Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Estolda

 

Bilbora jaitsiko duen busaren geltokira iritsi da zein motatariko zuhaitzetakoak ote diren identifikatzeko nahikoa jakinduriarik ez daukan orbelak zapalduz.

        «Andrazkook horrela elkar hartuko bagenu...!».

        Indautxuko jostundegi batean iaz erosi zuen kapelu ziratua jantzirik, aterkia bildu du Lorea Gernikak. Ez da Bilbobuseko geltokiaren aterpean babestu, metro batzuk goragoko estolda itoraino joan da: laster gainbeheran datorren errekatxoa zintarriraino haziko da.

        «Lokomotora gelditu eragin zuten hauek behin!».

        Ez daki zehazki zer, baina emakumezkoek elkarrengana egin balezate gauza ederrak bururatu ahal izanen lituzketela pentsatzen du Lorea Gernikak orbelak espaloian ikusten dituelarik. Horren gauza ahula, horren gauza deusa, haize putz bati buru ezin egina, zalantzarik gabe, emakumezkoaren antzekoa egiten bide zaio, emakumezkoaren zanpaketaren sinboloa, ahultasun historikoaren alegia.

        — Abiadura handiko trenaren lokomotora gelditu eragin zuten hauek Frantzian!

        Ez diote jaramonik egin geltokiko markesinan daudenek. Zeregin horretan jarraitu du, estoldaren sarrerako burdinaga babesgarrien artean trabatu orbelek eraiki duten antapara desegiten aterkia lagun, urari bide egiteko. Gazte bat hurreratu zaio, zigarroa ezpainetik kenduta.

        — Zergatik ez dituzu orbelak bakean ixten?

        Hortzartean egin dio berba, haserre. Burua altxa barik, beharrean kontzentratua erantzun dio Lorea Gernikak lasai.

        — Orbelak ixten baditugu estoldak trabatzen, uholdea sortuko da!

        — Eta zer?

        — Zer? Urpean Bilbo!

        — Gurago nuke egia balitz! —zorrotz, emakumeak.

        Gelditzeko keinukaria piztuta dakarren pullmana hartzera aldendu zaio gaztea Lorea Gernikak burua jaso duenerako, ez dio aurpegia ikusi ahal izan. Ahotsa tabakoak lakartua, baina andrazkoa.

        «Txorierrikoa...!».

        Ez da mugitu estoldaren aho ondotik. Indalezio Prieto hiribidean behera abiatu den busari erreparatzen egon da kezkatan, mandatuen zerrenda etxean utzi duela gomutaturik. Aterkia zabaldu du, etxerantz abiatu da ukondoa minbera. Bidearen erdia egina daukala, zer edo zer etorri zaio arnasan burura.

        «Noski! Neu bai ergela!».

        Eta estoldara itzuli da ostera pauso txikitan, begiak erne, orbelik ez zapaltzearren.

        «Atsoon artean badagoz otsoak... Baita behar be!».