Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Beste bat

 

Herenegun esan zioten bezala, prestatua daukate argazkia. Studioaren logo azpian Lorea Gernika idatzia daukan zorrotxoa luzatu diote izena emandakoan.

        — Zenbat da?

        — Ez duzu ikusi behar?

        Ispiluan ikusten du egunero bere burua Lorea Gernikak goizean, kalerakoan, presaka baina lau bat aldiz. Oherakoan ere halatsu. Zer misterio dauka argazki batek? Oso konforme izaten da egunaren azkenean ikusten duenarekin, nekeak edertu egiten duela esanen luke. Izan liteke ibilien eta egindakoen zamak begiaren zorrotza ahultzea ere. Atera du halako batez argazkia zorrotik.

        — Nik hau ezagutzen dut!

        Ordaindu gabe irten da tarrapataka, tren geltokira joan behar du. «Bera da, bera da!» ahapeka bidean, argazkia zorrotik atera-gordeka behin eta berriz. «Ez da posible!». Ez da posible bera izatea, horregatik doa urduri, inori diosalik ezin eginez. Izerditan sartu da ate automatikoak beti zabalik dauzkan geltoki berrituan, kaietara hurreratu da bihotzeko zainak eten zorian. Hantxe, hiritik herrietara albait arinen itzuli nahi duen oldearen trafikoaz iruntzira, paretari buruz gelditu da luzaz, tinko, noiz eskuan daukan argazkiari noiz ordutegi zerrenden alboan celloz atxiki afixari begi emanez. Ezagutzen du, bai: hogeiren bat urte gazteago ikusten du bere burua bietan, inoizko Lorea Gernika berbera baita «Etxetik falta da» dioen afixakoa ere. Ikusten duenak dei dezala halako zenbakira. Azken errainarenera, noski. Afixa kentzekotan egon da, baina segurmando bat hurbildu zaio norako trena hartu nahi duen galdezka, eta alde egin du. Argazkia ordaindu gabe utzi duela ohartu da tanpez.

        — Ni ez naiz hau...

        Adikor hartu du argazkilariak emakumearen haserretxoa.

        — Ezagutzen duzula esan duzu ordea! Nor da, zeu ez bazara?

        — Beste bat!

        Arintasun harrigarrian pianotu du ordenagailuaren tekladuan. Saguari eraginik, monitorea erakutsi dio. Lorea Gernika bi iruditan, gordin bata, panpinatu ondoren bestea.

        — Zimurrik gabe, ni ez naiz ni.

        Artistak ez du konprenitzen ahal. Alferrikako lana egin duela baino ez daki, ordu erdi pasa aurpegia zertxobait konpontzen. Gogorra, bezeroen mundua. Landu gabeko argazkia inprimatu du.

        — Ni ez naute behar etxe hartan.

        Bezero bitxi honek eman dion eskupekoa ikusirik irribarrea egin behar izan du argazkilariak, zimurrak sortu dizkion arren.

        Tren geltokira abiatu da ostera Lorea Gernika, errazegi erabaki du afixan ikusitako telefono zenbakia errainarena dela. Errainarena ez baina izan liteke beste horrena, zerarena... Hotzikara bat orpotik kokoterainokoa.