Hau ez da gerra bat
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Azaleko irudia: Igor Arzuaga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
126 orrialde
978-84-19570-22-2
Mikel Ayllon
1980, Laudio
 
 

 

3. BATAILA.

Ilunabarra lubakitik

 

(bagira altxatu eta zirkuluaren erdian jarri da, mikroaren aurrean. Kantuan hasi da.)

 

soldadu ezezaguna: Ilunabar bat. Eguzkia ezkutatzen ortzi-muga urrun batean. Laranja. Gero, ubela. Ondoren, urdina. Baina urdin griskara bat, urdin nekatu bat. Eta, azkenik, beltza.

 

liuda: Lubakitik ez da zeruaren amaierarik ikusten.

 

soldadu ezezaguna: Oteizak kontatzen du, umetan, Orio inguruko mendietan aurkitu zituen lubaki batzuetan jolastea gustatzen zitzaiola. Zuloan sartu, buruz gora etzan eta zerura begiratzen zuen.

 

liuda: Lubakitik ez da zeruaren amaierarik ikusten.

 

soldadu ezezaguna: Lurraren hutsune batetik, gerrak irekitako eten batetik, begiratu zion munduari Oteizak. Hutsune bat. Eten bat. Gerra bat. Denaren hasiera.

 

liuda: Lubakian zeruak lau ertz ditu.

 

soldadu ezezaguna: Mikel Ibargurenen poeman bezala.

 

liuda: Hemen gauak lau ertz ditu

      Harrizkoak dira eleak alanbrezkoak etorkizunak

      Eta maitasunak gutun baten forma hartzen du

      Gizakia bere itzalaren bila doan

      Leiho burdinarik gabea da

      Hemen askatasuna

      Ditare baten barruan kabitzen da

      Esperantza urrunean erdikusten den

      Bandera arrotza da

      Eta meteorologoek iragartzen duten

      Eguraldi on hori ez da hona iristen

 

soldadu ezezaguna: Lubakian, ilunabarra ikusi ahal izateko, fusila hormaren kontra bermatuta utzi eta burua kanpora atera behar da. Orduantxe, tiro galduren batek habia egin dezake zure burmuinean.

 

      Zuek erabaki behar duzue zer egin. Burua lubakitik atera ilunabarra ikusi ahal izateko, ala barruan gordeta jarraitu? Lubakian ez dago sekreturik. Lokatza dago, eta hezetasuna. Baina sekreturik ez. Beraz, orain begiak irekita dituzuela, altxa eskuak eta gehiengoak erabakitzen duena egingo dugu. Nork nahi du burua atera ilunabarra ikusteko? Nork nahiago du gordeta jarraitu, lubakiaren babespean?

 

[Burua ateratzea aukeratuz gero, joan 4. batailara.

Gordeta jarraitzea erabakiz gero, jo 6. batailara]