Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Pultsua

 

Emaztegaia etxean aurkeztu zuenean, erdaraz hasi zitzaizkion gurasoak eta senideak. Ikusgarria izan zen. Haiek ahal zuten gaztelaniarik txatxuena eginez eta Lorea Gernika euskara klasikoan erantzuten lasai —gero jakin zuen Inazio Ansolak euskara eder hura lapurtera zela, lapurtera arrunta, Elgoibarko euskara leunaren antzeko bat—, bostekoa luzatuz eta tinko emanez, bera aitzinatuz musu ematera... Nafarra zenetz galdetu zion Inazioren aitak, «Nafarra al zara?», semeak adar karlistaren batean txertatu behar ote zuen kezkaturik. Harrotzekoa zen, eta harro zegoen Inazio. Arreba batek, gaiztoz, pianoaren estalkia zabaldu eta aulkitxoa eskaini zion Lorea Gernikari. «Ez dakit pianoa jotzen, fabrikako umea naiz!» aitortu zuen kopeta goratuz. Neska hark zer edo zer zekarren, eztitasunetik garratzera zekien izate berezia. Elkarri behatu zioten Inazioren senideek maltzur, garaile, epaikari, baina etxeko jauna ere halakoa zen, ezkutatu egin nahi zuten lohitasuna zeukan aitak. «Ni torneruen pintxe hasi nintzen!», ikastea, saiatzea eta izerditzea omen ziren bere arrakastaren oinarriak. Ama azaldu zen orduan, eta pasatzeko jangelara, zer egiten zuten han zutik, hura ere euskaraz, neska onartzen zuelako seinale hartu zuen Inaziok. Mahaian, xokolata zerbitzatu zien neskameak. Atzamar txikerra nabarmendu gabe hartu zuen kikara Lorea Gernikak. Dastatu zuelarik, «Maite duzu xokolata?» galdetu zion bere amaginarreba izan behar zuenari. «Bai, bai, asko!», emakumearen erantzuna, urduri, duda eginez huraxe ote zen erantzun egokiena. «Joanen gira elgarrekilan Baionarat, munduko xokolatik onena hartuko dugu Cazenave baitan!». Berbatu ezinik geratu ziren bere koinatagaiak —hartuko dugu hark «hartuko dugu guk biok» esan nahi zuen garbi, gerra deklarazioa zen—, eta Inaziok, tinkamendua lasaitzearren eta aitak estimatuko zuelakoan, Fundiciones Ansolaren etorkizunerako garrantzitxoa eduki zezakeen datua eman zuen «Loreak primeran egiten du frantsesez!» argituz. Hurrengo egunean, lantegira zihoazela «Ez haut ikusten, Inazio, ez haut ikusten. Enbria duk hire neska hori!» esan zion txatarrero hasi eta Perkins motorren blokeak egitera iritsia zen Federiko Ansolak bere maiorazkoari.

        Ezkondu zirenetik urte erdira gabe, pijaman sartua hasi zen oheratzen gauero Inazio Ansola, Lorea Gernikaren aurreneko senarra. Bainugelan aldatzen zen. Erantzitako arropa besoan zekarrela azaltzen zen logelako atean, ohemahaiko argi apalen argira. Iriartek, Doneztebeko ebanista ospetsuak gaztainondo zurez eginiko valetean kokatzen zuen arropa Inaziok tolesturak zainduz, emazteak, mantapean izarrak bezain biluzik eta urrun, begia aldiko liburuan zeukala.

        — Bihotz ondoan beti! —halako batez, atzamarra paparreko brodatuan.

        L eta G letrak pijametan, hari urdinez. Mariaren Alaben estandarteetan ageri zen anagrama oroitarazi zion brodatuak, onik ez.

        — Lastima, Inazio! Pianoan bezala dakit nik brodatzen.

        Saiatu zen pijamaren zirrituak erotikotasun bihurtzen, baina Elgoibarko ansolatarren premuak brastako bitan kentzen zituen jaka-prakak jolasean hasten ziren orduko.

        Berari lekurik egiteke aita zuzendaritza bileraren batean hilen zela igarri zuenetik, gentleman bat izatera eman zituen Inazio Ansolak ekinik gogorrenak. Kontzeptu bat zeukan orain bere buruaz, eta ez zen laketzekoa. Frantsesa ikasten hasi zen Donostiako akademia batean. Kantu klaseak ere hartu zituen, emaztearekin duoak egin ahal izateko. Citroen DS berdea hiriburuetarako utzi eta emazteari kendutako bizikletan ikusi genuen traje, krabata eta kapelu. Ez zuen erretzen, baina Elgoibarko atelierrek ekoizten zituzten torlojurik zehatzenak baino produktu guztizkoagoak egin zitzaizkion pipak. Beti zeukan Dunhillen bat edo Savinelliren bat bulegoko fakturen gainean, etxean beirazko atedun altzarietan antolatu bildumatik ekarriak.

        — Baserriko amamak lez!

        Ke gozo baten erdian, Ashton erosi berria ezpainetan Lorea, Lorea Gernika, bere emaztea, Inazio Ansolaren señora, pipa pipatzen.

        — Baina zelan...? Nork eman dizu baimena...!

        Inazio Ansolak eskua luzatu zuen pipa kentzearren, baina emazteak atzamar batetik oratu zion. Bi urte eta erdi iraun zuen pultsuka saio hark. Enbria zen bere neska hura.