mahaian eseri da berriro, irribarretsu. Begira egon da eskuetan duen gutun-azalari. Begiak itxita, burua mugitu du ezker-eskuin. Eta gutun-azala, ireki gabe, motxilako poltsikoan gorde du.
— Ez dut ulertzen.
— Gezurra dirudi idazlea zarela. Gutuna mutilarentzat zen.
Norak irribarre egin zuen. Eta Nora pozik ikustean, nitaz barre egiten, haren begirada argiaz, gogoan hartu nuen ezagutu ginenean bidali zidan lehen mezua nola sinatu zuen: Lamina.