Album
Formol Laborategia
Album
Formol Laborategia
Azaleko irudia: Dani Fano
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
174 orrialde
978-84-17051-96-9
 

 

Larunbateko zinea

 

(intza eta mikel lurrean eserita, bata bestearen bizkarrean jarrita daude. The End of the F***ing Worldeko James eta Alyssa dirudite. intzak kaskoa soinean darama baina mikelen plastikozko motxila gardena lurrean dago, argiz beterik. Barbie eta Ken panpinak motxila barrutik so.)

 

mikel: Mundu guztia galduta dago.

     

intza: Ni ere galduta nago.

 

mikel: Horrexegatik esaten dizut.

 

intza: Ja, baina nik uste nuen jende guztiak plan bat zeukala. B plana, alternatiba bat, pisua erosiko dieten gurasoak... Ez dakit, plan puta bat.

 

mikel: Jende hori da gero bizitzan galduen dagoena.

 

intza: Horiek dira gero denbora guztian tuiteatzen dutenak.

     

mikel: Edo urtero-urtero Durangoko Azokara emozionatuta joaten direnak.

 

intza: Hori bai arrainontzi erraldoia.

 

mikel: Jo baietz!

 

intza: Eta gu ere joaten gara. (Isilunea) Galderak dauzkat denbora guztian.

     

mikel: Nik ere bai. Egunero galdetzen diot neure buruari ea zertara etorri naizen bizitza honetara. Aurrekoan, Nina Simoneren dokumentala ikusi nuen eta argi geratzen zen Nina lehen pianista profesionala bilakatuko zen emakume beltza izateko jaio zela. Eta hori jakin zuenean, Intza, Nina hil egin zen. Eta nik orain egunero galdetzen diot neure buruari: “Hi, Mikel, zertara etorri haiz bizitza honetara? Zer daukak hik bizitza honi aportatzeko?”. Horixe nahi dut jakin.

     

intza: Ba agian nik ez, Mikel.

 

mikel: Zer ba ez?

 

intza: Zeren igual hori da bizitzaren zentzua, Mikel, ez jakitea zertara etorri zaren. Igual bizirik gaude erantzun horren bila gabiltzan bitartean, ez? Eta erantzuna topatzen duzunean, c’est fini.

 

mikel: Zer, beste barriyora?

 

intza: A la puta mierda.

 

(Isilunea.)

 

mikel: Intza, agian jendeak plan bat dauka. Nahiz eta jendeak planik ez eduki bezala jokatu, berez super argi daukate zer egin nahi duten eta zertara etorri diren bizitza honetara.

 

intza (mesfidati begiratzen dio): Benetan zuk uste duzu gu ikustera etorri diren guztiek plan bat daukatela?

 

mikel (publikoari): A ver, peņa… Meloi bat irekiko dugu. Zuek baduzue planik bizitzan?

 

intza: Gaurko plan onena gu ikustera etortzea izan bada, benetan zuk uste duzu jende honek bizitzan plan bat daukala? (Publikoari) Barkatu, e.

 

mikel: Intza, ostruka maltxurra zara.

 

intza: Zu ere ostruka bat zara.

 

mikel: Ya. Badakit. Jakin nahi dudana da ea zertara etorri den ostruka hau arrainontzi honetara, ulertzen?

 

      (Isilunea.)

 

intza: Yap.

 

mikel: Yap.