Hau ez da gerra bat
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Azaleko irudia: Igor Arzuaga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
126 orrialde
978-84-19570-22-2
Mikel Ayllon
1980, Laudio
 
 

 

1. BATAILA:

Gerra bat norberarena

 

(Eguna iluntzen hasi da. Hotz da. Norbaitek dardara txiki bat egin du.

 

Zirkuluan eseri gara. Elkarri begiratu diogu denok. Gorputz bakar bat gara orain.

 

Gutako bat altxatu da. liuda da. Gutun horaildu bat dauka eskuen artean. Irakurtzen hasi da.)

 

liuda: Frontetik begi bat gutxiagorekin, hanka hautsi batekin eta hamaika orbain gehiagorekin itzuli ginen. Eta gero, bulego batean erabaki zuten guk irabazi genuela gerra. Baina ordurako ikasita geneukan lezioa: irabaztea galtzeko beste modu bat besterik ez da.

 

(Hizketan ari den bitartean, soldadu ezezaguna jostailuzko soldadutxo txiki baten giltzari eragiten ari zaio. Krik. Krik. Krik. liuda eseri denean, soldadu ezezagunak soldadutxoa lurrean utzi du eta oinez hasi da jostailua, zirkuluaren erditik, noragabe. bagira altxatu da, beste orri zati bat eskuetan duela.)

 

bagira: Hau gerra bat da. Stop. Izan zitekeen jolas bat, errepresentazio bat, gezur bat edo, René Magritte gogoan, izan zitekeen pipa bat. Stop. Baina ez. Hau ez da jolas bat, ez da errepresentazio bat, ez da gezur bat, eta ez, Magritte, hau ere ez da pipa bat. Stop. Hau gerra bat da. Jantzi kaskoa. Lubakian egongo gara zure zain. Stop.

 

(Pianoa jotzen hasi da elur. Gero eta ilunago daude bazterrak. Gaua dator. Jostailuzko soldadutxoa desagertu egin da norbaiten hanken artetik. Edo lurrera erori da, denon aurrean.)

 

soldadu ezezaguna: Hainbat eta hainbat mendez, zuen aurreko belaunaldi guztiek gerra bat bizi izan dute. Ez didazue sinetsiko, baina ni neu, gerra horietan guztietan izan naiz. Hainbatetan hil naute. Hainbatetan hil dut. Hondartzan abandonatuta utzi dute nire gorpua. Zulo batera bota naute, beste hamaika hezurren artera. Monumentuak eraiki dituzte han-hemen nire omenez. Inork ez dakien arren nire izenik. Zuek ere ez. Eta, egia esatera, nik ere ahaztu dut dagoeneko. Soldadu ezezaguna dei nazakezue.

 

(Pianoaren musikak zikintzera egin du. Urrunetik datozen beste zarata batzuekin nahastu da. Pisu dator gaua.)

 

soldadu ezezaguna: Bada uste duenik, logika zital bati jarraikiz, zuen haragiak ere erreko direla bonben azpian, zuen eskuek armen katuak sakatu beharko dituztela eta zuen buruak trintxeren lokatz azpian ezkutatu beharko dituzuela, zuen aurreko guztiek egin zuten modu bertsuan. Hau da, zuek ere ez zaretela gerra honetaz libratuko.

 

(Bat-batean, isiltasuna.)

 

soldadu ezezaguna: Prest zaudete?

 

(Atzerako kontu labur bat. Eta zarata.)