Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
99PGA eta bat gehiago, Jon Gerediaga
Behin eta berriro jaiotzekoak gara
99 pauso ganorabakoen aldamenean
Hondartzan ametsetik antzerkira
Ikastolako lagunak topatzeko estrategia bat
Telefono zenbaki bat eman didate. Non apuntatu dut?
Beste bat: mundu bat dago hor kanpoan inoiz kontrolatu ezin duguna
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
99PGA eta bat gehiago, Jon Gerediaga
Behin eta berriro jaiotzekoak gara
99 pauso ganorabakoen aldamenean
Hondartzan ametsetik antzerkira
Ikastolako lagunak topatzeko estrategia bat
Telefono zenbaki bat eman didate. Non apuntatu dut?
Beste bat: mundu bat dago hor kanpoan inoiz kontrolatu ezin duguna
Ganorabakoen egunerokoak & eldarnioak
lehen ganorabakoaren egunerokoa:
Bizitzaren Fundamentuak:
Aitona-amonen belaunaldikoak: Familia, Jainkoa, ondasunak, Lege Zaharra.
Gure belaunaldikoak: lana, bikotea, etxea, lagun kuadrilla. Familia.
Niri ze axola dit honek? Nire fundamentuak ez dira horrelakoak:
Ardurez jositako pisu-bolarik ez dut nahi nire bizkarrean.
Motxila eramatekotan, zer sartu bertan.
motxilan sartzeko moduko gauzak:
1. Linterna, jertsea, txokolatinak, ura, gazta, ogia, zahatoa, kaskoa.
2. Koloretako lapitzak, karpeta gogor bat paper zuriekin, marrubiak, melokotoi zukua, tripi bat.
3. Argazki kamera bat, tripode bat, hiru peluka, zazpi traje estilo desberdinekoak, mendiko botak, perretxikoak biltzeko otzara.
4. Liburu potolo bat, tabakoa, aulki tolesgarria, bokata bat, ura, errebolber bat, uniforme bat.
5. Altxor kutxa bat, pala ttiki bat, bi mapa, txanpon bat.
6. Fundamenturik ez dut. Taupadak dauzkat.
bigarren ganorabakoaren egunerokoa:
Jubilatuen bizimodua daramadala pentsatzen du jende askok
eta bakarren batzuk esatera ere ausartzen zaizkit, nire adinarekin bestelako gauzak egin beharko nituzkeela uste baitute.
Baina nire buruari esaten diot jubilatuen bizimoduak errespetu osoa merezi duela, ze bizitza osoan egin nahi izan dutena deskubritzen ari baitira
eta beren desioak asetzen
baldin eta geratzen bazaizkie.
Aurretik kabroi bat bezala lanean alferrik galdutako urte horietan guztietan egin ez dutena egiten ahalegintzen dira eta, sarri, beranduegi heltzen dira estazio horretara, euren trena aspaldi joan baitzen.
hirugarren ganorabakoaren egunerokoa:
Ezohiko eta aparteko gertakizunak maite ditut eta ene herrian egun guztiak dira igualak. Eguraldia bakarrik aldatzen dela esango nuke. Adinarekin herritarren txundimen gaitasunak ospa egin eta beste errealitate batera pasatzen dira. Soilik batzuetan, garai batean izan zirena gogoratuz agian, malenkonia sakona sartzen zaie azalean barrena. Izan zitezkeenaren saudade umel hori, itsasora begira, adibidez. Horregatik Athleticen partida autoko irratian ozen itsasorantz begira aparkatuta dauden auto horietan. Igandea pasatzeko moduak, saudadea distraitzeko moduak.
bigarren ganorabakoaren egunerokoa:
Gizon edadetu batek senideen bisita hartzen du ospitaleko gela batean. Saiatzen da haiekin egoten, haiei plazera emateko, baina egia esan telesaila ikusten ari zen telebistan, oso gustura, familia baten istorioak kontatzen dituen telesaila, egunero ikusten duena. Pertsonaia guztien trikimailu guztiak segitzen ditu gertu-gertutik, pena handia emango lioke gaurko kapitulua galtzeak, kostatu egiten zaio senide ezeroso horiekin lasai egotea. Guztia batera egiten saiatzen da, lehen oso ondo egiten zuen, elkarrizketa eta telebista, biak batera, baina buruak jada ez dio ematen. Beste ordu batean etortzea ere bazuten, baina justu orain etorri behar. Bai, berak nahiago luke telesaila lasai eta bakarrik ikusi. Hau guzti hau senideei azaltzen die. Ulertzekoa da. Badoaz lasai.
lehen ganorabakoaren egunerokoa:
Egun berri bat hasi da eta nik aurrera jarraitzen dut nirean. Eta berak ere aurrera bere loan, loaren eskuetan baitago, eta ni jakin-minarenean. Eta ez daukat burutazio berezirik, eta ez daukat une honetarako musika aproposik, ez baita egundaino halako musikarik konposatu, eta munduaren funtzionamendua aditzen dut soilik, eta ni nirean, norabide jakinik gabe, zerbait berria aurkituko dudalakoan, nire itzal-aldean edo egunerokoan funtzionarazten nauten mekanismoen artean murgilduta, erdibide gozo batean.
Bizirik sentitzeko estrategiaren bat ote den galdetzen diot nire buruari, baina hori tranpa bat da, erori baino lehen aurreikusten dudan tranpa bat, ez baitut argudiorik behar nirean bizitzeko. Errutinak maite ditut, baina baita sukarrak eskaintzen duen eldarnioa ere, eldarnio gozoa baita beste guztien martxa kanpotik behatu eta norbera geldirik dagoela sumatzea.
