Hau ez da gerra bat
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Azaleko irudia: Igor Arzuaga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
126 orrialde
978-84-19570-22-2
Mikel Ayllon
1980, Laudio
 
 

 

10. BATAILA.

Lau ertz

 

(bagira altxatu egin da. Telefono mugikorra atera eta lurrean utzi du. Play.)

 

bagira (telefonotik): Onik nago, ama.

      Onik nago, ama.

      Onik nago, ama.

            Ia dena ezabatu dut memoriatik. Baina gauero etortzen zaizkit mamuak bisitan. Ez dakit nola ezabatzen diren ametsak.

            Gogoan dut ez nuela tiro egiteko adorerik bildu. Gogoan dut nirea bezalako aurpegi izutua zeukala. Nireak bezalako esku dardaratiak. Akaso, ama bat ere izango zuen, nik bezala.

            Gogoan dut izoztuta geratu nintzela. Ez dakit zenbat denbora igaro zen. Tiroak entzuten nituen. Bonben zarata. Odola usaindu nezakeen ez oso urruti. Eta kea. Eta bolbora. Tarteka norbait txilioka hasten zen. Bala batek joko zion buruan, edo bularrean. Birikak zeharkatuko zizkion. Airea hartu ezinda geratuko zen. Beti egin dut zalantza, ama, noiz egin behar den oihu, balak azala ukitzen dizunean edo ondoren. Baina ondoren birikak zulatuta izango dituzu. Ezingo duzu airerik hartu. Edo bota. Ezingo duzu oihurik egin. Baina nik oihuak entzuten nituen.

            Onik nago, ama.

            Gerran beti hiltzen gara berdinak. Hori esaten du nire azpiko ohatzean lo egiten duen presoak. Hori esaten du behin eta berriro. Ez du beste ezer esaten. Ez dago ondo. Hemen inor ez dago ondo. Baina ni onik nago, ama. Ia ez dut ezer gogoratzen, eta hobeto horrela.

            Badakit jende asko hil zela nire inguruan. Ez dakit zein koloretako uniformea zeukaten. Baina badakit nirea bezalako aurpegi izutua izango zutela. Nireak bezalako esku dardaratiak. Akaso, ama bat ere izango zuten, nik bezala.

            Gero kolpe gogor bat eman zidaten buruan, arma baten kulatarekin. Ez dakit zergatik ez zidaten tiroa jo. Birikak zulatu. Airerik ezin hartuta utzi. Ez nuen jakingo noiz oihu egin, baina mina amaituko zen betiko. Eta beldurra.

            Ez, ama, lasai. Onik nago.

            Preso gehiegi gaude barrakoi txiki honetan, baina modua bilatzen dugu denontzako airea egon dadin. Arnasa hartu behar dugula gogoratzen dugu oraindik.

            Gauak izaten dira okerrenak. Denok izaten ditugu amesgaiztoak. Txilioka hasten gara. Memoriatik ezabatu ditut kolpeak, elektrodoak, bainuontziak. Baina egunero kolpatzen gaituzte, eta gorputzak ez du ahazten. Ez dakit nola egin gorputzak dena ahaztu dezan.

            Baina onik nago, ama.

            Noizbait mezu hau entzuten baduzu, ez ahaztu onik nengoela.

 

(Musika.)