Aurkibidea
Aurkibidea
Haizebelatsa
Gailurreko gorriaren eta zeruko urdinaren kontrastean idiak zuri gurdiari tiraka ardatz labur baten muturrean: multzokako fabrikazioa ez bada, esku oneko sopletistaren batek eginiko miniatura.
— Bai, bai...
Baserritarrak zituen gurasoen lau gurasoak, ezagutu zuen nekazarien bizimodua. Baina ez du beste hitzik atera, polita, polita dela, bai. Lorea Gernikak entzun egiten du, eta entzuten ez dakien jendeak halako nagusitasun bat nabaritzen du hurkoari jaramon egiten ikasi duen andrazkoaren ondoan: haren begi erneak euren hitzen jasotzaile ikusten dituzte. Entzuten ez dakienak ez du ikusi ohi garbi. Egia esan, ez zaio gustatu ilobak gailurrean paratu duen orratza. Lazkaomendin eraikitako udaborda hau ere zatarra egiten zaio, ekarri egiten dutelako etortzen da hain sarri lorategian erretako arkume txuletak jatera. Eta arkume txuletak debekatuak dauzkalako. «Ez al naiz ezezko bat erakusten ari baiezko triste bat ematen dudanean?». Ez du balio inor azpian hartzeko, baiezko burumakurka berdinak eginen dizkio aldekoa edo aurkakoa azaltzen dionari.
«Zer eskubide daukat nik...?».
Baina zabarki tronpatzen dira «Bai, bai...!» esan duelako ados dagoela uste badute. Lorea Gernikak ez dauka proselitismoaren harrik, lotsa emanen lioke inor bere iritzietara ekartzea. «Iritzia emanda, ideiak azaltzen ote dira? Eta ideiak, hitzetan bakarrik azaldu ote litezke? Ez ote dira ideiak azaltzen eginean edo eginezean ere?». On egin zion, nabari da, Markus maisuaren filosofia ikastaroak. «Iritzien arteko eztabaida ez da eztabaida, ideiak dira ipini behar direnak kolokan». Eta ideiak... Olaxtek oinak miazten dizkiotela promenatu izan da Ondarraitzen ideiak harrapatu beharrez, deusetaz pentsatzen duela edo ez duela. Behin, goiz lanbro batean, «Berdin zait nondik jotzen duen haizeak!» egin zion ahapean itsasoari.
— Aspaldi ez dela sagarrondoa landatu nuen nik parke publiko batean.
Bere baitarako baina entzungarri, atari aurreko larretxoan seme gazteenak zaharkindegi batean erositako golde bernizatuari beha, tinko, besteei bizkar, elkarri nahi hainbat keinu egin diezazkioten lasai alabek eta suhiek eta semeek eta errainek: Markusen maisuberbak hartuz, esan genezake Lorea Gernikaren familia habitus batean bizi dela naturala iruditzen zaion inkulturan, Lorea Gernika kulturan mugitzen den bitartean espiritua atertu gabe galdekatuz. Horrelakoaren kontzientziarik ez daukan arren.