Hau ez da gerra bat
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Azaleko irudia: Igor Arzuaga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
126 orrialde
978-84-19570-22-2
Mikel Ayllon
1980, Laudio
 
 

 

14. BATAILA.

Irabazi ala galdu?

 

(Musika.)

 

liuda: Nork jaso behar du orain hau guztia?

 

(bagirak ez dakiela adierazteko keinu bat egin dio.)

 

liuda: Gauza hauek guztiak ez dira berez ordenatuko, diot nik.

 

soldadu ezezaguna: Bulego bat.

      Espero zenuten gerra bukatzea buruan zulo batekin, lokatz artean minez txilioka, gorputz osoko ubeldurek itota, belauniko etsaiari erreguka, beldurrez, negarrez, ospitale bateko ohatze odoldu batean.

      Edonola.

      Baina ez bulego batean.

 

liuda: Eta orain nora itzuliko zara?

 

(bagirak ez dakiela adierazteko keinu bat egin dio.)

 

soldadu ezezaguna: Gerran egon denarentzat gerra ez da sekula amaitzen.

Bolbora usaina ariman itsatsita geratuko zaio betiko.

Lurperatzen duten arte.

 

bagira: Bolbora usaina zegoen, Liuda.

 

liuda: Nola jakin zenuen?

 

bagira: Bolbora usaina zegoen, esan dizut.

 

liuda: Bai, Bagira. Baina nola jakin zenuen?

 

bagira: Bolbora usaina zegoen, eta atean jo nuen.

 

liuda: Baina nola jakin zenuen?

 

bagira: Bolbora usaina zegoen. Atean jo nuen. Sartzeko agindu zidaten barrutik.

 

(Etena. liuda mikrofonoaren aurrera doa.)

 

bagira: Bi ofizial zeuden bulegoan.

      Loreak eta koadroak.

 

liuda: (*) Gerra bakoitzaren ondoren

      norbaitek garbitu behar du dena.

      gauzak ez dira berez ordenatuko,

      diot nik.

 

bagira: Bulegoetan loreak eta koadroak egoten dira beti.

      Eta alfonbra bat zoru guztia estaltzen

      zerbait ezkutatu nahi izango balute bezala.

 

liuda: Norbaitek apartatu behar ditu hondakinak

      bide bazterrera

      gorpuz gainezka datozen karroek

      aurrera egin ahal izateko.

 

bagira: Bulegoetan loreak eta koadroak egoten dira beti.

      Eta uniformea medailaz estalita daukaten gizon bulartsuak.

      Zerbait ezkutatu nahi izango balute bezala.

 

liuda: Norbaitek sartu beharko du

      lokatz artera, errauts artera,

      sofako burdinen artera,

      kristal zatien

      trapu odoltsuen artera.

 

bagira: Loreak eta koadroak.

      Eta loreak koadroetan.

      Eta, hala ere, bolbora usaina zegoen.

 

liuda: Norbaitek arrastatu beharko du habe bat

      horma bati eusteko,

      beira bat jarri leihoan

      eta atea bere gontzetan.

 

bagira: Uniformedun bi gizon zeuden.

      “Gerra bukatu da” esan zidaten.

      Edo esan zidaten: “Gerra hau bukatu da”.

      Ez nien ondo ulertu.

 

liuda: Hori guztia ez da oso fotogenikoa

      eta urteak behar dira.

      Kamera guztiek alde egin dute jada

      beste gerra batera.

 

bagira: Koadroetako loreek bolbora usaina zeukaten.

      Uniformeetako medailek bolbora usaina zeukaten.

      “Gerra hau bukatu da” esan zidaten.

 

liuda: Zubiak

      eta geltokiak berreraikitzera.

      mahukak piltzartuko dira

      jasotzearen jasotzez.

 

bagira: Ahoan nabaritzen nuen bolboraren usaina.

      Eta gorputzeko orbainetan, min erre bat.

 

liuda: Eskuetan erratza darabilen baten batek

      gogoan izango du oraindik gertatutakoa.

      ondoan norbaitek entzungo dio

      buruarekin baietz egiten duen bitartean.

      Baina inguruan

      zenbait

      aspertzen hasiko dira.

 

bagira: Beldurra eztarrian nabaritzen da lehenbizi.

      Eta gero orbainetan.

      Beldurrak bolbora usaina dauka.

 

liuda: Oraindik norbaitek

      belar txarren artean

      ugerrak jandako argudioak aurkitu

      eta zabor pilara eramango ditu.

 

bagira: Ate bazterretik galdetu nien:

      Zer egin dugu, irabazi edo galdu?

 

liuda: Hemen zer gertatu zen

      zekiten horiek

      gutxi dakitenei

      utzi beharko diete lekua.

      eta ezer gutxi dakitenei.

      are ia ezer ez dakitenei.

 

bagira: Irabazi edo galdu?

 

liuda: Kausak eta ondorioak

      estaliko dituen belarraren gainean

      norbait etzango da seguru,

      galburu bat ahotik zintzilika,

      hodeiei begira.

 

soldadu ezezaguna: Frontetik begi bat gutxiagorekin, hanka hautsi batekin eta hamaika orbain gehiagorekin itzuli ginen. Eta gero, bulego batean erabaki zuten guk irabazi genuela gerra. Baina ordurako ikasita geneukan lezioa: irabaztea galtzeko beste modu bat besterik ez da.

      Orain irabazleen bandokoak zarete. On ala txar. Dagoeneko ez dio axola zer aukeratu zenuten.

 

(liuda eta bagira eseri dira.)

 

bagira: Nik ahulen bandoa aukeratu nuen.

 

(Iluna.

Eta musika.)

 

 

amaiera

 

 

 

(*) Hemendik aurrerako Liudaren hitzak Wisława Szymborskaren Amaiera eta hasiera poemakoak dira.