Aurkibidea
Aurkibidea
Pinpilinpauxa
Lehen zebra marra zapaldu behar zuela, «Lorea Gernika! Potxola! Zer bizilarru?» leihatila ilunduak dauzkan 4x4ko gotorretik. Ganberro halakoa, hirugarren senarra izan zuenaren adiskidea, neumatikoen kontrabandan aberastua... besoa leihatilatik atera eta autoko hautsontzia makadamera husten! Hemen, Miarritze barnean! Paretik iragan denean bozina jo dio gainera zorripuztu horrek, begiak makadamean joan da beste espaloiraino. Elysées Parfums ondoan zabaldu duten brasseria afrusean sartu behar izan du Lorea Gernikak.
— Emadazu sosa otoi tabako makinarako.
Ezki-ura eskatu du. Behar du. Jaso du tabako paketea, zigarro bat atera du, sudurpean pasatu du lurrina hartzeko.
— Tila ona duzu etxekandere, tabakoa ez!
Horrelakoak esan eta tabakoa saltzen dute, hementxe oharra pipatzea ez dela on.
— Nik, tabakoa, estiloa erakusteko behar dut.
— Ez da dudarik, ezagun duzu gustu onekoa zarela, bertzenaz ez zinen hemen sartuko —irriño batean, estiloa zer den erakutsiz.
Balizko ke bafada xarmagarri bat jaurti du Lorea Gernikak ezpainak biribilduz. Eta balizko errautsa jaurti du balizko ezki-uretan, irazekiko ez duen zigarroa eri arinarekin joz, emekiro. Horretan harrapatu du hirugarren senarrak lehen emaztearekin ukan zuen semeak, Biarritz Olimpiqueko direktiboekin atean azaldu delarik. Eri artean zeukan zigarroa katiluaren putzuan jausi da, denek ikusi dute. Musu frantsesik eman gabe, nolatan hemen, ongi ote dagoen galdetu dio Antontxuk agurreko.
— Jaikitzen naizenerako ustetua naiz ez dudala egunaren azkena ikusiko —erantzun dio herabe baina beltzuri.
Malenkonia jabetu da Lorea Gernikaren sentimenaz, eta isilik gorde du tabernariari esan nahi ziona, «Aspaldi deliberatu nuen pinpilinpauxa izatera».