Hau ez da gerra bat
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Azaleko irudia: Igor Arzuaga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
126 orrialde
978-84-19570-22-2
Mikel Ayllon
1980, Laudio
 
 

 

9. BATAILA.

Aritmetika

 

liuda: Klik.

 

(Musika hasi da. bagira eta liudak musika elektronikoa dantzatzen dute.)

 

bagira: Helburua mugitzen ari denean, ezinezkoa da asmatzea.

      Gerran itxaroten jakin behar da.

      Etsaia nekatzen den arte.

      Noizbait nekatuko da.

      Geldituko da.

      Eseriko da.

 

(liuda nekatu egin da. bagira ahalegindu da animatzen, gelditu ez dadin, baina dantzatzeari utzi dio liudak eta eseri egin da.)

 

bagira: Gerran itxaroten jakin behar da.

      Unea iristen den arte.

      Miratik begiratu eta /

 

liuda: Klik.

 

soldadu ezezaguna: Irina Starikova 1981ean jaio zen. Edo 1980an. Ez dago argi. Ia ezer ez dago argi emakume honen inguruan.

      Diote Serbian jaio zela.

      Diote moja zela ejertzitoan sartu aurretik.

      Diote bi umeren ama dela, Valeria eta Yulia.

      Baina gerran, esan dizuegu, ezin da jakin zer den egia eta zer gezurra.

 

bagira: Oso azkar gertatzen da dena.

 

soldadu ezezaguna: Irina Starikovaren gerra-izena Bagira da. Rudyard Kiplingen Oihaneko liburua-ko pantera beltzarengatik aukeratu zuen izen hori.

 

bagira: Oso azkar gertatu behar da dena.

      Komeni da ez pentsatzea.

      Zuk tiro egiten ez baduzu, zuri joko dizutelako tiroa.

 

soldadu ezezaguna: Bagira Errusiar Ejertzitoko Eragiketa Espezializatuen 11. Dibisioko frankotiratzailea da, Donetskeko frontean. 2014tik ari da Ukrainako ejertzitoa haren bila.

 

bagira: Bigarrenetik aurrera, ekintza automatiko bat da, autoa gidatzea bezala.

 

soldadu ezezaguna: 2022an preso hartu zuten Bagira, guztira 40 zulo egin ondoren.

      Diote Ukrainako ejertzitoak zauritu zuela.

      Diote gerra-zelaian aurkitu zutela, bakarrik, hilzorian.

      Diote hiltzen uzteko erregutu ziela haren harrapatzaileei.

      Eta gero beste ezer ez.

      Inork ez dio ezer gehiago.

      Ez dakigu zer gertatu zen Bagirarekin.

 

bagira: Begia ikusmiran pausatu. Arnasa hartzeari utzi eta /

 

(Musika gelditu da.)

 

soldadu ezezaguna: Seguru zaudete klik egin nahi duzuela? Seguru zaudete 41. zuloa egin nahi duzuela? Ikusmiran ikus dezakezue etsaiaren burua. Tiroa joko diozue? Orain bakarrik zaudete. Gerra taldetik apartatu den piztia bakarti bat da.

 

(bagirak publikoko norbait seinalatu du.)

 

      Zu. Zer egingo duzu? Etsaiari tiroa jo nahi badiozu, altxatu eskumako eskua. Fusila jaitsi nahi baduzu tirorik jo gabe, altxatu ezkerreko eskua.

 

[Tiroa ez jotzea aukeratuz gero, joan 10. batailara.

Tiroa jotzea erabakiz gero, jo 12. batailara]