Aurkibidea
Aurkibidea
Ideien hegaldia
Argi azkorrian uzten du ohea, Larrun gailurreko orratza doi bat zehazten hasi delarik daukagu plaiondoan bizikleta estekatzen.
Adin urtetsuan lo-laburrak izaten gara, goizenean ikusten ahal dugu Lorea Gernika hendaiarrok eta beste edozein edonork Ondarraitzen joan-jina egiten galtza piratek agerian uzten dizkioten aztalak uretan. Eta urteak ez ezik, loaren gaindia ez ezik, badauka Lorea Gernikak aztalak bezain sendoko arrazoi bat tenore honetan harearen gainean bakarrik promenatzeko. Euskal Herriko hondartza luzeenean, ehun metroko inguruan itzarritako amaren umerik ez daukala, oinak busti eta burua erne, pentsamenduan sartzen ahal da. Baitezpadakoa du isolatze hori, pentsamendua zalapartaria dela dakiten pertsona bakanetarik bat dugulako andrazko gordin hau. Baiki, ideiek solas egiten dute gurekin, eta berbaro hori, pentsamenduaren sinfonia edo kakofonia edo horrelako zer bat datekeena, gure kaskezurretik lekora entzun liteke, norbera ez ohartuagatik. Emazteki bat oinak uhinen azken farfailan beratzen: nehoren jakineko izan behar ez dutenak pentsatzen ditu lasaitasun horretan. Gero, oina petrilean emanik hondar bihiak behatz artetik kentzen dituela, «Zertaz gogoetatu naiz, funtsean?» egiten dio galde bakartasunari. Eta horixe da gehien arranguratzen duena, funtsean ez duela deusetaz pentsatu, ez daukala gogoan atxikitzea merezi duen ideiarik. Ahalke da. Egunak argitu du mundua, baina ez bere adimendua! Egoskorra baitugu, bihar ere Hendaiako hondartza ederrera etorriko zaigu goiztiar, inork ez dezan entzun zer pentsatzen duen noizbait pentsatzera helduko den horretaz.
Harroxko aitzindu du Lorea Gernikak eguneko lehen jendarme patruilako autoa, baina kaioek atzoko tankeran despeditu dute, trufaka, gogoetaren hegalak balira bezala.