Poesia kaiera
Poesia kaiera
Anne Hebert
itzulpena: Aiora Jaka Irizar
2024, poesia
64 orrialde
978-84-19570-19-2
Anne Hebert
1916-2000
 
 
Hitzaurrea

 

      Anne Hebert (Sainte-Catherine-de-la-Jacques-Cartier, 1916 - Montreal, 2000) Quebeceko poesiaren ordezkari garrantzitsuenetako bat da, eta hein berean sailkagaitza eta berdingabea. Ahots oso pertsonal baten jabe, bide guztiz berea egin zuen literaturan. Hebert Quebec hiritik hurbileko herrixka batean jaio zen, non haurtzaro lasai eta zoriontsua izan bide zuen tradizio katoliko sakoneko familia batean. Tuberkulosi diagnostiko oker batek kausatutako bost urteko bizimodu isolatu samarrak eta berezko izaera lotsati batek introspekziorako eta kontenplaziorako haren aiurria finkatu zuten, eta barrura zein kanpora begira egote hori haren poesiaren marka bihurtuko zen gerora.

      Eleberrigintzan eta poesian aritu zen Hebert bizitza osoan zehar, eta bi arloetan lortu zuen aitortza zabala. Gizarte aurreko aurkezpena poema liburu baten bitartez egin zuen, hogeita sei urte zituela. Les songes en équilibre lehen liburu hark gerora etorriko zen kalitatearen lehen zantzuak iragartzen zituen, baina gaietan naif samarrak eta estiloan ohikeriazkoak ziren hango poemak. Hebertek berak gaztaroko akastzat jo zuen lehen liburu hura atzera begiratzean, “umeen zirriborroen gisakoa” zela iritzita, eta ez zuen berrargitaratu nahi izan. Bilduma honetara lehen liburu hartako bi poema baino ez ditugu ekarri, erakusgarri. Bigarren poema liburua, Heberten obran gailurra, 1953an argitaratu zen: Le tombeau des rois. Lehen poemarioa atera eta hurrengo hamaika urteetan idatzitako aleak bildu zituen han, eta bere poesiaren bereizgarriak beren betetasunean erakutsi. Duen garrantziagatik, osorik ekarri dugu antologia honetara.

      Poesia enigmatikoa da Hebertena, soila bere adierazpenean, baina sinbolo ondo neurtuen gainean oparo eraikia. Naturako elementu sinple baten behaketak abiatzen du askotan poema (iturria, euria, txoriaren kantua, gaua), eta sakontasun intimo handiko gogoetetaraino gidatzen du berehala eta oharkabean irakurlea. Naturaren kontenplazio hori ameskeriaren bitartez egiten da askotan (songe), zeinean plano kontzienteak eta inkontzienteak bat egiten duten, eta irakurlea, hala, sentimendu ia mistiko baten lekuko bihurtzen da. Tonua etsia da Heberten heldutasuneko poemetan, gaztaroko lehenen aldean, eta hain zuzen ere haurtzaroaren mina gailentzen da poema batean baino gehiagotan. Paradisu galdu gisa ageri da haur-garaia, eta helduaroa deslilurarekin lotzen da (“malba gorriak ez du uste adina usain / ez urak kantatu adina sekretu”), baita desesperantzarekin ere (“hauxe da munduaren ifrentzua / nork egotzi ote gaitu alde honetara?”).

      Hebertek beste hiru poema-liburu plazaratu zituen bizi izan zen artean, eta guztietan nagusitzen da autokontenplazio etsia. Soilik hirugarrena, Mystère de la parole, Quebeceko Iraultza Lasaiaren garaikoa, da zertxobait sozialagoa, kanpora begirakoa eta tonu baikorxeagokoa. Lerroa ere luzeagoa dute liburu horretako poemek, prosaren hatsekoa. Horien guztien berri, euskaraz lehenengoz, dakarkizuegu kaier honetan, Aiora Jaka Irizarrek zorrotz, tentuz eta mimoz eginiko itzulpen eder honetan.

Isabel Etxeberria Ramírez