Album
Album
Formol Laborategia
Azaleko irudia: Dani Fano
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
174 orrialde
978-84-17051-96-9
Formol Laborategia
 
 

 

2021

Hamsterraren teoria eta
hiru burutazio idealistopraktiko

 

Formolier lost kid ikuspuntua:

Euskal antzerkia kaiola bat da.

      Talde edo norbanako bakoitzak bere gurpila dauka.

      Kaiola gurpil itxiez osatuta dago.

      Antzerkia egitea gurpilean korrika egitea da.

      Kaiola berean gaude baina ez gara gurpiletatik ateratzen.

      Gurpilean geldi egon gara eta uste dugu gehienen helburua dela berriz ere gurpilean korrika egin ahal izatea.

      Tristea da norabiderik gabe aurrera jarraitzea gehienen grina izatea.

      Beste hamster batzuek badakite zergatik eta beste batzuek ez.

      Zergatik?

      Kaiolan hamster berriak sartzeak batzuei ilusioa egiten die eta beste batzuei beldurra ematen die.

      Zergatik?

      Beste belaunaldiek eman diguten aholku onena eta bakarra egitea da.

      Hamletek bere buruari galdetzen zion bezala, egin edo ez egin da hartu beharreko erabakia.

      Hamster asko haien artean gaizki eramaten dira.

      Dirulaguntzak janaria dira.

      Diru laguntzengatik borrokatzeko soilik ateratzen gara gurpiletatik.

      Aspaldian dirulaguntzetatik jan ez duten hamsterrak batzuetan hil egiten dira.

      Gustatuko litzaiguke gehiagotan gurpilez aldatu ahal izatea eta gurpilak konpartitzea.

      Oso guay legoke hamster guztiek bazkari bat egitea.

      Batzuetan badirudi ez dagoela gurpilik denontzat.

      Agian ilara dago kaiola kanpoan eta gurpil bat libratzen denean hurrengoa sartzen da.

      Ez dakigu norena zen gure gurpila.

      Zergatik gurpilek ez daukate norabiderik?

      Sistemaren interesa da kaiola itxita mantentzea hamsterrak libre izan ez daitezen?

 

Formolier lost teenager ikuspuntua:

Euskal antzerkia, sin más, mierda bat da.

Antzerkia egin nahi dut.

En plan, antzerkia egin.

Bua txabala ze mierda.

 

Formolier lost adult ikuspuntua:

Formol Laborategiak hiru zutabe nagusi ditu: Lehenik komunitatea sortzea; taldean, antzerkigintzan eta ikusleengan. Guretzako herria da komunitatea. Bestalde, alderdi artistikoan, gizaki bezala habitatu ez ditugun lekuetara bidaiatzea edo gizarteak jada deskubritu dituen prozesuetatik trantsitatzea dugu helburu. Azkenik, ondare kulturalari ekarpena egitea eta, hala, gizarte modura haztea, emozio, hausnarketa eta kritikotasun alorretan.

      Lan egiteko orduan guretzat giza taldea da garrantzitsuena. Taldea osaturik, ezinbestekoak izan zaizkigu komunikazio beharretik jaiotzen den ekintza nahia eta inguruko energiaren babesa.

      Esango genuke euskal antzerkiaren profesionalizatzeak eta hazkundeak geroz eta kalitate handiagoko obrak ekartzen dituela, baina sistema oraingoz ez dago merkatu bat mantentzeko (ez finantzatzeko) prest eta uste dugu txikitasunean aritu beharraren sentsazioa sorrarazten duela. Antzerkia ez da gizarte zabalera iritsi eta publiko potentziala askoz handiagoa da erreala baino, nahiz eta euskaltzaleen artean kultura babestu beharraren kontzientzia existitzen den. Antzerkia eta/edo euskal antzerkia oraindik ez da herriarena.

      Errealitate horrek bi norabideren artean hautatzeko egoeran jarri gaitu. Alde batetik, borroka grina eta ekintzarako gogoa pizten dizkigu, eta bestetik, inoiz irabazi ezingo dugun bataila baten parean egotearen sentsazioa ematen digu, immobilismora eraman gaitzakeena.

      Behar zehatzak ere baditugu: finantzaketa, publikoa, formatuaren araberako zirkuitu argiak, estralurtarrak eta buzoneoa.

