Aurkibidea
Aurkibidea
Lurrina
Marka izenaren azpian beti Paris ageri zuten Eau de Cologne eta Parfum ontzitxoak oparitzen zizkion Patxi Arbonak, eta ontzitxoen formek liluratuta ekartzen zizkion arren, Lorea Gernikak ez zituen gordetzen hustutakoan. Gordetzeko, lehen senarrak, Inazio Ansola gentlemanak despedidan oparitu Bohemiako beirateria zeukan, lurrikararik txipienak txilinka atzematen dituena —lau aldiz gertatu zaio— kopak eta godaletak elkar ukituz ehun mandolinak jotako Mozarten Eine kleine Nachtmusic-en allegroa sortzen duela. Baina pazientziaz eramaten zuen hirugarren senarraren irudimenik eza. Edonola be, lurrin ontzitxoen formak aintzat hartzeko gauza zenez, posible ikusten zuen garapenen bat: berak opari praktikoak egiten zizkion beti, eta beti desberdinak. Ikasiko zuelakoan.
— Chanel nº 5 da!
Eskuan hartzeaz bat esan zion, oparia balioztatzeko baino erosteak eman zion pozaren agergarri. Loreak, eskertuaren zeremonia zen, eskumutur barnea ihinztatu zuen sudurrera hurreratzeko.
— Marilyn Monroe zara oraintxe!
Lurrinaren gozoak gaitz eginik edo, besaulkian erori zen, leihoari beha, begiak bete berdezko itsumen.
Arben artean hostoak bereizi eta zintzilik zegoen ilar lekak biltzen, lehengusuarekin, Mungia aldeko baserri koxkor hartan, gaztetxo. Bi eskuekin, hautsi gabe, bi eskuekin helduta eten behar ziren. Herdoilak hondatzen zituen landareetarik zetorkion hauts mehe gorri bat pausatzen zitzaion besoetan, kolkoan, lepondoan, bulargainen kolkoa zuriagotzeko. Makurtzen zenetan, ondoan zen lehengusua zutik. Lekak landarea hondatu gabe eten, bi eskuekin, eta amantal korapilatuan bildu. Otarrera hurreratu zen amantala husteko. Leka samur bat hartu zuen lehengusuak Lorea Gernikaren aurrean kokoriko jarrita. Atzamarrarekin laztanduz, zanpatu samurrean lehertu zuen. Bost ilartxo guri azaldu ziren larru eten haren barnean, eta lehengusuak miaztu bakarrean bildu zituen bostak mihian, irriz. Hautsa, izerdia, beroa, ilar hauskorrak ahotik ahora... berduraren lurrin garratzean. Huraxe lurrina.
— Chanel nº 5 zen Marilyn Monroeren pijama!
Eta Patxi Arbona emaztearengana makurtu zelarik ezpain bila, halako laztura mingarri bat sumatu zuen ezkerreko belarrian: atzaparra erantsia zion piztiaren batek, eta bihurritu egiten zion, bihurritu, xukatu beharreko zapi.
— Oheratu zaitez berarekin! —malkotan belauniko zen senarrari Lorea Gernikak, egunkariaren gainean etzanik utzia zuen flaskoa seinalatuz telefono mahaitxorantz zihoala taxi bat eskatzeko.
Ez zen atsegina izan emazteak bizi zelako ezaupiderik eman gabe eduki zuen aste hura Patxi Arbonarentzat. Jangar, lo ezin, inora ezeko, Nº 5 Chanel Paris Eau de Parfum hari so bota zituen egunak, bere buruaren errukia egiten lantuz eta madarikazioz. Halako batean —alegiatasun handiko egitada—, komunean behera isuri zuen Marilyn Monroeren pijama. Purifikatua sentitu zen. Flasko hutsa eskuan zeukala, barne-argi batek alaitu zion begitartea... Eta poza izan zuen handik harat loaren eragozgarri. Marrazkiz bete zituen kontaduria koaderno bi.
— Lorea, zatoz hona, jesarri hemen! —emazteari egin zion harrera, sofatik altxatzeko asmorik agertu gabe.
— Patxi, zer da aurpegi hori? Ez zagoz ondo! —bizar eta begi, zoro bat bilakatua zen senarra.
— Begira Chanel Nº 5 hau. Orain bai polita, ezta?
Ondoan jesarri zitzaion Lorea Gernika, musu eman zion mindutako belarrian.
— Horrelako ontzitxotan saldu behar ditugu antxoak!
Antxoen eta ondorioz fruten eta ortuarien merkaturatze modua zeharo aldatu zuen kolpea izan zen Patxi Arbonaren burutantzinoa. Lorea Gernikaren sumindura fierra ezkonduen arteko anekdota arruntetan galdu zen, irain hura, azken finean, senarraren aferak goreneraino azkartuko zituen edertasun praktikoaren sorburua izan zenez: Vatikanoko hornitzaile ofiziala izendatu zuten antxoak Parisko lurrinen mailara jasotzeaz batera.
Zorioneko Marilyn!