Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Ausikia

 

Ordu erdi egin du oraindik orain ezarri duten Elikatessen izeneko alor berrian. Ahate konfitak, egoserdiko gibelak, Italiako olioak, Irango kabiarrak... Ezer berririk ez, antzekoak ekartzen dizkio British Airwaysko pilotuen pilotuak aldian behin. Aspaldion azaldu ez zaionez, berak erosi ditu oraingoan: Bermeon gazitutako antxoak, suxietarako saltsa batzuk eta pasteurizatu gabeko esnearekin egin Kortsikako gazta. Kapritxook eskuetan dituela ibili da puska batean harat-honat, bere orga ezin kausiturik.

        — Zure orgaren bila zabiltza?

        — Bai, ez dakit non utzi dudan...

        Eskuetako produktuei behatu die bere izena eta saltegiarena paparrean ageri duen neskak.

        — Zatoz!

        Bazter batean ikusi du, berak utzi bezala mukuru, Andaluziako urdaiazpiko pieza ikusgarri.

        — Horixe da, baina ez dut uste hor utzi dudanik.

        Barkamena eskatu dio produktuak sailkatzeko arduradunak, berak ekarri du hona. Ez, ez traba egiten zuelako. Hain horniturik ikusita, eta halako produktuekin, egunero bete bai baina kutxatik pasatu gabe uzten dituzten orga horietarik bat izanen zela iritzi dio. Baztertu egiten ditu horrelakoak, gero hustu eta produktuak zein bere lekuan kokatzeko.

        — Baina, zer diozu!

        — Badakizu, itxura egin behar duen jende asko dago...

        Ez dio onik egin Ainara jator honen azalpenak. Ezetz esan dio, estimatzen diola borondatea, ez duela laguntzarik behar, moldatuko dela irteerako kutxetan, ohitua dagoela. Neska urrundu delarik, betetakoa husteari ekin dio alorrik alor, gordeka. Ez dio berehala alde eginen hartu duen lotsaizunak: nabarmenkerian ibili da bere maila erakusten. Patatak, garbikariak, sukalde zapiak, sagarrak, zukurako laranja sare bat, arroza... horrelakoak erosi ditu.

        — Barka ezazu, emakumea —erdaldun gogorra zaindaria—, zuk ausiki egin diozu sagar bati.

        — Ez!

        — Puska bat jan diozu sagarrari —barrezka.

        — Ez!

        — Gero poltsan sartu duzu beste sagarrekin batera.

        — Aizu! Zer uste duzu zuk!

        — Eta orain, jandakoa ordaindu gabe zoaz —pozik morroia, atsoak izutzeko entrenatua egon behar du.

        Honetan, Lorea Gernikaren dardararen erdian, gizon gazte bat hurreratu da zaindariaren eta Lorea Gernikaren artekoa ikusten gelditu den multzotxotik, beroki beltzeko botoi bat askatuz. Abokatuen Kolegioko txartela erakutsi dio begiraleari.

        — Andere honen abokatu pertsonala naiz.

        — Andere honek...

        — Andere honek kutxatik pasatu ditu erosketa guztiak. Bere tiketa dauka, eta tiket horretan ageri da organ dauzkan produktu guztien ordaina. Beraz, organ dagoena bere jabego pribatua da, eta zuk ez duzu eskubiderik kargu hartzeko.

        — Zuk nik baino gehiago dakizu legeez, baina andere honek ausiki egindako sagarra darama hor!

        Algara egin du Mikel Elordi abokatuak, algara, nolakoa ordea, zer gertatuko zeuden guztiak karkailaka irriz jartzekoa... Lorea Gernikak lasai egin dezan negar.

        Eskua sorbaldan ipini dio abokatuak.

        — Lasai, emakumea! Salaketa ipiniko diogu saltegiari! Lekukoak dauzkagu!

        Mukiak zintza eta malkoak xuka, merkatalguneko taberna moderno batera eraman du Lorea Gernikak ezagutu berri duen Euskal Herriko abokaturik letratuena, epaileek sententzietan gaztelaniari ematen dioten tratu txarragatik sufritzen duen euskaldun bakarra. Taylor's ba ote duten galdetu dio zerbitzariari emakumeak, oporto Taylor's.

        — Aizu, nik ez daukat abokatu pertsonalik, eta... Nola duzu izena?

        Elordik, bestela baitakoan, orgako sagar poltsatxoari erreparatu dio birritako aldiz Lorea Gernikaren arazoez jabetzen den bitartean.