Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
99PGA eta bat gehiago, Jon Gerediaga
Behin eta berriro jaiotzekoak gara
99 pauso ganorabakoen aldamenean
Hondartzan ametsetik antzerkira
Ikastolako lagunak topatzeko estrategia bat
Ganorabakoen egunerokoak & eldarnioak
Telefono zenbaki bat eman didate. Non apuntatu dut?
Beste bat: mundu bat dago hor kanpoan inoiz kontrolatu ezin duguna
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
99PGA eta bat gehiago, Jon Gerediaga
Behin eta berriro jaiotzekoak gara
99 pauso ganorabakoen aldamenean
Hondartzan ametsetik antzerkira
Ikastolako lagunak topatzeko estrategia bat
Ganorabakoen egunerokoak & eldarnioak
Telefono zenbaki bat eman didate. Non apuntatu dut?
Beste bat: mundu bat dago hor kanpoan inoiz kontrolatu ezin duguna
Bukaera bat
Maleta handi bat dago.
Ondoan emakume bat maletari helduta.
Tentsioan.
Geldi-geldi.
Orain ez dago tentsiorik.
Maleta barruan gizon bat.
Esku bat ateratzen du kremaileratik.
Emakumeak irribarre egiten du.
Gizonak burua ateratzen du.
Emakumeak berehala mikrofono bat jartzen dio hitz egiteko.
Gizonak hitz egiten du.
Gizonak begi biziz mikrofonotik esaten du:
— Egin al duzue inoiz dantzan gorputzeko muskulu guztiak erabiliz?
Maletatik ateratzen da gizona.
Biluzik.
Biek elkarrekin dantzatzen dute, xamurtasunez baina gorputzeko muskulu guztiak erabiliz dantzatzeko kontsignaz.
Nekatu egiten dira, oso nekagarria delako intentsitate horrekin dantzatzea.
Gizona berriz sartzen da maletan, mikroarekin.
Emakumeak maleta ixten du.
Gizona mikrotik mintzatzen da, maleta barrutik:
— Arrain bat jan al duzu bizirik inoiz? Saio jarraiko zineman nago, ez dugu elkar asko ezagutzen, bistaz baino pittin bat gehiago bakarrik. Ausardiaz gonbidatu zaitut zinera baina zereginak zenituela... Laztan minez ni, zinerantz ni, bakarrik ni, dudatsu. Berandutu egin zait pixka bat. Berdin da, bukaeran ikusiko dut filmaren hasiera. Zinean hamabi bat lagun, gehienak filma hiruzpalau aldiz ikustera etorriak, lehen ordutik han, erdi lotan edo. Giro beteranoa, biziosoa, zoruak eta paretek osatzen dituzten izkinetan olio beltza pilatzen dutenetakoa. Saio jarraiko zineman.
Zapaburu laranja gorrixka hankatxo hasi berriekin, lau hankatxo, zapaburu arrain moduko hauek akuario ttiki batean daude, paper japoniarrez papereztaturiko gelatxo baten erdian, zinearen alboetako batean, platea batean, gortina granate baten atzean. Pelikula japoniarra saio jarraian proiektatzen den artean aukera dago arrain horiek jateko, filmaren irudietan egiten duten bezala. Ikusi dut bik egin dutela platearako bidea. Ni ere altxatu, gortina atzera joan, salabardo ttiki batekin zapaburu laranja gorrixka horietakoa harrapatu eta jan dut bat, bizirik, arrain handiek egiten duten bezala, haiek beti bizirik jaten dute. Nire eserlekura itzuli naiz arraina oraindik ahoan mugimenduak egiten ari, eta nire eserleku ondoan eserita zaude zu. Begiratu xamur horrekin jantzia. Perbertitua jada.
Emakumeak maleta pittin bat ireki eta gizonak burua ateratzen du.
Elkarri begira geratzen dira, goxo.
Emakumeak jaten ematen dio leunki.
Mimatu egiten du.
Harreman doi-doia dute.
Emakumeak maleta itxi eta ospa egiten du.
Maleta itxia geratzen da gizonez betea.
Beste bat heltzen da.
Maletara begiratu eta hura hartu baino lehen mintzatzen hasten zaio:
— Hara!
Argal-argala zaude!
Ilea... edonola daramazu!
Ez diguzu inoiz deitzen!
Bilatu al duzu lanen bat?
Kolore guti hartu duzu ba azalean!
Jaten al duzu?
Zaintzen al duzu zure bizimodua?
Joaten zara inoiz elizara?
Ze printzipio dauzkazu zuk?
Zertaz bizi zara?
Zertaz biziko zara etorkizunean?
Ez al duzu etxe bat inoiz erosteko asmorik?
Kontuz ibiltzen al zara errepidean?
Behar al duzu zerbait?
Lotsagabea!
Inpresentablea benetan!
Maleta itxia hartu eta badoa.