Aurkibidea
Aurkibidea
Erratza
Eskaileretan behera dakarte galtzarbeetarik helduta, ondoeza egiten bazaio eror ez dadin. Odolik ez otoi, lana garbi. Itaunketa gelatik beheko ziegara, isilik, sekretakoek hebaindu duten neska gaztea dakarte: bera. Eta mailadia amaitutakoan, ziegen karrajuan, emakumezko bat erratza pasatzen, bata urdina soinean. Bekoz beko geratzen zaio, baina polizientzat egiten du hitz:
«Oraindik bizirik? Akaba ezazue behingoz piztia hau!».
Emakumezkoak emakumezkoari, horrelakorik! Zertatik horrelako gorrotoa? Alargunen bat? Berdin zaio, ez du konprenitzen ahal.
Eskaileretan behera dakarte galtzarbeetarik helduta, ondoeza egiten bazaio eror ez dadin. Odolik ez otoi, lana garbi. Itaunketa gelatik beheko ziegara, isilik, sekretakoek hebaindu duten neska gaztea dakarte: bera. Eta mailadi amaitutakoan, ziegen karrajuan, emakumezko bat erratza pasatzen, bata urdina soinean. Bekoz beko geratzen zaio, baina polizientzat egiten du hitz:
«Oraindik bizirik? Akaba ezazue behingoz piztia hau!».
Antzerkia egiten du, ez zuen horrelakorik desio. Emakumezko dohakabe hark puntuak irabazi nahi zituen, garbitzaile lanpostua galtzeko beldurrak biziko zen. Poliziak baino poliziago izatea beste aukerarik ez. Balitekeela iruditzen zaio. Barkatu egiten dio.
Eskaileretan behera dakarte galtzarbeetarik helduta, ondoeza egiten bazaio eror ez dadin. Odolik ez otoi, lana garbi. Itaunketa gelatik beheko ziegara, isilik, sekretakoek hebaindu duten neska gaztea dakarte: bera. Eta mailadia amaitutakoan, ziegen karrajuan, emakumezko bat erratza pasatzen, bata urdina soinean. Bekoz beko geratzen zaio, baina polizientzat egiten du hitz:
«Oraindik bizirik? Akaba ezazue behingoz piztia hau!».
Eskaileretan behera dakarten poliziek ez diotela inoiz erantzuten ohartu da gaur. Portaera hark lotsa emanen balie bezala, edo nazka. Gorrotoa ez baina zeharreko elkartasuna ez ote zen garbitzaile harena, pentsatu du. Akabatzen bazuten aukerarik ez egiten zizkiotenak egiteko. Estalizko errukia izan zitekeen. Eskertu egiten dio.
Ez daki bizi izan duen edo obsesioren batetik sortu zaion, aldiak izaten ditu. Zenbaitetan oroituaren antza hartzen dio sarritxo egiten duen amets honi, Lorea Gernika izan baino lehenagoko bizitzaren batean gertatua.