99 pauso ganorabakoen aldamenean
99 pauso ganorabakoen aldamenean
Peru Calabaza Saban
Azaleko irudia: Juncal Altzugarai
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-76-1
Peru Calabaza Saban
1973, Iruņea
 
 

 

Mirillarena

 

 

Hiltzailea aldameneko atean bizi da

ez dakit zer edo nor hil duen baina badakit bera dela

eta aldameneko atean bizi dela

maite dudala ere badakit

beti atsegin izan ditut femme fataleak pelikuletan

eta pelikula hau ondo-ondoan daukat

errealitateak fikzioa hobetzen duela ondo dakit

bi ate daude errealitate honetan

bi ate hiltzailea eta nire artean

ateetako bat irekitzen duen giltza hiltzaileak dauka

bestea nik

bi ateak aurrez aurre daude eta behatxulo edo mirilla bana dute

nik hiltzailea zelatatzen dut mirillatik maite dudalako

berak ni zelatatzen nau hiltzaile delako

ez dakit egunen batean osoki maitatu ahal izango dudan

edo berak osoki hilko nauen

oraingoz pixkanaka maitatzen gara

pixkanaka hiltzen gara

mirillatik

nire atea zabaltzen dudanean ez du hiltzaileak berea inoiz zabaltzen baina bere hiltzaile izpia botatzen dit mirillatik ondo aski nabaritzen dut nik hori

atarian zarata aditzen dudanean mirillatik maitasun izpia botatzen diot eta berak jakin badakien arren ez dakienarena egiten du nik bezalaxe

bakoitzak bere bizitza dauka eta bere atea

beti daukagu mirilla bat tartean

beti daukagu hari bat lotzen gaituena

baina haria bera onartezina da lotsagabea

mirilla zelataria salataria sekretuz jantzia

paretan ate bat atean zulotxo bat alde batean bera bestean ni

elkar ezagutzen dugu baina ezin dugu onartu

ezin diot poliziari ez inori aitortu hiltzailea dela

maite dudalako

ezin diot maite dudala aitortu ezagutzen ez dudalako

ezin dut ezagutu hiltzailea delako

ez dakit zergatik zelatatzen nauen berak

akaso hiltzailea delako

akaso maite dudala badakielako

akaso berak maite nauelako eta

beraz

hiltzailea ni naizela uste duelako

pelikula honetan.