Hau ez da gerra bat
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Azaleko irudia: Igor Arzuaga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
126 orrialde
978-84-19570-22-2
Mikel Ayllon
1980, Laudio
 
 

 

12. BATAILA.

Etsaien gorpuak

 

liuda: Klik.

 

(bagira altxatu da. Telefono mugikorra atera eta lurrean utzi du. Play.)

 

bagira (telefonotik): Ezin duzu imajinatu nolako sarraskia egin dugun, ama. Herri osoa suntsitu dugu. Atzo eman ziguten abisua. Ez dugu herritar bakar bat ere bizirik utzi. Ofizialen aginduak bete behar nituen. Orain sarjentua naiz. Nire eginbeharra da. Sarraski itzela egin dugu, ama. Etsaien ejertzitoko hiru soldadu ezkutatuta zeuden herrian. Atzo eman ziguten abisua. Tiroka hasi dira nire soldaduak. Denak hil ditugu. Umeak ere bai. Eta gero lur izoztuan pilatutako gorpuei tiro egin diete nire soldaduek. Badaezpada. Amorruz.

            Aitarekin akordatu naiz. Izoztuta egongo da haren gorpua lur azpian. Honezkero zizareek jan ez badute. Luzeegi doa negua denontzat, ama. Dena izoztuta dago. Ez dakit noiz amaituko den hau. Noiz hasi zen ere ahaztu dut.

            Etsaien ejertzitoko hiru soldaduak preso hartu ditugu. Herri osoa hil dugu. Eta soldaduak preso hartu ditugu. Arratsaldean fusilatuko ditugu kanposantuko hormaren kontra. Ofizialak etorriko dira. Haiek emango dute agindua. Nik ez dut eman nahi.

            Ez zenuke sinetsiko egin dugun sarraskia. Umeak, helduak, zaharrak. Denak hil ditugu. Hori da errealitatea. Nik ez dakit zein den egia. Baina hori da errealitatea. Ez zenuke sinetsiko neure begiz ikusi dudana.

 

(Musika.)