Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
2. bataila: Gerra-zelaiko belarraren usaina ilunabarrean
Interludioa: Bala-zorroen gainetik paseatzea udazkenean
3. bataila: Granadekin jolasten galdu genituen atzamarrak
Interludioa: Begiak irekita hil zirenak
1. bataila: Gerra bat norberarena
3. bataila. Ilunabarra lubakitik
5. bataila. Eskerrak oraindik bizirik zauden
8. bataila. Idatzi nizun azkeneko gutuna (nahi baino baikorragoa)
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
2. bataila: Gerra-zelaiko belarraren usaina ilunabarrean
Interludioa: Bala-zorroen gainetik paseatzea udazkenean
3. bataila: Granadekin jolasten galdu genituen atzamarrak
Interludioa: Begiak irekita hil zirenak
1. bataila: Gerra bat norberarena
3. bataila. Ilunabarra lubakitik
5. bataila. Eskerrak oraindik bizirik zauden
8. bataila. Idatzi nizun azkeneko gutuna (nahi baino baikorragoa)
5. BATAILA:
Zertarako itzuli ginen, edo
zergatik (egin gabeko galderak)
(Egun berri bat argitzen hasi da. Binilo huts baten gainean orratzak egiten duen zarata baino ez da entzuten. magenta goiko komunaren teilatuan eserita dago orain. Fusila garbitzen ari da, astiro. Taula gainean ez dago gorpurik. Egongelan eta komunean ez dago inor.)
magenta: Ezin nuen etxera itzuli inor hil gabe. Zer soldadu klase izango nintzen inor hil gabe. Zer axola du mezuak gerra amaitu dela esaten bazuen. Noiz amaitzen da gerra bat.
(lei sartu da egongelara. Kafe-makina italiar bat darama eskuetan. Disko-jogailuaren ondotik igaro denean, orratza kendu du biniloaren gainetik. Argia piztu du. Arasatik katilu bat hartu du eta egongelako mahaitxoan eseri da, aulkietako batean. Bestea hutsik dago. Kafea bota du katiluan.)
magenta (publikoari hizketan ari zaio orain): Bi tiro jo behar izan dizkiot. Bi tirorekin bi zulo. Ondo hilda zegoela ziurtatu behar nuen. Zulo bakarrarekin batzuetan ez omen da nahikoa. Hala irakatsi ziguten. Hiltzen ere ikasten delako.
(lei kafea irabiatzen ari da koilaratxo batekin, gelditu gabe. zan sartu da. Disko-jogailuan jarrita dagoen biniloari begiratu dio. Arasatik beste katilu bat hartu du. Gero eta argi gehiago sartzen denez kanpotik, leik piztu duen egongelako argia itzali du. Mahaitxoan eseri da, ateari bizkarra emanda. Ez diote behin ere elkarri begiratu. zan libre dagoen aulkian jarri denean ikusi dugu nola argi-izpi bat sartzen den atetik, magentaren tiroak utzitako zulotxotik.)
magenta: Zauriak sendatuko zitzaizkidala uste nuen. Beste norbaiten haragian zuloak egiteak itxiko zituela nireak. Zulo bat estali beste zulo batekin.
(Kanpoan gero eta argi gehiago dago. Atetik sartzen den argi-izpiak zanen gibelaldean jotzen du zuzenean. Hara eraman du eskua zanek, gibelean min balu bezala. Orduantxe ikusi du atetik sartzen den argi-izpia.)
magenta: Ez dakit zenbat gerratan egon naizen dagoeneko. Baionetak, tankeak, granadak, kaskoak. Eta zuloak. Zuloak lur idorrean. Zuloak zeruan. Zuloak bularrean. Hanketan. Besoetan. Buruan.
(zan pixka bat apartatu da izpiak bete-betean jo ez diezaion. Horren ondorioz, izpiak zuzenean jo du aurrean daukan leiren gorputzean. leik ikaratuta begiratu dio izpiari. magenta etxearen kanpoaldeko larrialdietarako eskaileratik jaisten hasi da, publikoari hitz egiteari utzi gabe.)
magenta: Nekatuegi nago. Nik ez dut heroi bat izan nahi. Gerretan ez dago heroirik. Metraila dago. Eta zuloak. Nik aginduak baino ez ditut betetzen. Baina nekatuegi nago. Eta gerra hau ez da inoiz amaitzen. Dagoeneko ez dut gogoan noiz hasi zen. Edo zergatik. Eta ez dakit inoiz amaituko ote den.
(Taula gainera iritsi denean, publikoari begiratzeari utzi eta oraindik lurrean dagoen tabernako terrazako mahaiari begiratu dio.)
magenta: Koldarrak bagara, gerra ez baita inoiz amaitzen.
zan (leiri): Kafea pasatuko didazu?
(leik burua altxatu eta zani begiratu dio lehen aldiz. Elkarri begira daude biak, begirasun gogorrez. magenta ate aurrean gelditu denean publikoari so egiteari utzi eta ateari begiratu dio. magentaren gorputza aurrean dagoenez, ateko zulotik sartzen zen izpia desagertu egin da eta, izpiarekin batera, argi guztia. Bat- batean, iluntasuna. Azkenik.
Eta bi kolpe entzun dira atean. Kax-kax.)
amaiera