Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Telefonoaren adarra

 

«Gaur mezu bat jaso duzu zenbaki honetarik...».

        Valentziako laranjen eskaintza? Hurrengo bozketei buruzko inkesta? Medikua, azken azterketaren berri emateko? Semea New Yorketik? Nolako ikaramendu samurra, eguna kanpoan emanik etxeratutakoan telefonoaren adarra altxatzea!

        «Mezuak entzuteko, sakatu izartxoa!».

        Bisita gutxi hartzen du Aian bizi denez geroztik, eta menturaren baten ustean sakatu du beraz Lorea Gernikak arrotza egin zaion zenbakiko mezura.

        «Joxetxo! Eugenio nauk! Deituidak lehenbailehen!».

        Gorde egin du mezua. Zapatak kendu eta gatz-ozpindutako ur epeletan sartu ditu gero minberaturiko oin zintzoak. Larritasunezko dei bat, inondik ere. Berriz entzun du mezua. Telefonoaren aholkuak jarraituz, deitzaileari erantzuteko botoiari eman dio.

        — Bai, esan! —bera da, ahots mehe hori.

        — Eugenio al zara?

        — Hala naiz, bai.

        — Aizu, Josetxo ez dago hemen.

        — Bere idazkaria al zara?

        — Bai, bere idazkari berria naiz.

        — Mesedez, azaltzen denean, esaiozu niri deitzeko.

        — Eugeniori, ezta?

        — Eugenio Ibarrondori.

        — Ibarrondo, oñatiarra? Ez zara izanen...!

        — Zarauztarra!

        Etxepeko bikote gazte batek oparitu dion albahaka artatzen hasi da, xomorroren bat dabilkio hostoak zulatzen. Ez da lapurra harrapatzen asko saiatu. O, humanitatea! Beti larri, beti bakar, laguntzarik ez... Galdua dugu elkarrenganakoa! Telefonoa hartu du ostera. Azken deiaren zenbakira automatikoki deitzeko botoia sakatu du.

        — Aizu, Eugenio, Josetxoren idazkaria naiz, Aiatik deitzen dizut...

        — Ondo da, esan.

        — Hitz egin al duzu Josetxorekin?

        — Ez du deitu, deika ari naiz baina ez dit hartzen.

        — Hona ere ez du deitu... Aizu, Eugenio, badaezpada, esadazu zer behar duzun eta nik...

        — Zuk esaiozu Josetxori deitzeko Eugeniori!

        Haserrea zuritu gabe eskegi du Eugenio Ibarrondo jaunak. Zeinen gogorra den jendea lagundu nahi dion hurkoarekin! Garaztailua bete eta landareak ihinztatzera irten da balkoira. Hasperen egin du itsasorantz. Bihotza betetzen diote eguzkiaren apaltzeok. Xomorroa bakean utzita Che bella cosa na jurnata 'e sole kantari jardun du hosto ihartuak kentzen, italiera larilarilo tremolo batzuekin indartuz, telefonoak jo duen arte behintzat: ozen, egoskor, Aiako harri guztiak eta Lorea Gernikaren mami guztiak izulaborrian jartzeko gisan. Eugenio Ibarrondo izanen da, Josetxo delako horrekin hitz eginen zuen eta... Edo Josetxo bera izanen da! Deskonektatu egin du telefonoa. Hainbatetan bezala, izerdi hotza etorri zaio kopetara.

        Afaria prestatzen hasi baino lehen, «Telefonoa konektatu» idatzi du sukaldeko mahaian zabaldu gabe zaborretarako daukan publizitate zorro ireki gabean.

        Nondik ez dakiela, mende beteko loa etorri zaio oheratu den orduko.

        Bihar ausarki gosalduko du, esparadrapo bana ipiniko du orpoetan, ibiltzeko oinetako arinak jantziko ditu, telefonoa konektatuko du eta Tolosa alderako autobusean sartuko da. Ibiliko da, erosiko du, bisitatuko du, oparituko dio, bazkalduko dute... Demaseko eguna izanen du. Baina autobusean bertan, egindako eta esandako guztiak Filipinetara bidalita —zakur bat bezala ehortzi zuten amaren esaldi jostailua— nolako ikaramendu samurra etxera heldu eta telefonoaren adarra altxatzea!

        «Gaur mezu bat jaso duzu zenbaki honetarik...».