Hau ez da gerra bat
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Azaleko irudia: Igor Arzuaga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
126 orrialde
978-84-19570-22-2
Mikel Ayllon
1980, Laudio
 
 

 

5. BATAILA.

Eskerrak oraindik bizirik zauden

 

(Automatak zirkuluaren erdian. Eta bagira, lurrean etzanda. Eta zarata.)

 

soldadu ezezaguna: Ospitale bat.

      Esperoko duzu entzutea ospitaleetako makinek oraindik bizirik zaudela salatzeko egiten duten txistu eten hori.

      Zarata eten bat entzun nahi duzu, oraindik bizirik zaudela esango dizuna.

      Baina hori filmetan gertatzen da. Eta hau ospitale bat da.

      Oihuak daude.

      Negarrak.

      Mina.

      Gorputz zatiak han-hemenka.

      Eta zuloak.

 

(bagira automatekin dantzan hasi da.)

 

liuda: Eskerrak kaskoa jantzita zeneukala.

      Eskerrak balak ez dizula burmuina alderik alde zulatu.

      Eskerrak burua beste nonbait zeneukala.

      Eskerrak oraindik bizirik zauden.

      Eskerrak oraindik bizirik zauden.

      Eskerrak oraindik bizirik zauden.

      Edo ez?

 

(Etena.)

 

soldadu ezezaguna: Ospitale bat.

      Ia bi hilabete ohetik apartatu ezinda.

      Zuloak orbain bihurtzen dira azkenean.

      Sakonenak ere bai.

      Zuloa oroitzapen bat baino ez da irekita dagoenean. Bertan lehen zegoen haragiaren oroitzapen bat. Zure gorputza betiko akordatuko da han beste haragi zati bat zegoela. Beste odol bat. Beste hezur puska bat. Beste gihar bat.

      Zuloa beteko duen gorputz zatia ez da zure gorputza.

 

[Joan zaitez 8. batailara]