99 pauso ganorabakoen aldamenean
99 pauso ganorabakoen aldamenean
Peru Calabaza Saban
Azaleko irudia: Juncal Altzugarai
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-76-1
Peru Calabaza Saban
1973, Iruņea
 
 

 

Beste bat: mundu bat dago hor kanpoan
inoiz kontrolatu ezin duguna

 

 

Eszena honetan ganorabako guztiek parte hartzen dute. Zapi bat daramate buruan lotu gabe, baina aurpegia estaltzen diena.

 

— Badakizu eszena honek ze izenburu duen? mundu bat dago hor kanpoan inoiz kontrolatu ezin duguna. Titulu polita, ze beti nahi dugu dena kontrolatu eta borroka horretan galtzen gara. Hobe genuke beste zerbaitetan aritu. Bizitza jolastea.

 

— Bizitza jolastea. Baai. Edeerraa. Egiguzu frogapen bat.

 

(Zerbait egiten du jolastuz. Laburra.)

 

— Ezin dut gehiago. Etsi egingo dut bihar.

 

— Gaur ez?

 

— Gaur ez. Gaur aurrera jo beharra dago gure ondorengoei mundu hobea uzteko. Euskal Herria altxatzeko, baten batek esaten duen bezala.

 

— Altxatu? Eta noraino altxatu nahi duzu ba?

 

— Asko ez. Bihar etsitzera noa, mundua une batez gelditu eta jaitsi egingo naiz, eta ez nuke jaisterakoan minik hartu nahi.

 

— Jakina. Eta nondik hasiko gara?

 

— Hauekin, noski, horretara etorri dira. Hemen dugu abangoardiako taldetxoa gure zain. Guk proposatuko diegunaren zain.

 

— Gure menpe al daude?

 

— Bai. ez. Zer da menpean egotea?

 

— Galdera potoloa. Horrelakoekin hasiz gero jai daukagu.

 

— Jaia. Hori abiapuntu hobea iruditzen al zaizu?

 

— Jakina baietz! Ze Santu ospatzen dugu gaur? Ze herri honetan Santurik ez badago ospatzeko jai daukagu.

 

— Hori duk eta! Taloak ekarri al dituk?

 

— Sagardoa?

 

— Kalimotxoa?

 

— Txistorra?

 

— Tripiak?

 

— Tripakiak?

 

— Topikoak?

 

— Tipikoak?

 

— Jai dugu!

 

— Jairik ezaren menpeko gara.

 

— Tranpa bat.

 

— Zer?

 

— Beste bat.

 

— Baina... hala ere... libro gara beti ere...

 

— 186 + 12.410 + 8 = ...12.604 egun daramatzat bizirik. Gutxi gorabehera guztiak libre pasatu ditut.

 

— Beraz... Zortzi urte bisustu, e..? Zortzi aldiz izan duk propinako egun hori eta aprobetxatu al duk?

 

— Hori. Zer egiten ibili haiz otsailaren 29 horietan?

 

— Ba, urte bisustuetan olinpiar jokoak egiten dira, ospatzeko. Baina otsailean ez, noski, udan. Beraz udan olinpiar jokoak ikusten egon naiz ia beti.

 

— Oker zaude.

 

— Seguru?

 

— Ez nago ziur.

 

— Eta otsailaren 29koak gogoratzen al dituzu?

 

— Jakina baietz! gogoratuko ez ditut ba!:

      1976an goiz-arratsaldea jolasean igaro nuen eta 13 hitz berri ikasi nituen. Bazkaltzeko espinakak eman zizkidaten. Hori ezin ahaztu.

     
1980an bizikletan erorikoa izan nuen eta belaun-ukalondoak ondotxo urratu nituen, baina ez nuen “Antibiotiko” hitza ikasi, “Atlantiko” hitza baizik. Hori bai: amak afaltzeko makarroiak prestatu zizkidan.

     
1984an sukar-eldarnioan igaro nuen egun osoa, ohean, gustura ordea, eskolara joan gabe, nire burutazioetan.

     
1988an Gizarteko azterketa izan nuen eskolan eta urduri eman nuen eguna, errepasatzen. Gero 9 bat atera nuen, baina momentuan...

     
1992an Goizean erdipurdi, baina gero Maiderrekin musuka pasatu nuen arratsalde-gau ederra. Opari, piropo, paripe, pipolino, palomino, emari, safari, musukari, jostalari, nuvolari... pozik!

     
1996an Aitorren laguna nintzen. Aitorren urtebetetzea otsailaren 29an da. Bost urte bete zituen egunean mozkor itzela harrapatu genuen. Itzela. Martxoaren lehena oso-osorik eman nuen ura edan eta edan eta buruko minari aurre egiteko metodo guztiak probatuz.

     
2000n egun arrunta izan nuen, edozeinek edozein egunetan bezalakoa (hau gure barne-arauen kontra doa zuzenean, badakit, baina adin kontuagatik, you know).

     
Eta 2004an lilura sentitzeko gaitasunari buruz ikuskizuna entseatzen eman nuen egun osoa, entsegu-lokal beltz batean beste bost pertsonarekin bizikidetzan, alegia.

 

— Eta 2008an?

 

— 2008koa ez dut gogoratzen. Ganoragabetua nengoen ordurako... Negua zela kontuan hartuta, ziur lotan eman nuela osoa. Gero desagertu egin nintzen. Baina gaurkoa ere egun berezi horietakoa da... Gizateriaren historia osoan lehendabiziko aldiz da... (gaurko data).

 

— Hara! Egia handia da hori.

 

— Egia maiuskuloa. Maiestatikoa. Sandia-egia. Edo kalabaza-egia. Ospatu beharrekoa dudarik gabe. Ikusi nahi al duzu lilura sentitzeko gaitasunari buruz obraren bideoa?

 

— Ba, utzi; ez dut behar. Lilura-marmitan erori nintzen txikitan eta pozoi-gozo horiek asaldatu besterik ez naute egiten.

 

— Bueno, hobe, ez baitugu bideorik ekarri...

 

— Ez al duzu zeozer miragarririk egin behar? Animatzeko...

 

— Lehen esan dugun agintearen gaiari buruzko poematxo bat ekarri dut. Irakurriko al dizuet?

 

— Ez. Hobe ez. Poesia modaz at dago berriro. Ildotik at hago, Itoizekoak bezala.

 

— Baina ez da poema normala, e... hau ez da munduko beste poema guztiak bezalakoa, guztiz bestelakoa baizik. Neronek idatzia da...

 

— Neron! Benetan zaharra orduan. Ezagutzen al duzu Neronen historia?

 

— Zeraren zera egin zuena? Baina beste historia bat da hori, eta beste batean kontatuko dugu agian...

 

— Bai, beste batean hobe...

 

— Agian bai...

 

(Badoaz.)