99 pauso ganorabakoen aldamenean
99 pauso ganorabakoen aldamenean
Peru Calabaza Saban
Azaleko irudia: Juncal Altzugarai
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-76-1
Peru Calabaza Saban
1973, Iruņea
 
 

 

Behin eta berriro jaiotzekoak gara

 

Peru Calabaza Saban

 

      Duela hamabost urte Peru C. Saban nintzen eta antzerkia idazten nuen. Orain ere egiten dut, baina urte haietan hori bakarrik egiten nuen, alegia bizimodu osoa hortik ateratzen saiatzen nintzela. Batzuetan antzerki talde baten sortze prozesuaren barruan idazten nuen eta, beste batzuetan, etxeko bakardadean.

      2006-2007 urte bitartean idatzitako testuak biltzen ditu 99 pauso ganorabakoen aldamenean honek. Urtebetez idazten aritu eta gero hogeita bost kopia inprimatu eta inguruko antzerkigile euskaldun guztiei ale bana oparitu nien.

      Talde giroan sortu izanaren eraginez, ziurrenik, nire idazteko erak —kontzeptu baten inguruan molde ezberdineko testuak sortzea— hamaika muntaia ezberdin egiteko aukera ematen du, zuzendari eta aktoreei askatasun eta berrinterpretaziorako eremu zabala utziz.

      Zenbait sortzailek testu sorta hau hartu eta horietako batzuk aukeratuz bakoitzak berea muntatzen irudikatzen nuen garai hartan. Ama beretik oso alaba ezberdinak etor zitezkeen, 99PGA familia kosmopolita osatuz. Muntaia ezberdin horiek elkartu eta Ganorabako Festibal bat egitea polita izango zela pentsatzen nuen. Baina ez zen ezer mugitu.

      Antzerki testugintza lehiaketara batzuetara ere aurkeztu nituen testuok, zatika (35 pauso... 64 pauso...) eta norabide zehatzagoren bat emanez testu bilkura bakoitzari, baina saririk ere ez zen heldu.

      2010ean ni neu saiatu nintzen 99PGAren taularatzea ekoizten eta zuzentzen, Leire Olaran eta Juanjo Otero aktoreak eta lantalde zabal bat lagun nituela. Baina, askotan gertatzen den bezala, antzerki ekoizle berrientzat ate guztiak itxita topatu nituen eta kemena galdu nuen bidean.

      Orain dela hamalau urte nire alaba jaio zen eta urte batzuetan pentsatu nuen bazitekeela inoiz gehiago ez idaztea. Alaba bat edukitzea izan daiteke gauza axalekoa aita batzuentzat, bere zeregin profesionalekin zerikusirik ez duena, baina nire kasuan berak esaten zidan non nengoen, bere inozentzia mundu xamur horretara hurbiltzerakoan. Hor egon nahi nuen.

      Beste norbait bilakatzen ari nintzela sentitzen nuen, metamorfosi batean nengoela. Eta hortik ez neukan une hartan ezer esatekorik, ez nuen behar. Zertarako idatzi? Tarte batez utzi egin nion eta beste kontu batzuetan murgildu nintzen.

      Orain arte pentsatu gabe nengoen, 99PGA hau izan zela antzerki profesional asmoz idatzi nuen azkeneko testua. Eta frakaso baten historia izan zitekeen. Baina ez da. Berpiztu egin da Ganbilari esker.

      Beste leku batean nago ni orain. Beste bat naiz. Idazten jarraitzen dut, etena laburra izan zen azkenean. Calabaza armairutik atera dut. Eta beste leku batean daude testu hauek ere. Paperean orain. Eta paperak badauka betierekotasun bat. Auskalo noren eskuetara ailegatuko diren, begiradak eta (hala bedi!) eszenatokiak argitzera. Bide luzea izan dezatela!

      Ganorabakoen aldamenean jarraitzen dut, noski. Garai serio hauetan ganorabakoak beti izango gara erresistentzia.