      Guretzat finantzaketa dirua da, inbertsioa. Publikoa edo ikus-entzuleria arte eszenikoen barruan dagoen edozein espektakulu ikustera doan jende multzoa da. Formatuaren araberako zirkuitu argiak, guretzat, espazioak edo antzokiak tamaina eta baliabideen arabera bereizi ahal izatea da. Hala, ON, OFF, OFF-OFF edota SUPER OFF zirkuituen baitan dauden espazioak argi egongo lirateke eta horrek pieza bakoitzak hautatu duen zirkuitua osorik burutzea ekarriko luke. Zirkuituen xedea emanaldi pack-a bermatzea delako. Estralurtar kontzeptuak, guretzat, hitzak berak iradokitzen duen bezala, lurraldeen arteko mugikortasunari egiten dio erreferentzia. Behar ditugun zirkuituak ezin dira lurraldeka zatitu. Azkenik, buzoneoa. Antzinako bandoa edota panfleteoa zena eta egungo sarrera ontzia edo insta publikazioak izan daitezkeenak, non talde katalogo bat eta euskal antzerkiko urteko egutegi bat eskainiko den. Beharrezkoa dugu euskarazko antzerkiaren urteko egutegi bat izatea, bai sarean eta baita etxebizitza guztietako buzoietan ere. Nahiz eta programazioa guztiz ezin zehaztu, garrantzitsua iruditzen zaigu, egutegi formatuan, Euskal Herrian urte osoan zehar emango diren antzezlanen eta jaialdien berri edukitzea.      Libertimenduetatik Zurrunbilo jaialdiraino, Lekeitioko Kalekatik Gazteszenaraino, makrofestibal baten egitaraua izango balitz bezala.

      Era orokorrago batean, nahitaezkoa iruditzen zaigu elkarte baten baitan denok bat egitea. Uste dugu garrantzitsua dela instituzioei, sektore modura, gure beharrak eta eskakizunak helaraztea eta ikasgai pendiente hau praktikatzen hasi beharko ginateke. Horretarako, noski, jada martxan den plataforma bat baliatzea litzateke egokiena: EHAZE, EAB, WTF... Bestalde, profesionalaren plano pertsonalera joz, ekintzak ikuspuntu kolektibotik abiatzea proposatzen diogu norbanako bakoitzari, hartzen ditugun hainbat erabaki onuragarriak izan daitezkeelako kolektiboarentzat.

      Orain artekoak lastoa besterik ez dela iruditu ez dezan, irudimenezko hiru proposamen zehatz helarazi nahi dizkizuegu:

 

1. Berma daitezkeen zirkuitu estralurtarrak: Aurretik nahiko ondo azaldu dugun hobekuntza, sektoreari on egingo liokeena.

2. Topaketa: bazkaria-prestakuntza-solasaldia: Euskarazko antzerkian parte hartzen dugun orok edukiko dugun zita. Elkarbizitza eta komunitatea sortze aldera, norberaren profesionaltasunari apelatu nahi diogu urtero egingo den topaketara bertaratu dadin. Guztion mesederako diren erabakiak hartzeaz gain, talde modura indartu beharra daukagu, antzerkilarion ahotsa indartzeko. Egun batez koexistentzia posiblea dela demostratu, bizirik gauden hamsterrak garela ospatu, talde izaera sendotu eta elkarrengandik zerbait ikastea litzateke helburua. Gero, noski, beti bezala, bakoitzak berea egin dezala, antzerkiaren aniztasuna errespetatuz.

3. Antzoki bakoitzean konpainia egoiliarrak: Azken proposamen hau epe ertainerako bada ere, zoragarria iruditzen zaigu. Proposamen sinplea da, gure lurraldeetan hainbat antzoki daude, gehienak publikoak direnak. Hiri, herri ertain eta txikietan topa ditzakegu eta askok, programazioari begira egiten dute lan gehiena. Antzoki publikoak diren heinean, haien erabilpena aldarrikatu nahiko genuke. Hiritarrok ordaintzen dugun zerbitzu hau antzerki taldeek erabiltzea osasungarria iruditzen zaigu bai sektorearentzat gai gizartearentzat berarentzat. Begitazioa zehaztuz, bi urteko egonaldiak irudikatzen ditugu, konpainia guztiek bi urtetik behin aukera berdinak izan ditzaten, eta baita ere haien proiektuak burutzeko denbora nahikoa izan dezaten. Antzokien kudeaketa praktikoa eta erabilgarria bermatze aldera, aste barruko goizak konpainien errepikentzat irudikatzen ditugu eta arratsaldeak talde amateur eta ume eta gazteentzako ikastaro finkoentzat. Horrela, profesionalen eta amateurren arteko lehiakortasun harremana hautsi eta sinergiak sortuko lirateke. Egutegia antzokiaren arabera finkatu beharko litzateke, kasu askotan programazioa lehenetsi beharko baita. Ordu askoz hutsak dauden espazio eszenikoak antzerki taldeen lantoki bilakatzea probetxuzko neurria izateaz gain, justua iruditzen zaigu.

 

Hori dena uste dugu, gaur.

Eta segur aski, baita bihar ere.

 

Formol Laborategia

Bidenteak gara (ehaze, 2021)