Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Diktadura

 

«Ateak ixten. Gorantz».

        Etxeko igogailuan aldi oroz oharrak ematen dizkion gizonezko berbera hizketan bortxazko jendetasunaren ahobetean. Francoren garaian emisora guztiek eman behar zuten Radio Nacional de Españaren «egunkari mintzatua» gaztigatzen zuen ahots huraxe ekarri dio gogora, metaleztarri bat hitzak ebakitzen.

        «Milagarren solairua».

        San Pedro barik, hangoikoa bera azaldu zaio PVC zuriko trapezio batean jesarrita Ikea markako altzariz hornitu biltegian. Laranja zukua dirudien likido batez betetako Insalus botilatxoa luzatu dio manikura egin berriko eskua erakutsiz, baina Lorea Gernikak ukatu egin dio eskuaren ahurra alto batean erakutsiz.

        — Esadazu, Lorea Gernika bihotzekoa, zergatik hartu behar zaitudan zu zeruan —galdegin dio hangoikoak zimur—, eta ez goiz honetan elkarrizketatu dudan hiru milioi eta erdi horretako beste inor.

        Itxuraz, kargulant lanpostu baterako adina jende dabil zeruan sartu nahian.

        — Egin ezazu zure merituen defentsa.

        Zelako dezepzioa Lorea Gernikarena! Lehiaketa bat gainditu behar zeruan sartzeko!

        — Barka ezak, mutilzaharra. Ez diat horrelakorik eginen.

        Harritu egin da hangoikoa, orojakilea izanen zela ziurtatu zioten izendatu zutenek.

        — Ni ez nauk lehiatuko neure hurkoaren kontra!

        — Zergatik ez ba? —hangoikoak, burua Lorea Gernikarengana hurbilduz, mehatxu keinua noski gorreriaren estakuru.

        — Hiru milioi eta erdi horiek, haurride ditudalako. Ez denak menturaz, baina gehienak.

        Irri zuri bat egin du mutilzaharrak, kulunkatxoa eragin dio trapezioari.

        — Nork abisatu dizu lakio-galdera hau egin behar nizula?

        — Gizarajoa —Lorea Gernikak miresgarrizko bare—, goitasunaren gorenean hago...

        Trapezioak gorantz egin du brastakoan hangoikoa goikoagoa bihurtuz, urrun, ikusezin, Jehova, Allah, Manitu, Yahve, Unkulunkulu, Wakan Tanka guztien batasuna eginda.

        — Eta hala ere nik bezala jesarri behar duk ipurdiaren gainean! —egin dio oihu.

        Sobera gezurte daramatza lepoan Lorea Gernikak gau izartsuari eta panfleto komertzialei fidatzeko: bultzaka eta ukondoka sartu behar den lekua ezin liteke paradisua izan.

        — Beraz, infernura? —hodei guztiek orro batean.

        — Inpernupera! —erantzun du andrazkoak harro, amildu nahi eta lehenbailehen.

        «Ateak ixten. Beherantz».

        Igogailuaren ahotsak, hain zuzen, euskaraz egiteko seta hori du mingarriena. Betaurreko ilunak eta bibote zorrotza begitantzen ditu Lorea Gernikak haren mintzoaren aurpegian, orain Francoren morroiek ikasi egin baitute euskara ahoskatzen. Francoren betaurrekoak Pinochetek jantzi zituen gero, Pinocheten irudia zen ahots hau Pinochet baino lehen, hari hartu zizkion aurpegia, bibotea, betaurrekoak. Orain neutroa izan nahi lukeen doinuan dihardu, euskaldunona ez den azentu horrekin. Diktaduraren ahotsa da, krimen guztien ahotsa.

        «Milagarren sotanoa».

        — Sagarra hartu zenuen baratze debekatutik!

        Bizartxo gorria dauka eta plexiglaseko etzangu gorri batean errezibitu du, biluzik, lilitxo pinpirina, nargile bat hurrupaka nare, naro, nakar.

        — Bekatu larria egin zenuen.

        Sinets liteke hanbehekoak ez duela ikusi ere egin, ahotik jalgitzen duen keari ditu begiak. Lorea Gernikak ongi ezagutzen du gizonezko mota hau: emaztearen ikara playboy unatu itxuran estaltzen dutenen sardakoa du.

        — Bekatu larria egin baldin banuen ongi saritu egin beharko nauk, txo!

        Deabruak bizartxoa pentsakor laztantzen duela baliatuz, aspaldi esan nahi ziona bota du Lorea Gernikak, kolkoan zekarren.

        — Hangoikoaren morroi jarraitzen duk beti... Gaiztoak zigortzen! Guztiahaldunaren boterea indartzen! Zer deabru mota haiz hi?

        Haserretik negarrera egitekotan da Satan dohakabea.

        — Noiz bihurtu behar duk autonomo?

        — Bizimodua karu dago! Hain da lasaigarria hilaren azkenean soldata edukiko duzula jakitea!

        Esperantzazko inarra hala ere deabruaren begi tristean.

        — Lorea Gernika, uste duzu bilduko nukeela sufrearena egiteko lain neure kontu jarrita?

        Ikatza zer den irakatsi behar dio sugin epel honi... Deus ez da ziurtatu ziguten bezalakoa.

        — Nork esan dik ez duela lantegia Txinara edo Indiara lekutuko? Hangoikoaren hitzari fio haiz? Noiztik haiz fededuna?

        Dardara batek inarrosi du orain deabruaren bizartxoa. Zutitu egin da, eztulka. Etzanda zirudiena baino are ederragoa da, begiaren lilura, bihotzaren xarma. Oro da limur.

        — Eta inora lekutzen ez badu, ez dakik deabru merkeago bat ekartzen ahal duela, extrakomunitario bat, ordu berezirik eta aspalditasun eskubiderik gabeko kontratu ziztrin batekin, hi kaleratuta?

        Satan ederki bizi izan da inozotasunean munduren mundu, eta orain, atso honek...

        — Esadazu zinez, Lorea Gernika, zu... Zu hangoikoaren mezulari zatoz, ezta?

        Orain bai, orain Asmodeo, Astarot, Beltzebu, Leviatan, Luzifer eta Mefistofeles batera ikusi ditu egiazki Lorea Gernikak: belarriak gorosti orri bana, bekainak azentu zirkunflexua, mihia Ezpeletako biper, Azpeitiko plazan gogorrenak jotako akerraren adarrak kopetan...

        — Ez aldatu gaia, txo. Nik mundua bekatuan sartu nian hangoikoak debekatu sagarra hartu eta Adani jatera eman niolarik.

        — Baina, Lorea maitea... Zer nahi duzu? Esadazu, zertara azaldu zara hemen?

        Lorea Gernikaren poza! Une hauxe! Ametsetan ere!

        — Gizakia, gizaki ote piztiarik gabe?

        Eta hori entzunik, deabrua, bi milioi legio galtzagorri meneko dituen hori bera, amorru gorrian kiskaltzen ikusi du Lorea Gernikak, arrautza ustelaren kiratsean.

        «Gehieneko karga gainditua. Irten lehenbailehen. Gehieneko karga gainditua. Irten lehenbailehen».

        Igogailuari euskarazko ahotsa kentzeko eskatu du etxepekoen bileran. Euskara kendu? Horixe behar genuke! Erdara kentzea erabakitu dute Lorea Gernikaren nahikari tamalgarriaren aurka. Debaldetan izan ditu argibide guztiak, Hangoikoa, Satan, Franco eta Pinochet.