Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Benedictine

 

Belarriak galdu ditu Lorea Gernikak. Ez belarritakoak, belarriak baizik, hatz txikerra sartzen dugun zulotxoaren inguruko azorri parea. Lagunek ez diote sinetsi, belarriak ez dira edozelan jausten.

        — Jaurti egin ditut, kendu eta harrika jaurti.

        — Zakurren batek jateko be!

        — Halan bada, bejondaiola!

        Agerian dago beraz, belarriak kenduagatik ederto entzuten duela gainerakoon esana. Entzun gura ez dituenak ez entzutearren galdu baditu, alferrikako sakrifizioa egina da. Eta ezpain berbeta ikasi behar izan baldin badu, zer alderdi dakar entzun gura ez dena irakurtzeak?

        — Sinbolo bat egin dut.

        Horregatik moztu du ilea, hori ere egin baitu, Ibarrekutzeko iturritik edan izan duten txispagin guztiek ikusi ahal izan dezaten orain belarribakoa dutela Lorea Gernika: negua da baina komodan dauzka gordeak lepoko zapi zetazkoak. Sinboloa? Zer da hori! Mitin barria dugu hau!

        — Belarritakoak janzten dituzten gizonezkoak ez dira andrazko bihurtzen, baina sinbolo bat erakusten dute!

        Itzelak esaten ditu Lorea Gernikak! Zereko sinboloa, gizonezko bat belarritik eraztuna dindilizka?

        — Elkartasunarena, geureganako elkartasuna, beti esklabo bizi izan garen andrazkooi zor digutena.

        Bilarrean ari direnen bola talkek neurtu duten pentsamenduz beteriko isilune bat. Hurrupatxo bana Lorea Gernikak eta lagunek jokorako erreserbatuaren erdilunpean, kikarak heldukera sofistikatuan ezpaineratuz. Indarberriturik, erasorako ikuspuntu berriak hartuta, arestiko gaia ostera. Ea zeinenganako elkartasuna erakusten duen belarriak kenduta.

        — Ez dakit —aitortu du.

        Asaldatu egin zaizkio lagunak. Zer dela barik belarri biak kendu? Burutik behar du. Mahaiaren erdian dagoen Benedictineari oratu dio Lorea Gernikak.

        — Nik neure zatia emon dut! —botila eskuan duela, ahapetik, kasinoko argi xaharrak areagotzen duen misterio giroan.

        Eta deklarazino kiribil horrek zarratu du aste honetako auzia. Bigarren kikarakada bana edanik, aurreko zapatuetan lez ekin diote jokoari truk eta briska Eibarko estazino kaleko artisten kasinoan garratzeneko lau andrazko hauek.