Poesia kaiera
Poesia kaiera
Seamus Heaney
itzulpena: Xabi Borda
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-05-1
Seamus Heaney
1939-2013
 
 
Hitzaurrea
Beñat Sarasola

 

      Kaiera irakurri bitartean ez litzateke arraroa izango irakurleari bururatuko balitzaio Seamus Heaney euskal poeta dela. Heaneyren munduaren eta Euskal Herriaren arteko paralelismoak ez baitira gutxi. Castledawson-en, Ipar Irlandan, jaio zelarik 1939an, Heaneyren poesia bat baino gehiago ezagunak egingo zaizkio askori. Idazketaren mugatik poema esaterako, non polizia kontrol bateko umiliazio sentipena kontatzen duen. Connemara aipatzen duela, ezin ekidin Julen Gabiriaren nobelarekin akordatzea. Heaneyren poesiaren ezaugarri orokor bat ere Euskal Herriarekin lotuko lukete askok, hots, haren poesiaren eite landatarra. Landa-eremua eta lurra dira Heaneyren poesiaren testuinguru nagusiak, askotan haurtzaroko oroitzapenekin batera datozenak, eta mundu xume eta geldo horren distirak erakusten ditu maiz bere poemetan. Heaneyren berezitasunetako bat da, ordea, hori ez dela inoiz ere erruralismo mitifikatzailean jausten, eta kontrara, mendebaldeko poesia moderno eta garaikidearen historia —nagusiki hiritarra izan dena— aberastu egiten du. Bakana baita Heaney: akademiak eta kritikak goratzen dute, eta, era berean, poeta irakurri eta herritarra dugu.

      Arestian aipatutako irakurlearen balizko irudipen hori gerta dadin, Xabi Bordaren itzulpenak ere lagundu laguntzen du. Izan ere, irakurleari heldulekuak eskaintzen dizkio hurre duen poesia bat emateko, bat datorrena, bide batez esanda, Heaneyren poesiaren izaera herrikoi horrekin. Hala, “lukurreroak” irakurri eta Aresti etorriko zaigu burura, edo “zoru etikoa” irakurri eta oraindik haragi bizi dugun gatazka.

      Honenbestez, modu oso propioan, mundu pre-moderno bat irudikatzen digu Heaneyk, eta erakutsi modernoa izan litekeela orobat nekazari munduaz jardunda. Era berean, poesia Ipar Irlandan, Europaren bazterrean, kokatuta ere unibertsala izan litekeela erakusten digu, eta horregatik, modernitatearen errelato errazkeriazkoak zalantzan jartzen ditu. Begirada lokal hori garatzeko beste poeta batzuengan jarri zuela arreta esan izan zuen inoiz: Robert Frost, Patrick Kavanagh, Ted Hughes. “Nire haurtzaroko County Derryko esperientzia etxekoarekin, ‘mundu modernorako’ arkaiko eta hutsaltzat jo izan nuen horrekin, fidatu behar nintzela ikasi nuen. Konfiantza hori irakatsi zidaten eta berau artikulatzen”.

      Mundu landatar hori bereziki Heaneyren lehen poesian dugu nagusi, eta beste zenbait aletan Ipar Irlandako gatazkaren oihartzunak topatuko ditugu, Wintering Out (Negutik ihes) eta North (Iparra) poema liburuetan esaterako. 70eko hamarkadan idatziak, Ipar Irlandako gatazka geroz eta latzagoa bilakatzearekin bat idatzi zituen. Tradizioari ere erreparatu zion Heaneyk, eta Irlandako antzinako poesia itzuli eta birmoldatu zuen. Horietako bat duzue kaier honetan, XI-XII. mendeko Colum cille cecinit, zeina azkeneko bilduman, Human Chain-en (Giza katea), argitaratu zuen. Itzultzaile gisa egindako lana ere azpimarragarria da, batez ere antzinako poesia itzuliz baina baita Aleksandr Puxkin bezalako poeta modernoagoak ere. Tradizio irlandar horren arrastoa ere Heaneyk zerabilen ingeles ez-normatiboan antzematen da, poema batean baino gehiagotan ahots poetikoak berak aitortzen duenez. Hizkuntzarekiko kezka ere sarri azaltzen zaigu eta, Alfabetoak poema gogoangarrian adibidez, non mintzaira idatzia ikastearen esperientzia miragarria azaltzen digun.

      Aski saritua izan zen bizirik zela, baina 1995ean eskuratu zuen Literatura Nobel sariak erabateko kontsakrazioa ekarri zion, eta XX. mendeko poeta handienetakoen artean kokatu zuen.