Aurkibidea
Aurkibidea
Descartes
Antzinako Arte Klasikoa eta Historia Garaikidea landu dituzte orain arte. Pozik daude guztiak, pazientzia santuko irakasleak dauzkate eta klasearen erdia proiektore batekin azaldutako irudiak komentatzen igarotzen dute. Gaur Filosofia daukate, gai berria, urduri daude Hirugarren Adinekoentzako Ikasturtean izena eman duten hamalau ikasleak. Edukiko ote du irakasle gazte honek eroapenik aski gure garunen motelean ibiltzeko? Filosofia... Pozak dago urduri Lorea Gernika: pentsatu behar lukeen hartara iristeko bideak ikasiko ditu, edo iritsi behar lukeen hartarako ideiak! Hasteko, gelaren egitura aldatu du Markusek. Elkarri beha jarri ditu, biribilean. Berbetan ere, ez duela askorik eginen jakinarazi die. Horretan ez dago arazorik, gelan badituzte hitza hartu eta uzten ez duten batzuk.
— Esadazue, zer da zuentzat justizia?
— Baltzak zein zuriak, denak bardinak izatea! —bota du ez bat eta ez bi Aingeruk, Bermeoko komunista gogorrak, Arroxelako ontzietan hainbat marea eginiko gizonak.
— Ados —esan dio Markusek—, baina zurien artean, berbarako, denok bardinak ote gara?
— Ezta hurrik emon be! —Lorea Gernikak, haserre—. Aurreko baten autoa eroan zidaten udaltzainek minutu bi laga nuelako bigarren lerroan!
— Interesgarria... —Markusek, herabe itxurako irria eginez—. Aingeru, zer pentsatzen duzu horretaz? Nola antolatu behar genuke gizartea?
— Neuk esan nien udaltzainei Gernika anderearen autoa zela hura, eta ipinteko isun gogor bat zerbitzu sozialen aurrekontua gizentzearren.
Barre egin dute denek, baita txarto aparkaturiko autoaren jabeak ere. Horrela eman dute Filosofia lehen klasea, gizarteko arauak, askatasuna, egia... Zenbat iritzi, zenbat zalantza, zenbat ibili bihurri pentsamenduaren eskutik! Ongi betea, bai, ordu betea. Bilera politiko bat egin dutela esanen luke Lorea Gernikak, aspaldiko zirrara ezagun bat sentitu du eztabaidaren beroan. Zazpi loriatan da.
— Egon apurtxo bat irten aurretik... Zuek ez dakizue baina seme bat pilotu daukat British Airways konpainian —british, zeinen british Lorea Gernika lagunei!—, eta pentsatu dut hegaldi ederra egin genezakeela merke Greziara, zelan da... Eskultore klasiko haren harriak ikustera.
Eta izenak apuntatzen hasi da, txartelen eta hotelen prezioak jakin gura dituzten lagunen galderei jaramon egin barik.
— Zer, beldurra hegazkinei, Aingeru?
Baretu da zalaparta, irten dira gelatik filosofia ilunpean utzita, despeditu dira hurrengo eguena arte udaletxearen kainu biko iturrira iritsitakoan eta Doniene karrikatik hartu du taldetxo batek.
— Praxiteles! —Aingeruk, ibilia etenda kopetari esku ukaldi bat emanez.
— Descartes! —Markusek aldarri, atzamar arina tentetuz.
Hurrengo baterako utzi du Lorea Gernikak Markus irakasleari esan behar ziona, gure azti zilarraren antza daukala, Agosti Xahoren burua ikusten duela bere lepotik justiziaz diharduenean.
— Andrak zein gizonak! —erantsi du, filosofoari eta komunistari buru eginik.
Zirrara beldurgarri eder huraxe ostera, nolako gaztetua!