Album
Formol Laborategia
Album
Formol Laborategia
Azaleko irudia: Dani Fano
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
174 orrialde
978-84-17051-96-9
 

 

Hitzostea

 

Javier Barandiaran
(Metrokoadroka kolektiboko kidea)

 

      Napoleonek, Josephineri zuzendutako gutun batean ez dakit zein kanpainatatik bueltan zetorrela: “Ne te lave pas, j'arrive”. Ez zaitez garbitu, banoa. Beste garai batzuk ziren. Ez ziren beste garai batzuk, beste jende bat zen. Ez zen beste jende batere, jende bera zen baina gutxiago garbitzen zen. Edo ez zen bat ere garbitzen. Eta dena ondo. Gaur egun kraka gaizki ikusita dago. Nik neuk eskuak hamazazpi aldiz garbitzen ditut egunean. Ez naiz Napoleon. Agian Josephine naiz, ez dakit. Futura pelikulan, Pietro Marcello, Francesco Munzi eta Alice Rohrwacher-ena, nerabe batek dio: “Niretzat, etorkizuna bihar-segida bat da”. Eta beste nerabe batek dio: “Inork ez digu galdetzen. Baina berdin-berdin biziko gara”. James Boswell-ek galdetu zion Voltaireri, ezagutu zuen egunean, ea ingelesez bazekien. Erantzun zuen Voltairek: “Ez. Ingelesez egiteko mingaina hortzen artean jarri behar da. Eta niri ez zait hortzik geratzen”. Nik hortz guztiak mantentzen ditut, bat izan ezik. Ez naiz Voltaire, baina bera bezalako agure erretxin bat naiz. Intsektu edo ostruka hauek behatzen ditut eta ez dakit seme-alabak deitu behar ditudan. Ustezko-seme-alabak. Ez daukat seme-alabarik. Eskerrak. Edukiko banitu obsesionatuta egongo nintzateke nire seme-alabak jenioak izatearen ideiarekin. Eta jenioak gertatuko balira, ez nituzke atsegin izango batere. Min gehiegi ditut pezera batean sartzeko. Oroitzapen gehiegi. Begi gehiegi. Pereza gehiegi. Txita edo katakume hauek behatzen ditut eta hiru metroko luzerako ostruka arrautzekin pentsatzen dut. Aho bete hortz dagoen jendearekin pentsatzen dut. Egunsenti eta ilunabarrekin pentsatzen dut. Pentsatzen dut Radio 3ko El bosque animado saioa ez dudala soportatzen, geroz eta gauza gehiago dagoela ez dudana soportatzen. Gertatzen zait ondoegi ezagutzen dudanak aspertzen nauela. Bartzelonaz aspertzen hasia nintzen katastrofea baino lehen ere. Frantziar Estatuaz aspertzen hasia naiz. Bizi naizen pisuaz aspertzen hasia naiz. Neure buruaz aspertzen hasia naiz. Neure buruari galdetzen diot ez ote naizen Cesare Paveseren errenkarnazioa eta ez Fernando Pessoarena, lehen uste nuen bezala, Pessoaz aspertzen hasi baino lehen. Sentsazioa daukat testigua pasatzea eskatu didatela eta nire eskuetara begiratu eta zotz bat ikusten dudala. Cyborg edo marmoka hauek behatzen ditut eta milaka armiarma ñimiño ikusten ditut, armiarma erraldoiek errundako arrautza ñimiñoetatik ateratzen. Arrautzekin pentsatzen dut, asko, azken boladan. Zer bazkalduko dudan gaur eta zer afalduko dudan gaur gauean eta zer gosalduko dudan bihar goizean pentsatzen dut, eta baita legatuarekin ere: eguneko menuen zerrenda bat. Ulises-ekin pentsatzen dut, Ulises Peneloperen inguruan ibilitako moskardoiak akabatzen, eta zer gogorra den hor ez egotea, zer txungoa den dibertigarria den zerbait galtzea Ulises deitzen zarelako. Ikusten ditut umeak altxor baten bila, txutxez osatutako altxor bat, eta umeetako bat aspertzen dela eta nahiago duela etxera joatea eta bere altxorra bilatzea. Txutxez egindakoa. Gehiegi pentsatzen dudala pentsatzen dut, eta gutxiegi egiten dudala. Ahal dudana egiten dut. Edo nahi dudana egiten dut. Nire terapeutak zuzentzen dit “ezin dut” esaten dudan bakoitzean. “Ez dut nahi” esan beharko nuke, antza. Eta ez zait guztiz argi geratzen ezberdintasuna. Dinosauroekin pentsatzen dut, jatekorik ez duten eta ondo moldatzen diren ugaztun txikiekin. Eta intsektuekin ere pentsatzen dut, intsektu pila batekin, milaka milioi intsekturekin, mehatxu bezala eta aldi berean elikadura bezala ikusten direnak. Pentsatzen dut ez lukeela arazo izan behar zure ondorengo belaunaldikoak zure erreferente bihurtzeak. Ostruka txitak ikusten ditut Peter Brooken gorpuzkiak mastekatzen. Zeta-har hauek behatzen ditut eta beldurrez eta bizi-larritasunez eta ziurtasun-gabeziez lepo ikusten ditut, ez dakitelako zetazkoak direla. Batzuetan “A toda mecha”, “¡Qué potra!”, “Guay del Paraguay”, “Por ‘h’ o por ‘b’” eta enparauak botatzen ditudan honek arraintxo hauek behatzen ditut, sare sozialetan harrapatuak, eta koltanezko pullover-ak ehuntzen dituzten armiarma robotikoekin pentsatzen dut. Pentsatzen dut ostruka txitekin, nire gorpuzkinak irensten, gosez geratzen, ingurura begiratzen hilotz mamitsuagoen bila.

     

      Pentsatzen dut, ergo existitzen zarete.

      Pentsatzen dut, ergo egunak argitzen du (eta ez da gutxi) zuentzat.