Erresistentziarako gorputzak: bollerak
Erresistentziarako gorputzak: bollerak
2023, saiakera
108 orrialde
978-84-19570-02-4
editorea: Jule Goikoetxea
Eva Perez-Pons
 
 

 

3.4.
ZEIN BIZITZAK DUTEN BALIO

 

      Carl Hempelek logika induktiboaren inguruan hausnartu zuen 1940ko hamarkadan, belearen paradoxaren bitartez. Paradoxa horrek zioen, adibidez, zure bizitzan bederatzi bele beltz ikusten baldin badituzu, pentsatuko duzula existitzen diren “bele guztiak beltzak direla”, eta, bele beltz bat ikusi ahala, baieztapen horrekiko segurtasuna handituko zenukeela. Orain bai, segurtasun absolutua izateko, unibertsoa osatzen duten bele guztiak behatu beharko zenituzkeela. Hampelek zioen baieztapen horri buelta eman ahal zaiola eta baliokidea den forma negatiboan planteatu: “Beltza ez den guztia ez da bele”, eta indukzio bidez bele guztiak beltzak direla adierazten duen baieztapenaren ziurtasuna handitu, “beltza ez den eta bele ez den” gauza bat ikusi ahala. Beltza ez den txori bat ikustean, hortaz, handituko litzateke gure konfiantza “beltza ez dena, bele ez dela” ziurtapenarekin. Era berean, ikusiko bagenu berdea den kanario bat, “beltza ez den guztia ez da bele” esaldian ziurtasuna irabaziko genuke, baina baita ere bere baliokidea den “bele guztiak beltzak dira” esaldian. Hau da, ikusiko bagenu katu zuri bat, edo lore urdin bat, inkontzienteki, “bele guztiak beltzak dira” esaldiaren segurtasuna handituko genuke. Indukzioaren paradoxa intuizioren eskutik doala iruditu arren, esaldia ezeztatzean guztiz kontrakora pentsatzera eramaten gaitu, eta, guztiz absurdoa badirudi ere, normalitatearen ezarpenean eragin ikaragarriak ditu.

      Belearen paradoxa adibide bat besterik ez da, baina baliagarria zaigu humanitatearen definizioa zelan eraiki den ulertzeko. Adibidez, norma baldin bada gizaki guztiak emakumeak edo gizonak direla, hortik ateratzen den identitate edo gorputz oro ez da humanoaren parametroen barruan sartuko, eta gizaki batek izan beharko lituzkeen eskubideak galduko ditu. Gauza bera gertatzen da arau heterosexualak markatzen dituen baieztapen gehiagorekin, hala nola, gizonek zakila dutela, emakumeek alua dutela edo gizakiek zakila edo alua izan behar dutela gizaki izateko. Metodo zientifikoak ez du planteatzen zientziaren helburua egia aurkitzea denik. Zientziak faltsutu daitezkeen iragarpenak eta teoriak eraikitzen ditu legeak sortu ahal izateko, eta faltsutzeko aukera horretan egiten da posible zientziak eta garapenak aurrera egitea. Egia absolutuaren bilaketa positibismoaren produktu den idealismo forma bat da.

      Puntu honetan sartzen da jokoan zientziaren neutraltasuna. Zientzia gizartean jada existitzen diren hierarkietan eta Mendebaldeko pentsamenduan oinarritzen da, bestelako ezagutza moduak baztertuz. Era berean, neutraltasuna baliorik gabeko jakintzari egozten zaio; egia sortzeko modu bat da. Jakintzari balioak kentzeko testuingurutik atera behar da eta abstrakziora mugatu, leku guztietan txertagarria izan ahal izateko. Abstrakzio horren adibiderik argiena dira matematikak, eta, garapen zientifiko eta teknologikoaren oinarrian daudenez, bi esparru horiek neutroak direla esaten da. Baina garapen zientifiko eta teknologikoa matematiken aplikazio bat da, eta horretan ezin da ziurtatu neutralitaterik dagoenik, zer, noiz, non eta nola ikertzen den gutxi batzuek erabakitzen dutelako; hau da, gutxi batzuek erabakitzen dute unibertsoko zein fenomenok behar duen azalpen bat eta zeinek ez, eta definitzen dute zer den problematikoa eta zer ez, eta hori balio batzuetan oinarrituta egiten da (Harding, 1993). Metodo zientifikoa eta, oro har, zientzia eta teknologia, natura ezagutzeko erabiltzen dira, baina historikoak diren botere erlazioen araberako interes ekonomikoen alde erabiliko dira. Bestetik, ezagutzak, natura kontrolatzea eta manipulatzea dakar. Testuinguru horretan sortzen edo produzitzen da egia, historikoa dena eta aldakorra izateko tendentzia duena. Sexuarekin gertatzen den bezala, ez da egia existitzen ez denik, baizik eta sortu egiten dela. Sortua izateak ez du esan nahi materiala ez denik.

