Hau ez da gerra bat
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Azaleko irudia: Igor Arzuaga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
126 orrialde
978-84-19570-22-2
Mikel Ayllon
1980, Laudio
 
 

 

HITZAURREA

 

      Kostako zaigu, baina lerrootan ez gara purrustadaka hasiko. Hitz ematen dizugu, irakurle.

 

 

Antzerkiaz (arte biziez oro har)

 

      Antzerkiak hiru ezaugarri zoragarri ditu beste arteen aldean abantaila ematen diotenak jendearen erraietara heldu eta barruak inarrosteko. Funtsean, dena aldatzeko.

      Bat. Jorge Dubatti ikerlari argentinarrak convivio deitzen dio. Latinez, convivium (oturuntza, banketea). Antzerkia oturuntza bat da, gertakari bat, elkartzeko une eta denbora bat, eta artistak eta publikoak une eta denbora hori konpartitzen dute. Elkarrekin daude, elkarrekin bizi dute gertatzen den guztia. Elkarrekin sortzen dute. Elkarrekin, sistema kapitalistak gero eta bakartuago nahi gaituen garaiotan.

      Bi. Ez dezagun oraindik Dubattiren eskua askatu eta segi dezagun poiesia-rekin. Arte denek poesiaren gramatika erabiltzen dute, poesia, finean, artearen lengoaia baita, hizkuntza modu sortzailean erabiltzeko daukagun bide bakarra. Antzerkiak, gainera, gorputza gehitzen dio ekuazio horri. Denon gorputzak daude jokoan. Eta gai da, horrela, ordena ontologiko berri bat sortzeko. Beste mundu oso bat. Edo hobeto: mundu hau (ez baitago besterik) beste modu batera.

      Hiru. Joan gaitezen pauso bat harago. Antzerkia ezin duzu Amazonen eskatu. Musika, pintura edo literatura ez bezala, zaila da antzerkia merkantzia bihurtzeko prozesua. Ez erabat ezinezkoa, baina zaila. Antzerkia ez da liburu batean kabitzen, edo disko batean, edo koadro batean. Salgaia ekintza huts bat da, efimeroegia kapitalarentzat.

      Poesia futuroz kargaturiko arma bat bada, arma horren ahotik ateratzen den bala da antzerkia.

 

 

Euskal antzerkiaz

 

      Euskara ez zaio ia inori interesatzen. Deserosoa da. Molestatzen du. Altxor bat dela esango dizute, kutxa gotor batean sartzeko. Eta, ahal dutenean, saltzeko, espektakulu huts bihurtuta.

      Euskarari gauza asko falta zaizkio (estatu bat, hiztunak, estrategia bat, hiri batzuk). Lasai, ez da hau purrustada bat. Izan ere, gabeziak aukera ere izan daitezke. Dena egiteko dagoenean, gauzak desberdin egiteko aukera daukagu. Hau da, euskarak mundu berri bat eraman dezake bihotzean. Gaur eta hemen, euskara da azpiratuon esperantza bakarra.

      Antzerkia are jende gutxiagori interesatzen zaio. Eta gutxien, antzerkia sustatzeaz bizi diren erakundeei, erakundeen ordezkariei eta bertako langileei. Antzerkia deserosoa da. Molestatzen du. Altxor bat dela esango dizute, kutxa gotor batean sartzeko. Eta, ahal dutenean, saltzeko, espektakulu huts bihurtuta.

      Euskal antzerkia hemen bakarrik egiten da. Ez da gauza handia hori. Ez du izan behar. Hala da eta kito. Nolanahi ere, ez dugu sekula ulertuko zergatik tematzen diren asko Espainian, Mexikon, Frantzian edo Uruguain egiten den antzerkia hemen ere egiten (eta euskal antzerkirik existituko ez balitz bezala programatzen, beste batzuk). Ez dugu sekula ulertuko nori ari zaizkion hitz egiten, zertaz, zertarako.

