Album
Formol Laborategia
Album
Formol Laborategia
Azaleko irudia: Dani Fano
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
174 orrialde
978-84-17051-96-9
 

 

Sar hitza

 

ehaze

 

      Lerro hauek idazteko unean, Formol kolektiboaren Album antzezlanaren ibilbidea, ustez,  amaitzen ari da. Edurne Azkaratek, Intza Alkainek eta Mikel Ibargurenek osatutako lantaldeak ibilbide oparoa izan du euskal oholtzetan eta, talde hasi berri baten lehen lana izanda ere, emanaldiz emanaldi publikoaren beroa irabazi dute, eta sinesgarritasuna.

      Asko hitz egiten da gazteez, gutxi hitz egiten dute gazteek. Izan ere, haustura dialogoa baita. Kasu honetan, hitza hartu du belaunaldi berri batek, teatroaren barrunbeetatik. Aurreko belaunaldientzat, kasu askotan, talka suposatu du Album ikusteak: millennial deituriko belaunaldiaren zeinuak hartu, erabili, ironizatu, autoironizatu eta gorputz eszeniko bilakatu dituen proiektua da honakoa, adin aurreteknologikoetan hanka bat daukatenen, daukagunon, belaunaldientzat ulertzen zaila den estetika. Hamar, hogei, hogeita hamar urte zaharragoak diren ikusleen alboan publiko gaztea izan du sarri Albumek, oholtza gainean gertatzen ari zena bete-betean ulertzen eta jasotzen zuen belaunaldia, publikoaren eserlekuetatik eskertuta. Formolek teatroari dagozkion pailazotasun eta bufoitasun betean sortu du lana. Teatreroak errekonozitu egingo ditu jarrerak, ezaguna egingo zaio zirtoaren artea. Ordea, edukiak harrituko ditu ile urdinak erein dituzten ikusleak, ustezko desinhibitze probokatzaile horretan etengabekoak direlako aurreko belaunaldiekiko kontu hartzeak eta maitasun keinuak. Haustura dialogoa da; euskal kulturan hainbeste buruhauste ekartzen dituen transmisioaren gaia bermatzen da Album obran, hausturatik. Transmisio etena dialogorik eta kontrakotasunik eza delako, batez ere. Obra honetan motibo kitsch, erridikulu, absurdoek bat egiten dute Euskal Herriko historia gertuan odola izoztu diguten pasarteei buruzko aipamenekin, une historikoekin, zauriekin. “Motxila” bakarrizketan jotzen du goia nahasketa horrek, baina obra osoan suma daiteke. Funtsean, publikoaren eserlekuetan harridura ezerosotasunaren eta liluraren artean mugitu da, aurreko belaunaldiei dagokionez; baina, oroz gain, obra honekin poza gailendu dela esatera ausartuko ginateke, dialogo hori eman eman delako.

      Album obrak bete-betean solasten da, halaber, antzerkian azken hamarkada luzeetan eman diren mugimendu estetikoekin: obrak aldiro orainean murgiltzen du publikoa, ez da errepresentazio hutsa, aldiro “gertatzen” den obra bat baizik; “dramaturgia berrien” ildotik —dagoeneko hain berriak izan ez arren— “postdrama” deitu izan denaren ezagutza zehatz batetik egiten dute lan, ildorik narratiboenak baztertuz baina collage guztiz orekatua osatuz, diskurtso argi eta osatu baten baitan. Collage horren beste pauso baten gisan uler liteke liburu hau, obraren lekukotza hutsa baino gehiago dena: obraren corpus eszenikora iritsi diren testuak bidean geratutakoekin uztartuz osatu dute lana Formolekoek.

      Teatroak kontatzen dituen istorioak, teatroa aldiro orain eta hemen gertatzen den neurrian, ez da soilik pertsonaiena: teatroan, publiko jakin batentzat egun jakin batean eta ordu jakin batean izerdi egiteko prest dagoen talde baten istorioa kontatzen da, nola iritsi diren gorputz horiek une eta egoera horretaraino. Liburuaren amaieran obraren azpitik doan istorioa, konpainiarena, osatzen duen testu sorta bildu dute egileek.

      “Euskal antzerkia kaiola bat da”, idatzi zuten Formolekoek, pandemia betean sortutako Bidenteak gara liburu kolektiboan. Eta, gu, lerro hauetatik, topa egiteko prest gaude, esaldi hori existitzen delako.