Album
Formol Laborategia
Album
Formol Laborategia
Azaleko irudia: Dani Fano
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
174 orrialde
978-84-17051-96-9
 

 

Simoneren ondoren

 

      Nire bizitza performatzen ari naizenaren irudipena daukat. Ingurura begiratzen dut eta objektuak, gela bera, arrotzak dira; eta ez dakit zer egiten duten hemen, edo zer egiten dudan nik. Alien bat naiz.

      Zerbaitek ez du enkajatzen.

      Nina Simoneren bizitzari buruzko dokumental bat ikusi berri dut. Sabelak zilipurdi egin dit eta hankaz gora geratu da. Arima marruskatu zait. Hemeretzi urterekin onartu ez zuten musika kontserbatoriotik diploma bat jaso eta bi egunetara zendu zen Nina. Nire ingurura begiratzen dut eta nire garunak ezeren orbitan bueltak ematen dituen bitartean, dena da arrotza. Planeta honetara zertara etorri ote naizen galde egiten diot neure buruari. Esan nahi dudana da, zein da nire jomuga? Zeren, Nina Simone piano kontzertista klasiko bilakatuko zen lehen emakume beltza izateko zen jaioa. Benetan xede laudagarria.

      Eta ni?

      Onarpen txiki batek Ninari bakea ekarri zion, bere patuaren baieztapen hutsa jasotzearekin, aringarri soil bat eskuratzearekin, Ninak mundu hau lasai abandonatu zuen. Estiraz beteriko bizitza baten ostean, show businessaren fokupean bere baitako mendi errusiar emozionala zinez pairatu ondoren. Hil zen. Jakin behar zuena jakin zuelako.

      Eta neure buruari galde egiten diot ea oraindik garaiz ote nabilen zertara etorri naizen deskubritzeko, bizitza trantsitatu eta nigan lasaitasunez habitatzeko. Galde egiten diot neure buruari. Asmatu ez dudala pentsatzeak atsekabetzen nau eta barne-bizi iskanbilatsu bat irudikatzeak izua sorrarazten dit.

      Ez dakit ezer ere ez.

      Pentsatzen, sentitzen eta egiten dudana ea erreala den galde egiten diot neure buruari. Ez naiz termino dualez ari, ez naiz zuzena dena edo okerra dena egiteaz ari, baizik eta erreala denaz. Agian nigan pausatuta dagoen kutsadura hain da lodia, saiatzen banaiz ere, ezinezkoa zaidala naizenaren kontziente izatea. Badakit nor naizen, hori erraza da, ezaugarriak dira, izenak, etiketak, lanbidea, dokumentuak, harremanak eta oroitzapenak. Falta zaidana zer naizen jakitea da. Ez nor. Zer.

      Jabetzearen beldur naiz. Erantzunak egokitzeko ezgaitasuna eta dena pikutara bidaltzeko beharra nire baitan izatearen beldur naiz. Eraikitako guztia. Demagun nik eraikitako bizitza ez dela erreala, ez dela nirea, gezurra dela, ez dagoela nire izatearen benetako oinarrietan eraikia eta dena haizea hartzera bidali behar dudala, alde egin edo berriz hasi… Eta hori gertatuko balitz? Eta nire kontzientzia ez balitz hau jasateko bezain indartsua eta hau ekiditen ariko balitz, badakielako ez nukeela gaindituko edo ez nagoela prest? Ez dut sentitzen denbora agortzen ari zaidanik, baina denbora igarotzen ari da. Hori nabaritzen dut. Nabaritzen hasia naiz.

      Mundu guztia galduta dago eta orain arte uste nuen guztiok inprobisatzen ari ginela bizitzan, nahiz eta batzuek dena oso argi edukiko balute bezala jokatu, denok gabiltzala momentuan zer egin asmatu nahian. Baina, orain, pentsatzen hasia naiz alternatibo deituriko jendeak, eguneratze soziopolitikoetan eta mundua habitatzeko era disidenteetan egunean mantentzeko ahalegina egiten dutenek, funtsean, plan txiki bat zutela. Planifikazio apur bat. Ez dakit asko edo gutxi. B planak, alternatibak, aurrezkiak, heldulekuren bat, pisu bat erosiko dieten gurasoak. Edo plan bat. B planik gabea bada ere. Plan puta bat.

      Axolagabearena egiten dut, baina ederra izateak garrantzia du niretzat. Ikasi dut hori garrantzitsua dela eta nahiago nuke hala ez balitz edo axola ez balitzait. Baina badakit sakonean axola zaidala, kontrakoa antzezten badut ere, beldurra diodalako eder sentitzeari, baina baita ez sentitzeari ere.

      Flotatzen dut bizitzan ia denarekin. Moderatua naiz denarekin, ez naiz ausartzen muturrekoarekin, edo bizitza jokatzearekin; ez naiz ausartzen botatzera edo ahanztera. Flotatzen dut bizitzan ia denarekin. Badakizu benetan gaizki zaudenean eta lohian nabigatu ostean amore eman eta hondoratzeak lasaitzen zaituenean? Denboratxo batean ur-azaleratzeko indarra izango duzula, eta hondoa badagoela, eta jada ukitu duzula jakiteak lasaitzen zaituenean? Ba ez dakit non dagoen hondoa. Flotatzen dudalako. Ur-azalean nago. Zoriontsu naizelako edo bizitzako plazerek entretenituta mantentzen nautelako ur-azalean. Puto Atlantikoko ur-azalean, ortzi-mugan inolako ingeradarik gabe. Batzuetan lasai, besteetan ez hainbeste. Olatuak jaten zaituenean eta goia eta behea bereiztea ezinezkoa zaizunean bezala. Ur-azalean nago. Eta ez dago paretarik ez hondorik norabait bultzatuko nauena.

      Agian horretan datza. Agian, ni izorratzen banau ere, zerotik igerian hasi behar dut, erreferentziarik gabe. Bultzadarik gabe. Eta hori oso zaila da. Agian kontua igeri egitea da. Sin más. Edo igeriketa sinkronizatua egin eta, behintzat, ekarpen polit bat egitea ikuslerik gabeko ozeano honi. Baina behintzat, zerbait ederra egitea.

      Igeriketa sinkronizatua plan bat izan daiteke. Planazo bat.