      Ez gaitezen engaina, euskal antzerkiari gauza asko falta zaizkio (zentro dramatiko nazional bat, ausardia, publikoa, ikasketen eskaintza duin bat), baina garrantzitsuena daukagu: bala bat, txikia baina erraietaraino sartzeko kapaza.

      Gauzak (botereak, soldatak, prestigioak, desorekak) bere horretan iraunarazi nahi dituztenei beldur ematen die euskal antzerkiak.

 

     

Piszifaktoriaren antzerkiaz

 

      2015ean ekin zion bideari Piszifaktoriak, Laudion (Araban). Txaranga bat egin nahi genuen, ez teatroa. Musika jo, kalean, jendearekin, jendearen artean. Jan. Eta edan. Oturuntza bat.

      Horren ordez, ipuin batzuk lapurtu genizkien hango eta hemengo idazleei eta bira luze bat egin genuen Euskal Herriko probintzia gehienetatik ipuinok jendeari kontatzen, musika jotzen eta margoak erakusten (Mara feat. Milay, Emilia Aaltonenen laguntzarekin). Eta gauza zoragarriak gertatu ziren emanaldietako bakoitzean. Geroztik mundua leku oso diferentea da guretzat.

      Ondoren etorriko ziren beste esperimentu batzuk, hura bezain zailak direnak sailkatzen. Ipuin animatu bat (Takoidun zapata gorria, Haizea Paris, Jabi de la Ydalga, Pablo Ibarluzea eta Maite Gutierrezekin); teknologiaren laguntzarekin pertsonaien buru barruko pentsamenduak entzuteko aukera ematen duten bi lan (Ivanka eta Elkar ezagutu genuen eguna, Aritz Bengoarekin eta Pablorekin berriro); telebista, irratia eta zuzeneko musika uztartu zituen ekintza transmedia bat (Daniel|a|, Iholdi Beristain, Leire Ormazabal, Gabi Ocina, Nora Alberdi edo Betitxe Saituarekin); audiogida dramatiko bat (Maskararen azpiko karmina); bi ibilaldi etorkizuneko soinu-paisaietara (Noiz utziko dio euria egiteari eta Asfaltoaren azpian euria, Iņaki Ziarrusta eta Maite edo Betitxerekin berriro); eta liburu honetan bildutako hiru piezak.

      Antzerkiaren espazio klasikoan lekurik izango ez luketen sorkuntzak dira denak ala denak. Guk ez baikenuen antzerkirik egin nahi. Guk jendearekin elkartu nahi genuen, haien erraietaraino sartu eskuak, barruak inarrosi. Dena aldatu.

      Hasieran ez genekien (eta, beharbada, ez zen gure kulpa), baina guk egin nahi genuena, zerbait bazen, antzerkia zen.

 

     

Liburu honetaz

 

      Liburu honek hiru bala ditu: Bunker, Hau ez da gerra bat eta Hau gerra bat da.

      Guregandik urrun daudela ematen du, baina gu ere bagara haien erantzule, eta erantzukizun, min eta laztura hori ulertzen eta sentitzen lagundu nahi dizu triptiko honek. Gerraz ari gara, noski. Hiru bala hauek leku berean dute abiapuntua, eta hirurak dira lan gordin, zuzen eta gupidarik gabeak. Zergatik? Zertarako? Artearen bitartez gerra bat bizitzeko, gerra gehiagorik bizi behar ez izateko.

      Gerraren inguruko hausnarketa artistiko hau Bunker obrarekin hasten da. Hau ez da gerra bat antzezlanaren giroa, pertsonaiak eta soinu-espazioa aurreratuko dizkizun lan bat da. Gerra baten lehen notak. Edo, nahiago baduzu, gerraren 0 eremua. Izan ere, bizitza kanpoan gertatzen den bitartean, bunker barruan etena da nagusi. Publikoa espazioan modu askean kokatzeko pentsatuta dago lan hau, interpreteen eta ikusleen arteko bereizketa klasikoa hautsiz. Ekaitzetik babestuko zaituen espazioa da Bunker, bizitzari iskin egiteko kobazuloa. Barruan ez da ezer ere gertatzen. Ez dizu ezerk edo inork ere minik egingo. Bonben etorrera iragartzen duten sirenen hotsa entzun arte.

