Hau ez da gerra bat
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Azaleko irudia: Igor Arzuaga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
126 orrialde
978-84-19570-22-2
Mikel Ayllon
1980, Laudio
 
 

 

BOSGARREN BONBARDAKETA

 

pianista (Begiak irekita hil zirenak kanta jotzen hasi da.)

 

(Sirena-hotsak.)

 

off: Sei mezu zahar dituzu. Laugarren mezua. Duela 5 urte, 3 hilabete eta 10 egun.

 

lei: Lehen ez zinen horrelakoa.

 

off: Mezuaren amaiera. Sakatu 1 gordetzeko. Sakatu 2 ezabatzeko.

 

zan: Bi.

 

off: Hiru mezu zahar dituzu. Bigarren mezua. Duela 3 urte, 6 hilabete eta 3 egun.

 

zan: Zure amarekin nago egoitzan. Ez dauka itxura onik. Arnasa trabatu egiten zaio zintzurrean. Etorri beharko zenuke, Lei. Eskutik heldu nau. Baina nire eskua ez da zure eskua.

 

off: Mezuaren amaiera. Sakatu 1 gordetzeko. Sakatu 2 ezabatzeko.

 

lei: Bi.

 

off: Sei mezu zahar dituzu. Bosgarren mezua. Duela 2 urte eta 24 egun.

 

lei: Laster helduko naiz. Azken tragoak jarri eta taberna itxiko dut.

 

off: Mezuaren amaiera. Sakatu 1 gordetzeko. Sakatu 2 ezabatzeko.

 

zan: Bi.

 

off: Hiru mezu zahar dituzu. Azken mezua. Duela 2 urte eta 24 egun.

 

zan: Lei, non zaude? Hartu telefonoa. Badakit hor zaudela. Joder. Hor zaude? Lei? Ez duzu etortzeko asmorik, ezta? Sinetsi nizun, Lei. Etorriko zinela. Bederatziak dira, Lei. Bederatziak. Non zaude? Hor zaude, ezta? Hartu telefonoa. Zergatik egiten didazu hau? Zortzietan geratuta geunden. Zergatik min hau?

            Ba al dakizu zer? Nazkatuta nagoela zurekin. Edozer gauza jartzen duzu beti gure aurretik. Zure lana, zure liburuak, zure atsedena, zure denbora, zure plazera. Eta zure gezurrak. Bai, Lei, zure gezurrak. Nazkatuta nago. Zer uste duzu, inozoa naizela? Ez dakidala? Zergatik ez didazu esan? Zergatik ez didazu inoiz esan? Zergatik, hainbeste denboraren ondoren. Hitz egin ahal genuen. Lagundu ahal zintudan. Zergatik ez zenidan esan zulatuta zeundela? Min handia zeneukala?

            Aurretik izan dituzun gerra guztiek hamaika orbain utzi zizkizutela? Beldur zarela? Zergatik ezkutatu didazu? Denok borrokatu gara beste fronte batzuetan. Denok. Denoi zartarazi dizkigute erraiak, gibelak, hezurrak. Eta bihotzak. Denoi. Denok bizi gara beldurretan itota.

            Sinetsi nizun, Lei. Gu biontzako gaua zela gaurkoa. Dantzatzera ere joango ginela. Dantzatzera. Zuk nahi zenuela. Nirekin geratu nahi zenuela betiko. Akabo bakoitza bere aldetik joateari. Proiektu komunak izango genituela. Zerumuga bat biontzat. Biontzat. Guretzat. Guretzat, Lei. Utziko zeniola zure buruarekin borrokatzeari. Eta nirekin. Bukatu zirela lubakiak. Joder, Lei. Joder. Zergatik min hau? Zergatik min hau niri?

            Akabo, Lei. Ez baduzu nirekin dantzatu nahi, beste norbaitekin joango naiz. Ez banauzu ni maite nahi, beste norbait maiteko dut. Ez baduzu nire ondoan egon nahi, beste norbaiten ondora joango naiz. Serio ari naiz, Lei. Eta zuk ere sufrituko duzu. Sikiera hori. Biok sufrituko dugu. “Gu” bat. “Gu” bat, azkenean. “Gu” bat, lokatzetan hondoratuta.

            Min handia egin didazu, Lei. Akabo. Azken gerra izan da hau.

 

off: Mezuaren amaiera. Sakatu 1 gordetzeko. Sakatu 2 ezabatzeko.

 

lei: Bat.

 

off: Sei mezu zahar dituzu. Azken mezua. Duela 3 egun.

 

lei: Sorpresa bat daukat zuretzat, Zan. Ikusiko duzu. Dena izango da berriro lehen zen modukoa. Jantzi batzuk ere erosi ditut. Tabernan elkartuko gara.

            Nik maite zaitut. Oraindik.

 

off: Mezuaren amaiera. Sakatu 1 gordetzeko. Sakatu 2 ezabatzeko.

 

zan: Bat.