Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
99PGA eta bat gehiago, Jon Gerediaga
Behin eta berriro jaiotzekoak gara
99 pauso ganorabakoen aldamenean
Hondartzan ametsetik antzerkira
Ikastolako lagunak topatzeko estrategia bat
Ganorabakoen egunerokoak & eldarnioak
Telefono zenbaki bat eman didate. Non apuntatu dut?
Beste bat: mundu bat dago hor kanpoan inoiz kontrolatu ezin duguna
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
99PGA eta bat gehiago, Jon Gerediaga
Behin eta berriro jaiotzekoak gara
99 pauso ganorabakoen aldamenean
Hondartzan ametsetik antzerkira
Ikastolako lagunak topatzeko estrategia bat
Ganorabakoen egunerokoak & eldarnioak
Telefono zenbaki bat eman didate. Non apuntatu dut?
Beste bat: mundu bat dago hor kanpoan inoiz kontrolatu ezin duguna
Zurekin egin dut amets bart
ganorabako bakoitzak publikoko norbait aukeratu, aurrez aurre paratu eta begietara begiratuz hurbilean mintzatuko zaio.
— Zurekin egin dut amets bart. Eta orain hementxe bertan zaude nire aurrean. Ametsean honako hau gertatzen ari da, ametsetan beti dena orainaldian igarotzen baita. Unean uneka. Eta ametsetan bezala kontatuko dizut.
Orain zu gazteagoa zara, noski, azkenekoz elkar ikusi genueneko adina daukazu hemen, neure ametsean. Zuk 14 urte dituzu une honetan eta nik ere bai, eta energia horrekin sentitzen zaitut. Azal leuna duzu eta begirada garbia. Artilezko leotardo koloretsuekin eta kamiseta urdinarekin. Ilea garbitu berria duzu, gimnasiako klase ostean baikaude. Beste klaserik ez dugu gaur eta libre gara. Eskutik heldu nauzu eta hitz samurrak belarrira esan. Laztan jolasa dugu amets honetan, hamalau urteko laztan jolas trakets samarra, orain ere jendearen aurrean lotsatu samar gaude...
(ganorabakoa maleta baten barruan sartzen da.)
— Zurekin egin dut amets bart. Eta orain hementxe bertan zaude nire aurrean. Ametsean hau gertatzen ari da, ametsetan beti dena orainaldian igarotzen baita. Unean uneka. Eta ametsetan bezala kontatuko dizut.
Atzo kalean gurutzatu ginen. Ez dakit zuk nigan erreparatu ote zenuen. Ohartu ote zinen. Baina ni bai. Eta gero gauean nire ametsetik igaro zara eta zuk, orain, une honetan, atzoko adina duzu, ez oraingoa baizik eta atzokoa, eta nire amets aurrean gara, hirugarren aldia da elkartzen garena... kanikatan jolastuko dugu? (Peluka bat janzten du) Ez al dituzu kanikak ekarri?
— Zurekin egin dut amets bart. Eta orain hementxe bertan zaude nire aurrean. Ametsean honako hau gertatzen ari da, ametsetan beti dena orainaldian igarotzen baita. Unean uneka. Eta ametsetan bezala kontatuko dizut.
Nire idoloa izan zara beti eta zure argazkiak dauzkat logelako paretetan paratuta. Zure groupie bat izan naiz eta hainbat eta hainbat kontzertutan ikusi eta entzun zaitut. Baita telebistan atera zinenean ere. Eta nolabait beste aldean kokatzen zintudan beti, goian, argiaren argitan, errepresentazioaren munduan... Baina orain, amets honetan, pertsona normal-normala zarela ari naiz konturatzen, pertsona arrunta zarela guztiz, eta hasieran hemen zure aurrez aurre egonagatik sentitzen nuen zirrara hori, belaun-ahulezia, dardara, izerdi tantatxoak tak-tak, hori dena ja pasa egin zait eta ondo sentitzen naiz. Gustura nago zurekin.
(ganorabakoa lo geratzen da ikuslearen belaunen gainean.)