      Hau ez da gerra bat da bigarren bala. Gerrara hurbiltzeko modu soilago bat. Gerra baten batailak eta bikote haustura batenak, aurrez aurre. Gerraren konplexutasuna ulertzeko abiapuntu soil bat: gerra bat desamodioaren lubakietan. Elkarrekin hitz egiten duten, baina elkarri entzuten ez dioten pertsonaia zaurituz betea. Giza harremanen porrotaren atzean dagoen errealitatea ulertzeko arrastoak utziko dizkizu, soldaduaren botek trintxera lokaztuan nola. Edo maitale zaurituak, bikotekidearen bihotz urratuan. Lengoaia eszeniko desberdinen laguntzarekin espazio emozional eta poetiko berezi bat sortzeko pentsatuta dagoen formatu handiko lan bat.

      Hau gerra bat da piezarekin osatzen da gerraren triptikoa. Diziplina anitzeko ikuskizuna da, eta publikoak erabakitzen du haren garapena. Gerraren barrunbeak ezagutzera bertaratuz gero, zuk zeuk, irakurle, hainbat erabaki hartu beharko dituzu. Horren arabera, bideak modu batean ala bestean egingo du aurrera. Formatu berritzaile honetan, berriro hautsiko dira artista eta publikoaren arteko mugak. Gerra bat biziarazteko moduko murgiltze-esperientzia eskainiko dizu testuak.

 

 

Zutaz

 

      Gidoi literarioari beti falta zaio zerbait, dramaturgoak eszenarako idazten baitu, ez libururako. Hemen aurkituko dituzun gidoiak, beraz, haur jaioberri bat dira: hankak dituzte, baina oraindik ez dakite ibiltzen; begiak dituzte, baina oraindik ez dakite begiratzen; eskuak dituzte, baina oraindik ez dakite oratzen. Ez dute ahalmen, kuraia edo indar faltarik, baina norbaiten laguntza behar dute. Zurea, esate baterako. Zurea eta buru barruan daukazun antzokiarena. Piztu aretoko argiak eta ez izan beldurrik, testuon guraso zoragarria izango zara.

 

Piszifaktoria Ideien Laborategia

 

 

Nitaz

 

      E, egon! Ez joan oraindik. Orain besteek alde egin dutela eta, bakarrik geratu garenez, utzidazu nire esperientzia intimoagoa kontatzen.

      2020ko uztailaren 7an hasi nintzen Piszifaktoria Ideien Laborategian nire lehenengo ikuskizunaren errepikak egiten, Aritz Bengoa aktore eta Pablo Ibarluzea zuzendariarekin, eta Mikel Ayllon eta Igor Arzuaga konpainiaren sortzaileekin batera. Pandemiaren ondorioz etxean hiru hilabete itxita igaro ostean, mundu zabalera berriro ateratzeko aukera izan zen. Sentipen horrekin hasi nuen bertan nire ibilbidea. Dagoeneko aritua nintzen antzerkian, batez ere Bilbon sortu genuen Alanbike antzerki taldean. Baina jauzi honek zerbait berria zekarren. Munduan artearen bitartez egoteko modu desberdin bat. Askotariko diziplinak elkartzeko aukera bat. Euskara hutsean sortzeko bide bat. Sorkuntza bakoitzarekin mundua pixka bat aldatuko genuen ustea.

      Hitzei lilura ateratzen zekien idazlea, musikarekin espazioak sortzen zituen konpositorea, eta ni, ekuazioaren hirugarren osagaia, haiengandik ikasi eta ekarpena egiteko prest. Hitzak gorputzera ekarri eta soinuarekin orekarik gabeko dantzan hasteko prest nintzen.