Egongo ez banintz bezala sentitu nahi dut kanpokoekin. Gaur ez dut ezer erosiko egun osoan eta horrek desagertze bidean kokatuko nau kontsumoaren gizarte honetan.
hirugarren ganorabakoaren eldarnioa:
Zigarro bat erreko dut azkenengo zigarroa balitz bezala. beti bezala. Erretzeak hil zaitzake. Ala biziberritu. Beharbada ez da izango gaur erreko dudan azkenengo zigarroa baina hori ez dut jakingo hurrengo zigarroa erre arte. Edozer gerta liteke. Heriotza posible denean biziki gozatzen ditugu gauzak. Horrela hezi gara ezinbestean. Bestela, bata bestearen ondoren egiten ditugu gauza guztiak, halabeharrez bezala. Zigarroa ezpainetan jarri eta “Emango didazu argia, mesedez?”.
lehen ganorabakoaren eldarnioa:
Elizan mundu guztiak aldamenekoari bostekoa ematen dion momentu hori gustatu zait beti. Ateoa sentitu arren kristaua naiz ezinbestean, beste horrenbeste gauza naizen bezala: emea, zuria, euskalduna, iletsua... Ondorio kaltegarri asko dauzka horrek, baina baita une ederrak ere. Eskua ematearena gustatzen zait, batez ere ezezagunekin gertatzen zaizunean. Paktu bat dago horren atzean. Normalean ez dira halako gauzak egiten. Ibili hiriko kaleetatik jendeari bostekoa ematen eta hitz atseginak eskaintzen... Zer esango du jendeak? Tipo hau Hare Krishna izango da, edo mormoia, edo auskalo ze sektatakoa. Intentzio onik ez du izango, seguru. Atzean pakturik ez dagoelako.
Ama lurra maite badut,
...une honetan ama lurra estuki besarkatzeko gogoa etortzen bazait, zergatik ez dut ba egingo! Zoriontsu banaiz eta hori besarkada batez adierazi nahi badut (Biluzten ari da) zergatik ez dut egingo? (Lurrean ahuspez etzanda dago) Izaki bizidun eta bizigabe guztiak, pertsonak barne, maitatzen ditudalako egiten dut hau,
maitasun itzela sentitzen baitut,
noren aurrean justifikatu beharko nuke nire burua?
Armairutik ateratzea?
Ze armairutatik atera behar dugu?
Egurrezkoa da? Burdinazkoa? Buztinez egindakoa?
Eta zein eskuk haztatutako buztina da hau? Zein eskuk eraiki dituzte gure buztinezko armairuaren paretak? Eta nola demontre irekitzen da buztinezko atea? Buztinezko giltza batekin akaso? Zer dago kanpoan? Zer dago mirillaren beste aldean?
bigarren ganorabakoaren eldarnioa:
Etorkin bat naiz orain. Europar Planet honetara heldu berri den estralurtar moduko bat. Ez dut kaletarren hizkuntza berbera menperatzen eta ez dut inor ezagutzen heldu berri naizen lur puska honetan. Hiru egun luze eman ditut honaino heltzeko eta heriorekin aurrez aurre ikusi dut neure burua bidaiaren minutu guztietan. Harrapatu banindute ziega ilun batean hilko zatekeen naizen hau, eta istripuren bat gertatuz gero errepide ala ozeano bazter batean agertuko ziratekeen nire haragi-hezurrak. Baina salbu naiz. Honaino iritsi naiz eta pozarren nago. Ekipajerik ez dakart batere eta ez nau kezkatzen. Hobe arin ibiltzea. Sos bakar batzuk dauzkat eta listo. Lagun berriak egiteko irrikatan nago. Emadazu eskua, nire laguna izan nahi al duzu?
lehen ganorabakoaren eldarnioa:
Ez gara puntu horretan bizi. Ez gaude hor. Azalaren kodeak leku sekretuetan oparitzen dira soilik, ezin duzu ezezagunak besarkatzen ibili. Espero dezakezuna baino haratago doa kastrazioa. Tentazioa bai, nonahi dago. Baina kontakturik gabe. Okelaren plazerak begiradaren bitartez asetzen dira. Zer darabilzue azalean? Ze grasa, ze tentsio, ze pozoi da hori?
Poliki dator eguna. Politki.
bigarren ganorabakoaren eldarnioa:
Estrainioak gara. Plastilina puska batez ezagutzen ditudan pertsonei forma ematen saiatzen naiz. Lagun batengan pentsatzen hasi eta haren oroimenak bueltaka ditudala atzamarrak bere kasa ari dira moldeatzen. Asko kontzentratzen naiz pertsona horrengan. Behin-behineko oroimenak lehenik, zaharragoak pixkanaka, haren haurtzarora heltzen naiz eta gero une honetan bertan irudikatzen dut pertsona hori, non egongo den, zertan arituko den: lo, lanean, jaten, norbaitekin solasean... Halako batean heltzen da une bat non pertsona horren esentzia ulertu dudan. Orduan nire eskuen mugimenduen kontrola berreskuratu eta plastilinatik aldentzen ditut. Plastilina zati horretan lagun horren esentzia bildu dut. Beste lagun eta senideekin ere egiten dut prozesu bera, banan-banan, plastilina zati desberdinetan. Egunak ematen ditut lan horretan. Elikatzea ere ahaztu egiten zait. Guztiak dauzkat orain mahai gainean. Plastilinazko 56 forma. Lagun eta senideak. Ez nago bakarrik jada.