99 pauso ganorabakoen aldamenean
99 pauso ganorabakoen aldamenean
Peru Calabaza Saban
Azaleko irudia: Juncal Altzugarai
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-76-1
Peru Calabaza Saban
1973, Iruņea
 
 

 

Ganorabako baten bakarrizketa

 

 

Egia esan egia handien inguruan eraikitzen da gure mundua.

Baina hori gezurra da.

Egia esan gure mundua ez da telebistako irudietan agertzen den mundu bera.

Baina hori gezurra da.

Egia esan mundua ez da mundua bera, esaldia esaten bukatu dugunerako bestelakoa baita.

Baina hori gezurra da.

Egia esan gauzak beste era batera ikusten ikastea bizitza oso baterako lana da.

Baina hori gezurra da.

Egia esan lan bezala ikusten ditudanean gauza guztiak izorratzen zaizkit.

Baina hori gezurra da.

Egia esan izorratzen nauena neure buruari jartzen dizkiodan itxaropenak zeintzuk diren ez jakitea da.

Baina hori gezurra da.

Egia esan ezjakintasunarena oso sentimendu hedatua da gaur egun.

Baina hori gezurra da.

Egia esan gaur egun errealitatea pornografiaren parekoa da: desioa-salmenta-isurketa-desioa ziklo maskulino hori.

Baina hori gezurra da.

Egia esan ziklo maskulino hori mundua ulertzeko nahiko modu hegemonikoa bihurtu da.

Baina hori gezurra da.

Egia esan hegemonien eta homogenien arabera ondo uler daiteke gizarte modernoa. Heterogeneo izateko daude artistak, eta geroz eta babesgabeagoa zaie eremu desokupatu hori.

Baina hori gezurra da ere.

Bai. Baina egia esan behar badizut ez dizut esango zer egin behar duzun.

Eta hori ere gezurra da... Eta abar...