      Aktore lanetan hasi nuen bidea, baina, pixkanaka, sortzaile izateko aukera igarri eta aurrera egin nuen, Mikelen eskuzabaltasunaren eskutik: gidoilari eta zuzendari lanetan berak okupatzen zuen espazioa ingurukoei lagatzeko erakusten zuen prestasunarengatik, hain zuzen. Elkar ezagutu genuen eguna antzezlan laburretik, Maskararen azpiko karmina audiogidara eta hamaika buruhauste ekarri zizkigun Daniel|a| unibertso transmediara. Azken erronka horretatik bizirik irteteak kale-antzerkian murgiltzera bultzatu gintuen, Noiz utziko dio euria egiteari ikuskizunarekin. Ordura arte aktore lanetan izandako erronkarik kitzikagarriena bizitzeko aukera sortu zitzaidan lan horrekin. Izan ere, performancetik asko daukan ikuskizun horrek Euskal Herriko kaleekin eta bertako hiritarrekin beste harreman mota bat bizitzeko modua eskaini zidan.

      Ondoren etorri zen Ivanka izan da, segur aski, Piszifaktorian izan dudan esperientziarik intimoena. Feminizidio bat, bakarrizketa bihurtuta. Gogorra. 2022a zen. Taldean sartu eta bi urtera, Piszifaktorian hasi izanaren zergatia gorputzean sentitu nuen. Hau ez da gerra bat, Asfaltoaren azpian euria eta Hau gerra bat da ikuskizunekin sendotu egin da sentipen hori.

      Aktore lana egiten hasi nintzen taldean, baina denborak aurrera egin ahala, denetarik egin behar izan dut: karakterizazioa, jantziak, zabalpena, ekoizpena. Denetarik egin beharrak ikuspegi globala eman dit, baina, aldi berean, egoera horrek prekarizazioa areagotzen du. Lan-talde erraldoi bat eduki nahiko genuke, jende askoren ekarpenak jaso, bakoitzak bere esparrutik ekarriak. Errealitatea, ordea, nahiko gordina da. Denetarik egin beharra dugu jende gutxiren artean, eta, hartara, hamaika lan hartzen ditu bakoitzak. Ez dut nik ezer berririk esango sektore honen prekaritatearen inguruan.

      Denetarik egin behar horrek, aldiz, eguneroko unibertsitateko lanen eta Piszifaktoriaren arteko loturak topatzeko aukera ere eman dit. Hala, taldearen bitartez ikerketa akademikoan sakontzen egindako ekarpena nabarmenduko nuke hala Asfaltoaren azpian euria nola Daniel|a| proiektuetan. Lehenengoan, lan akademikoetan erabiltzen ditugun metodo kualitatiboak erabili genituen Euskal Herriko hirietako auzokideekin eztabaida-taldeak egiteko. Lan etnografiko horrek elikatu zuen ondoren ikuskizunaren gidoia. Bigarrenarekin, aldiz, artikulu zientifikoa argitaratu genuen Social Sciences aldizkarian eta ecrearen Irratia eta Soinuaren Biltzarrean aurkeztu bertako ekarpenak. Sortu genuen transmedia mundu txikiari zabalpena eman eta, adibide horretatik abiatuta, jakintza berria sortzeko ahalegina egin genuen. Gurpila ez dadin inoiz gelditu.

      Antolatutako edozein giza taldetan bizirauteko ezinbestekoak dira diziplina eta erresistentzia, ez baita egunero ateratzen eguzkia. Eta enpatia ariketa bat. Pertsonaia bat hezur-haragitu baino lehen, inguruko pertsonen azalean jartzeko ariketa, adibidez. Bizitza, antzerkia bezala, ez baita espektakulu huts. Piszifaktoria ez dago, beraz, jendea entretenitzeko, publikoari ikuskera bat, munduan egoteko era bat eskaintzeko baizik. Likidotasun honetan, egonkorragoa zaigun lur bat oinkatzeko aukera. Finean, horixe da Piszifaktoria niretzat. Oasi bat norabiderik gabeko mundu gris honetan.

 

Irati Agirreazkuenaga Onaindia