Erresistentziarako gorputzak: bollerak
Erresistentziarako gorputzak: bollerak
2023, saiakera
108 orrialde
978-84-19570-02-4
editorea: Jule Goikoetxea
Eva Perez-Pons
 
 

 

Hitzaurrea

 

Marta Luxán Serrano

 

      Lisiperen hamahirugarren ale honetan Eva Perez-Ponsek bollerak erresistentziarako gorputzak direla aldarrikatzen du. Testua esku artean, ni harago joango nintzateke. Bollerak eraldaketarako  gorputzak ere bagarela esango nuke; beste lagun batzuekin batera, familiaren instituzioa deszentratzeko eta politika ulertzeko zein egiteko moduak transformatzeko gaitasuna duten subjektuak, alegia.

      Martxoaren 8a da hau idazten ari naizela. Euskal Herriko mugimendu feministaren aldarriak zaintza sistemaren eraldaketa du erdigunean. Nola ulertu, bada, zaintza zaurgarritasunari erreparatu gabe? Perez-Pons, Butler gogoan, halaxe mintzo zaigu zaurgarritasunaz, “subjektua beste era batera ulertzeko aukera ematen digu, parte-hartze politikorako planteamendu berrietara bidea irekiz”. Eta horixe dugu liburu honen ekarpenetako bat, subjektuaren ulerkeraren eta parte-hartze politikoaren arteko loturan sakontzeko egindako ahalegina, orain arte gai horrekiko burututako gogoetak jasotzeko zein bide berriak irudikatzeko abilezia.

      Esanda dago,  liburuak gorputzak ditu abiapuntu eta jomuga. Zaurgarritasunak, interdependentziak, berdintasun erradikalak eta parte-hartze politikoaren heterogeneotasuna bermatzeko egin beharreko esfortzuak irekitzen dute bidea. Ez dira gai makalak! Hortik abiatuta, Hego Euskal Herriko lesbiana feministen eta lgtbi taldeen ibilbideak aztertzen ditu egileak, mugimenduak hastapenetatik izan duen klase eta bestelako bazterkeriekiko kontzientzia azpimarratuz. Historiaren eskutik gaur egunera ekartzen gaitu, emakumeak ez direla aldarrikatzen duten bollera antolatuei zein sexuaren desnaturalizazioari leku berezia eginez.

      Eta praktiketatik teorietara egiten du jauzi: sexu-genero sistema, gorputzen eta hizkuntzaren performatibotasuna. Besteak beste, Rubin, Wittig, Butler eta Preciadorekin dantzatuko gara orriotan, generoaren, matrize heterosexualaren eta lesbianismoaren eraikuntzaren gaineko teorien azterketa sakona baitakarkigu liburuaren bigarren atalak.

      Elvira Burgosek aldarrikatzen duen marko kulturalaren eraldaketaren beharra eta Feinbergen sexu, genero eta sexualitatearen zurruntasunari buruzko gogoetak buruan, eguneroko bizitzan, praktika politikoetan zein ikerketetan generoa continuum moduan irudikatzeko proposamena lurreratzearen garrantziari heldu nahi nioke nik. Hau da, kualitatiboki zein kuantitatiboki —zenbakiak eta estatistikak hitzak bezain performatiboak direlakoan— bestelako gorputzen ikusgarritasuna bermatuko duten kontzeptuak eta tresnak erabiltzearen aldeko deia egiteko baliatu nahi dut hitzaurre hau, genero-desberdinkeriak sozialki eraikitzen ditugula erakutsiko eta bereizketa horien esentzializazioa borrokatuko duten lanabesak eskuratzeko gonbita.

      Eva Perez-Pons poeta eta ingeniaria da, idazlea eta aktibista. Eta, nola ez, egilearen kokapenak badu testuaren garapenean eragina. Esaterako, balioa duten bizitzei eskainitako atalean, humanitatearen ideia nola eraiki den islatzeko asmoz, zientziaren gaineko gogoeta sakon bezain iradokitzailea oparitzen digu, ezinbesteko erreferentzia bilakatuko zaiguna irakasle gisa aritzen garenoi. Baita ekintza zuzen ez-biolentoa bizitza bizigarrien aldeko borroka gisa aurkezten digunean, biolentzia eta generoaren eraikuntzaren arteko harremana arakatuz eta mugimendu antimilitaristaren esperientzia eredutzat hartuz. Ekintza ez-biolentoaren eta berdintasun erradikalaren aldarrikapenak banaezinak direla diosku, eta transfeminismoaren proposamenekin bat egiten duela gaineratzen du, beldurraren kudeaketaren garrantzia azpimarratzearekin batera.

      Duela gutxi, Ana Jaka bollera izateari buruz mintzo zen Berrian. “Bollera izatea zer den. [...] bollerok ohitura handia dugu bikotekide ohien edo bikotekide izatera iritsi ez direnen lagunak egiteko. Sareak sortzen ditugu, eta hori beste harreman batzuetan ez da gertatzen”. Bada, erabil dezagun laguntasuna ahaidetasuna ulertzeko modua zabaltzeko. Marko kulturala eraldatzeaz gain, pertsonen eskubide sozioekonomikoak bikote eta familia harremanetan oinarritu beharrean, gorputz, bizikidetza eta harreman mota guztiak (eta ez soilik sexu-afektiboak) kontuan hartuko dituzten banakako zein taldeko eskubideen alde egin dezagun.

      Teoriak praktikekin uztartu eta parte-hartze politikoa berrezaugarritzeko proposamenak plazaratzen eta eztabaidatzen ditu Perez-Ponsek testu honetan, beti ere pertsonala politikoa dela agerian utziz. Eta bidaia hori bolleren gorputzetik abiatzen badu ere, beste batzuei ere egiten die leku. Manresako La Ruda etxe okupatuan amaitu nuen liburua irakurtzen, askotariko gorputzek habitatzen eta partekatzen duten espazio politikoan, ezin aproposagoa. Eta leitzen jarraitzeko gogoz geratu nintzen, ez nuen testua bukatzea nahi. Izan dadila irakurketa zuentzat niretzat bezain gozagarria eta iradokitzailea!

Hernani, 2023ko martxoaren 8an