 

 

3.4.1. GIZAKIAREN ERAIKUNTZA

 

xx. mendeko 40ko hamarkadan erditzeak, norbere etxean egin ordez, kliniketan egiteko praktika nagusitu zenean, ikusi zen haur batzuk ez zirela sexu normalizatu batekin jaio. Dimorfismo sexuala gainditu ezinik, sistema medikoak patologizatu egin ditu dimorfismo horren estetikan sartzen ez diren gorputzak, hari egokitzeko, bortxazko ebakuntzetara eta praktika heterosexualetara behartuz. Argi dagoena da pertsona intersexen existentziak gezurtatzen duela dimorfismo sexualaren izaera absolutista eta naturala. Jaioberriei dimorfismo horri egokitzeko egiten dizkieten ebakuntza estetikoek frogatzen dute gizaki izateko baldintza dela genitalitate arautu bat izatea. Era berean, jaioberriak jaio eta asko jota 48 ordutara Erregistro Zibilean gizon edo emakume gisa sailkatzeko premia legalak demostratzen du genitalitateak orientatzen duela gorputzaren koherentzia, eta hura dela genero rolen bitartez oreka soziala lortzeko modurik oinarrizkoena. Gorputzen aniztasuna sexu bitarrera murrizteko helburua diferentzia sexuala teknikoki erreproduzitzea dela esan daiteke, eta humanitatearen birprodukzio kultural horretan aparatu medikoak eta legegileak batera jarduten dute.

      Organo sexual jakin batetik eraikitzen da gorputza bere osotasunean, eta organo sexual horri esker errekonozitzen da gorputz bat gizaki gisa. Horrela, organo sexualak ez dira soilik erreproduktoreak espeziea erreproduzitzeko zentzuan; giza gorputzaren koherentzia erreproduzitzeko ere oinarrizko pieza dira. Giza gorputza giza gorputz izateko zer nolakoa izan behar den definitzen dute. Diferentzia sexualaren erregimenetik alde egiteak esan nahi du humanoaren esferatik ihes egitea subalternitatearen, biolentziaren eta kontrolaren esferan sartzeko (Preciado, 2011, 2020). Bestetik, egia sortu egin den bezala, sortu egin da humanoaren edo gizakiaren esanahia, historian zehar aldakorra izan dena eta orain bestea edo zaurgarri bezala ulertzen dena. Egiarekin bezala, gatazkan jarri beharko litzateke zelan eraiki izan den “gizaki” kontzeptua, eta zein izan den produzitua balioa duen gizaki ulergarri gisa eta zein ez.

      Gizartea antolatzeko saiakera gisan argitaratu zuen 1762an Jean-Jacques Rousseau pentsalariak Kontratu soziala liburua, Emilio idazten zuen bitartean. Gizonaren askatasun nahiak bultzatuta, kontratu soziala gizon talde batek egindako kontratu bat da, hain zuzen ere subjektu politiko bilakatzen dituena, eta kontratu horren objektua: emakumeak. Urte batzuk geroago etorriko zen Frantziako Iraultza edo Iraultza Burgesa, non Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena onartuko zen; askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna oinarri zituen ituna.

      Patemanek (2018) zioen literalki hartzekoa dela Frantziako Iraultzaren leloaren parte den anaitasun hitza: anaien artekoa. Anaien arteko ituna. Azterketa horren bitartez azal daiteke eskubideen eta berdintasunaren adierazpen horretatik emakumeak kanporatu izana. Izan ere, gizakiaren esanahia aldakorra izan da historian zehar. Gizakiaren errepresentazio sinbolikoa gizon zuri burgesak izaten jarraitzen du. Horrek gure bizitzetan ondorio materialak ditu; adibidez, giza eskubideak subjektu horretatik pentsatu izana. Giza eskubideekin soilik ez dira bermatzen pertsona guztien eskubideak, eta horregatik beharrezkoa da beste subjektuen eskubideak aparteko aldarrikapenetan sartzea, hala nola, “emakumeen giza eskubideak” izendatuz, “umeen giza eskubideak” edota “etorkinen giza eskubideak”, argi utziz nor den unibertsala eta nor izaki partikular, kontingente eta periferikoa.